ATZEKOZ AURRERA. Jon Muniategiandikoetxea. Arkitektoa

«Arkitekturak asko aldatzen ditu bizitzeko moduak»

Donostiako Itsas Etxea eraikina berritu egin dute, eta Europako sari batzuetarako izendapena jaso du. Kontserbadorearen eta eraldatzailearen arteko oreka bilatu nahi izan dute sortzaileek.

GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
1943. urtean eraiki zuten Donostiako portuan Itsas Etxea. Arrantzaleek materiala gordetzeko eta arraina saltzeko erabiltzen zuten. 1988. urtean berriztu zuten, Luis Tolosa arkitektoak. Orain, Vaumm arkitektura estudioak berritu du estalpea, ondo berritu ere: Europako Batasuneko arkitektura garaikidea saritzen duen Mies van Rohe sarietarako hautatua izan da, Euskal Herriko beste proiektu batzuekin batera: Iruñeko Salestarren Ikastetxea eta Nafarroako Psikiatria Zentroa. Donostiako eraikina berritzeko proiektuaren sortzaileetako bat da Jon Muniategiandikoetxea (Bergara, Gipuzkoa, 1970).

Nondik sortu zen proiektua gauzatzeko ideia?

Normalean, proiektua egin behar den tokian gai konplexu asko egoten dira, eta arkitekturaren eginbeharra da horiei guztiei konponbide bat ematea. Oraingoan, eraikin zahar bat geneukan, 1988. urtean azken aldiz eraberritu zena. Portuak jada arrantzale izaera hori galdu zuen, baina eraikinak bertan jarraitzen zuen. Tokia ere garrantzitsua zen, eta portuko arduradunak eskatzen zuena ere kontuan hartu beharra zegoen.

Nondik jo zenuten?

Inguruneari begiratzean atera zen lehenengo ideia: gauza soil bat, ahalik eta toki gutxien hartuko duena.

Hasierakoa ere ez zen eraikin konplexua.

1943. urtean Luis Tolosak egin zuen eraikina oso sinplea eta logistikoa zen. Funtsean, mahai itxura hartzen zuen: plataforma bat eta hori eusteko zutabe batzuk. Azpian egurrezko kaxak sartzen ziren, eta gainaldea sareak konpondu eta sikatzen uzteko erabiltzen zen. Arrainaren salmenta ere bertan egiten zen, azpialdeko zabalgune batean.

Ondare hori berreskuratzeko eraikin baten moduan birgaitu nahi izan duzue?

Gure helburua ez zen kontserbazionista izatea, ezta apurtzailea izatea ere. Logika eraikitzaile bat erabili genuen, eta, horren arabera, erabaki genuen eraikin tradizionalaren funtzio berbera izan behar zuela: estalpe bat izan. Badago ondarea ez desitxuratzeko asmo bat, baina baita ondareari beste modu batean begiratzeko nahi bat ere. Garai bateko irudiak ekar ditzake gogora, baina egungo beharretara egokituta.

Zer material erabili dira?

Elementu soil hori egitea erabaki genuenean, materiala ondo aukeratzea garrantzitsua zen. Inguruneari begiratu genion, eta portuko etxeak ikusi genituen, zeramikarekin amaitutakoak. Beraz, horixe aukeratu genuen.

Koloreak ere garrantzia izan du?

Kolorea elementu aldakor bat izatea nahi genuen. Eguraldiarekin, kolorea ispilu bat bihurtzen da normalean, eta materialak horretan ere laguntzen zigun. Zuriaren sei gama ezberdin erabiltzea erabaki genuen. Horrek, zeramikaren triangelu formarekin batera, bibrazio puntu bat eta aldakortasun hori ematen dio. Horrez gain, lehen azpian gordetzen ziren kaxa horiei ere egiten die erreferentzia.

Garrantzi nahikoa ematen al zaio arkitekturari Euskal Herrian?

Orokorrean, ez da asko hitz egiten arkitekturaren inguruan, baina garrantzitsua da: gu inguratzen gaituen guztia arkitektura da, eta arkitekto batzuen esku hartzea izan du. Ondarearen inguruan gehiago hitz egiten da, baina arkitektura garaikideaz, ez horrenbeste. Pena da, jendearen bizitza aldatzen duten gauza interesgarri asko egiten baitira.

Gizarte gaietatik banatuta dagoen arlo baten gisan ikusten da?

Baliteke. Arkitekturak asko aldatzen ditu bizitzeko moduak, eta horri ez zaio aipamenik egiten. Baina, oraingoan, adibidez, ikusi dezakegu gauza txiki batek badaukala zer esana. Ikusi dezakegu nola portu inguru guztia aldatu den eraikin bat berrituz. Uste dut jendeak hori ulertzen badu garrantzia emango diola arkitekturari, eta kalitatezko arkitektura nahiko duela.

Zer esan nahi du sari honek?

Halako eraikin txiki bati ere garrantzia ematea, eta konturatzea arkitektura handiaz gain badagoela arkitektura ona herri txikietan eta gure inguruan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.