ATZEKOZ AURRERA. Eider Eibar. Marrazkilaria

«Lotsarik eta beldurrik gabe marraztu behar da»

'Ez dakit marrazten' da Eibarren azken liburuaren izenburua. Haurrek etengabe errepikatzen omen diote esaldi hori marrazketa tailerretan, eta ezezko horri aurre egiteko sortu du liburua.

BERRIA.
jone arruabarrena
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Liburuek kontatzen zituzten istorioei askotan jarri die kolorea Eider Eibarrek (Bilbo, 1980) marrazkien bidez. Oraingoan, ordea, berak ondu du liburu osoa: Ez dakit marrazten izenburupean aurkeztu du ilustratzaileak.

Zergatik Ez dakit marrazten?

Izenburu hori jarri nion haurrekin izaten ditudan marrazketa saioetan hori delako nik entzuten dudana. Beti dago haurren bat hori esanez etortzen dena. Sartzen denean abisatzen du: «Ez dakit marrazten».

Zer helburu du liburuak?

Alde batetik, material bat eduki nahi nuen haurrei egoera hori azaldu nahi nienean, euskarri bezala erabiltzeko; eta bestetik, irakurleak irakurtzen duenean protagonistarekin identifikatuta sentitzen bada, konturatzeko jarrera aldaketa bat dela behar duguna marrazten hasteko.

Zer dago esaldi horren atzean?

Ez dut saiatu nahi ere da hor dagoena. Eta hori da aldatu behar dena. Ez esatea ez dakidala marrazten, baizik eta ez dudala marraztu nahi, edo ez dakidala buruan daukadana islatzen. Hala bada, konforme. Baina, ez dakit marrazten? Marrazten denok dakigu. Txikitan egiten dugun lehenengo gauzetako bat margoak hartu eta marraztea izaten da, beraz, hobeto edo okerrago, baina esperientzia denok daukagu. Gero geure burua mugatzen badugu edo uzteari egiten badiogu, beste gauza bat da.

Beraz, zuk inoiz ez duzu esaldi horierabili?

Ez dut uste. Nik horrekin ez dut mugarik eduki, eta gainera, marraztu izan dudanean ere beti ingurukoen babesa eduki dut, eta eroso sentitu izan naiz. Seguru asko, beste gauza batzuetan esan izan dut, beldurragatik, lotsagatik edo ez nuelako egin nahi. Hala ere, pentsatu izan dut, agian, ez dakidala gauza konkretu bat marrazten, eta orduan dokumentatu behar izan naiz, eredu bat lortu... Baina «ez dakit marrazten», horrela orokorrean, ez. Nik badakit marrazten.

Zuk argi daukazu, baina ohikoa izaten al da artisten artean «ez dakit marrazten» horrek islatzen duen segurtasun falta?

Normalean, ilustraziogintzan ibiltzen garenok oso lan ezberdinak edukitzen ditugu. Jasotzen dugun proposamen bakoitza besteengandik desberdina da. Orduan, izan liteke planteatzen dizuten horri aurre egiteko beldur pixka bat sentitzea. Baina marrazkilari batek bere lanak erakutsi eta ezagutzera ematen baditu, esan nahi du segurtasun falta asko gaindituta dauzkala.

Zenbat dauka jarreratik eta zenbat talentutik marrazteak?

Marrazteak asko dauka jarreratik. Ez badaukazu marrazteko positiboa den jarrera bat, ez badaukazu arkatz bat eskuan, ez zara marrazten hasiko. Buruan asko marraztu dezakezu, baina paperean edo edozein euskarritan, gutxi. Orduan marrazteak asko dauka jarreratik, hasi behar zarelako, eta, gainera, lotsa eta beldurrik gabe. Telefonoz berbetan gauden bitartean paper batean egiten ditugun zirriborroak bezala. Gero marrazketa horren kalitatea edo lortu nahi den helburura iristen den edo ez beste kontu bat da.

Umeei marrazketa tailerrak ematen dizkiezu. Zertan laguntzen die marrazteak?

Sentitzen dutena adierazteko balio die, baita besteekin komunikatzeko ere. Marrazki bat egiten dute, baina gero albokoak ikusi egiten du. Beraz, askotan ikusten duzu hitzez ez dutela ezer esaten, baina marrazki bidez komunikatzen dira. Ondo pasatzeko ere balio izaten dute.

Marrazkia komunikatzeko tresna bezala aurkeztu nahi izan duzu liburuan ere. Jendea ez dago ohituta soilik marrazkiekin irakurtzera?

Askotan marrazkiak lotzen ditugu. Baina hori ere aldatzen dabil: guraso askok haurrekin ikusten dituzte pelikulak, eta gero beraiek maitemintzen dira animazioaz. Marrazkiak guk uste baino gehiago kontsumitzen ditugula uste dut. Marrazkiaren erabilera, komunikazio bide moduan, kalean ere asko ikusten da. Supermerkatura goazenean, barazkien marrazkiak ikusten ditugu, alboan prezioa dutela, adibidez. Marrazketa gure egunerokotasunean dago, eta ez gara konturatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.