Kotoia baita haria, sekula baino gehiago, eta hari horretan txirikordatu dituzte Andoaingo (Gipuzkoa) La Algodonera fabrikan lan egin zuten emakumezkoen hitzak, lanak, bizitzak eta oroitzapenak, haien eskuz eta eskutik gelditu daitezen istorioak historian. «Helburua da gogoraraztea; helburua da hunkiaraztea, baina helburua da, batik bat, errekonozimendua. Hitz ederra da errekonozimendua, eta askotan ez dugu behar beste baloratzen; batez ere, emakumeen lanaren errekonozimendua orokorrean, eta La Algodonerako emakumeena kasu honetan», azaldu du Fanny Alonsok, erakusketaren sortzaileak.

Andoaingo Bastero kulturgunean aurkeztu zuten atzo, eta hilaren 20ra arte egongo da ikusgai. Aurkezpenean izan ziren erakusketaren sortzaileak eta udaleko berdintasun eta kultura saileko ordezkariak. Fanny Alonsorena izan zen ideia. Moda diseinatzailea da, eta La Algodoneran inspiratutako moda jasangarriari buruzko proiektu bat osatu eta aurkeztu zuen iaz Donostiako Tabakaleran. Orduan jabetu zen eskuartean zuenaren balioaz, eta orduan jakin zuen, besteak beste, bere ama Alicia Collantes ere han lan egindakoa zela. «Moda bilduma bat izan zen hasieran, baina gauza gehiago bururatu zitzaizkidan gero. Harremanetan jarri nintzen hainbat diziplinetako profesional eta artistekin».
Eta talde bat osatu zuten: Anne Galarraga izan da proiektuaren komunikazio eta diseinu grafikoko arduraduna; Begoña Cabaleiro liburuaren idazlea; Dabid Argindar argazkilaria; Espacios Intermedios ekoizlea; Maialen Porroy ilustratzailea; Nere Bengoetxea kantautorea, eta Nerea Tuduri poeta. Horien guztien ekarpenekin osatu dute erakusketa. Lan bakoitzak QR kode bat du, eta haren bidez entzun eta ikus daitezke langileen testigantzak, fabrikako soinuak, ekoizpen lanaren bideoak...

1857an sortu zen La Algodonera fabrika, Donemiliagako markesari erositako lurretan. 500 langile izatera iritsi zen, eta horietatik 300 baino gehiago emakumezkoak ziren. Baldintza kaskarretan aritzen ziren: 14 orduko lanaldiak, eskubiderik apenas, oporrik ez, bajarik ez... Begoña Cabaleirok horietako hamar emakumeren testigantzak bildu ditu erakusketaren kari idatzitako liburuan. Han lan egindakoak denak, eta hango haurtzaindegian hazitakoak ere bai. Adelaida Ruiz de Larrinagak kontatu du: «Amak 11:00etan jaisten ziren txikienei bularra ematera. 16:00etan, arratsaldeko txandan, gauza bera egiten zuten». Hiru hilabete eta erdirekin iristen ziren, eta bederatzi urte bete arte izaten zituzten han.
Eta haurtzaindegiko kontuen harira, Doña Lucia izeneko emakumezko bat aipatzen zioten Fanny Alonsori behin eta berriz. «Jakin behar dut, bada, nor den Doña Lucia hori. Eta ikertzen hasi nintzen, eta hara non jakin nuen Lucia Zuloaga zela, Zuloaga margolariaren alaba. Eta aipatzen zidaten Luciaren alaba Maria Rosaren izena ere, eta lortu nuen harekin harremanetan jartzea, eta horregatik dago gaur hemen».
Zuloaga sendiaren dohaintza
Enrique Suarez Rezola La Algodonerako jabe izandakoaren emaztea zen Lucia Zuloaga, eta langileek gogoan dituzte hark haurtzaindegiko umeen egoera hobetzeko egindako ahaleginak. Maria Rosa alaba ere akordatzen da: «Ume gisa ezagutu nuen garai zoragarri hura. Akorduan ditut ama, langileak, eta nola egiten zizkidaten soinekotxoak tela txatalekin». Ignacio Zuloaga margolariaren museoen arduraduna da Maria Rosa Suarez Zuloaga, eta haren amak egindako soinekotxo horien eta bestelakoen bilduma pribatua eman du dohaintzan Basteroko erakusketarako.

Nere Bengoetxea kantautorearen abestiarekin amaitu da aurkezpena. Zera dio: «Hauek dira kotoiaren emakumeak, nahi gabe mugarri bat ezarri zutenak».