ATZEKOZ AURRERA. Irantzu Pastor. Argazkilaria

«Argazki onak egiteko, begia entrenatu behar da»

Argazkilaria da Pastor, eta maite du pertsonak erretratatzea; konexio berezi bat sortzen dela uste du. Oinarrizko argazkigintzari buruzko ikastaro bat emanen du Lesakan, larunbatean hasita.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Lesaka
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Argazkilaria da Irantzu Pastor (Lesaka, Nafarroa, 1985), eta, hainbat komunikabidetan kolaboratzeaz gain, argazkilaritza proiektu propioak ere lantzen ditu. Beti Gazte elkarteak antolatuta, argazkilaritza ikastaro bat emanen du Lesakan, Lander Arbinarekin batera.

Nola irakasten zaio argazkiak egiten lehenagotik ez dakien bati?

Konturatu naiz jendeak kristoren kamerak dituela, funtzio pilarekin, baina ez dakitela erabiltzen, eta modu automatikoan ibiltzen dituztela. Helburua da kamerak saltseatu eta joko gehiago ateratzea.

Nondik hasten zarete?

Oinarrizkotik: esplikatzen argia nola sartzen den kamera batera, zer den diafragma, zer den denbora...

Nolakoa izanen da ikastaroa?

Hiru klase izanen dira. Lehenengoan, oinarrizko ezagutzak landuko ditugu. Nik hori eta erretratuena emanen dut, eta Landerrekin paisaia landuko dute.

Zer behar du argazki batek ona izateko?

Zerbait kontatzea. Batzuetan obsesionatzen gara kamerarekin, kalitatearekin, horrelako kontzeptuekin. Nik uste dut begia entrenatzea dela klabea. Kamera erreminta bat da, baina, lehenengo, argazkia buruan ikusten da. Begia entrenatu behar da, eta jakin ikuspuntu interesgarri bat ikusten, itzalak aurkitzen...

Pertsonak edo natura erretratatu, ezberdina da, ezta?

Bai. Nik beti erraten dut pertsonak gustatzen zaizkidala, interesgarriagoak zaizkidala. Paisaia ere egiten dut, baina bakarrik testuingurua emateko. Interesgarriagoa eta zailago egiten zait erretratuak egitea.

Zer du zailetik?

Zailagoa da norbaitekin hartu-emana izatea, norbaiten etxe barrenean sartzea. Zerbait misteriotsua du, baina, aldi berean, erretratatuarekin konexioa baduzu, nabaritzen da.

Nola lortzen da konexio hori?

Batzuetan, berehala sortzen da. Umiltasunez hurbildu behar da. Bidaiak egitean, lehenengo gauza beti aurkeztea da, argazkia zergatik egin nahi diozun erratea, eta errespetuz jokatzea.

Igone Mariezkurrenarekin batera, emakumeen kontrako indarkeriak biltzeko egitasmoa duzu esku artean. Nola dago proiektua?

Bi herrialde gehiagotara joan nahiko genuke proiektua bukatutzat emateko; nahiz eta urteak eta urteak eman genitzakeen lanean [barreak]. Orain arte, Palestinan, Indian eta Dakotan [AEB] egon gara. Argazki liburu bat eta erakusketa bat egin nahi dugu.

Erraza da biktimak kamera aitzinean paratzea?

Gogorra da. Egia da emakumetik emakumera bertze konplizitate bat sortzen dela. Umiltasunez joaten gara eurengana, beren bizi historia aditzera. Anitzetan beren tripak ireki dituzte; gauza hagitz gogorrak kontatu dizkigute, bertze pertsonei kontatu ez dizkietenak. Sentsazio gazi-gozoa uzten du.

Zergatik?

Zerbait hagitz gogorra konpartitu duzu emakume horrekin; bertzalde, birpentsatzea ere eragiten dizu: gu nola bizi garen hemen, zer den emakume izatea leku batean eta bertzean.

Buruan duzun argazkia nahi bezala ateratzen da beti?

Bezperan nola egin pentsatu arren, lekura iristen zara, eta ez da beti buruan zenuena izaten. Gerta daiteke erretratatu beharrekoa hotza izatea, edo aurkakoa, hagitz beroa: pareta bat esperotakoaren diferentea izatea... Zirt edo zarteko pertsona izan behar da, azkar pentsatu.

Hainbat komunikabidetarako argazkiak ere egiten dituzu.

Nik zortea izan dut. Gaztezulo-n beti utzi didate nahi dudana egiten. Horregatik ere banago hor lanean, nire estiloagatik. Beti izan da aldizkari sortzaile bat, eta nahi dudana egiten utzi didate. Askatasun hori gustatzen zait. Bertzetan ere nire zigilu pertsonala jartzen saiatzen naiz. Nahi gabe ere ateratzen zait.

Kosta egin zaizu estilo pertsonal hori aurkitzea?

Ez dut inoiz helburutzat hartu. Gustatu zaidana egiten ibili naiz, eta, denborarekin, beharbada, aldatuz joango naiz. Argazkigintzan badaude modak; nik ez diet kasu handirik egiten. Bertzeen lanari begiratzeak, nahi gabe, arrastoa uzten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.