ATZEKOZ AURRERA. Marta Trivi. Bideo jokoetako kazetaria

«Astero jasotzen ditut iruzkin matxistak»

Bideo jokoen industriako emakumeei egindako elkarrizketekin 'Nerfeadas' dokumental saila egin du Trivik, Marina Amoresekin batera. Sektoreko gizonengana bainoago, ikasleengana ari da iristen.

ANA MARQUEZ/ EFE.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Itsasoaren eta Ingurumenaren Zientzien ikasketak egin zituen Cadizen Marta Trivik (Malaga, Espainia, 1988). Donostiako Tabakalerak antolatutako Errealitate bideo-ludifikatua nazioarteko mintegian parte hartuko du gaur, 19:00etan: Marina Amoresekin batera, bideo jokoen munduko matxismoaz mintzatuko da.

Nola pasatu zinen kultur arloko kazetaritzatik bideo jokoen espezializaziora?

Ez nuen berariaz bilatu, baina gogo betekoa izaten ari da. Zinemari buruzko irratsaio batean parte hartzen nuen, eta tarteka bideo jokoez hitz egiten nuen. Baina kultur kazetaritza oso ezegonkorra da, eta zaila da nabarmentzea.

Zer ezaugarri ditu bideo jokoen prentsak?

Nahiko itxia da. Gehienetan ez dituzte onartzen beste kultur adierazpen batzuk ukitzen dituzten interpretazioak: literatura, pintura, dantza... Bideo jokoei buruz irakurri nahi duenak esklusiboki bideo jokoez nahi du irakurri. Eremu endogamikoa da, eta zaila da sartzea ez baduzu norbait ezagutzen.

Zer eragin du bideo joko gehienen sortzaileak gizon zuri heterosexualak izateak?

Eragin zuzenena da uste zabaldua dela bideo joko horiek guztiak gizon zuri heterosexualei zuzenduak direla. Jokoak promozionatzeko orduan, emakumeak ez dira aintzat hartzen, ezta bideo jokoei buruz idazterakoan ere. Jazarpen olatu bat ere egon zen bideo jokoen analisiak egiten ari ziren andreen aurka.

Neska gazte asko diskriminatuak sentitzen dira online bideo jokoetan. Zein dira arrazoi nagusiak?

Emakumeok sarri uste dugu soilik gizonak daudela jokoan, eta bakarrik sentitzen gara. Eta zarata gehien ateratzen duten jokalariei ez zaie gustatzen emakumeak sartzea haiena dela uste duten espazio horretan. Horiek uste dute publiko objektibo bakarra gizonak direla; emakume bat dagoela detektatzen dutenean, indarkeriaz jokatzen dute sarri. Irainak eta jazarpena egon ohi dira.

Indarkeriaz betetako maskulinitateaz hitz egin daiteke?

Bai, oso bortitza eta eskandalu handia ateratzen duena. Online jokatzen duzunean, matxismo oso zabarra topa dezakezu.

Nerfeadas dokumental saila sortu duzue Marina Amoresek eta zuk, bideo jokoen industriako hogei elkarrizketa eginda. Zer ondorio nagusi atera dituzue?

Baikorrena da bideo jokoei buruz idazten dugun emakumeak ez gaudela uste genuen bezain bakarrik. Arazo komunak dauzkagu, nahiz eta sektoreko adar desberdinetan aritu. Ezkorrena da bide asko dagoela egiteko parekidetasuna lortzeko. Industrian dauden zenbait gizonezkoen aldetik ez dugu babes nahikoa jasotzen.

Amores zure lankideak jazarpena pairatu izan du. Zuk ere bai?

Nik astero jasotzen ditut iruzkin matxistak. Youtuben sartuta edo parte hartzen dudan podcasta begiratuz gero, iseka asko jasotzen ditut, eta nire lanaren inguruko gezur ugari esaten dituzte. Marinak are jazarpen handiagoa sufritzen du, eta erabaki du hedabideetan elkarrizketarik ez ematea.

Baina bestelako feedbacka ere arituko zarete jasotzen Nerfeadas lanarekin, ezta?

Emakumeen feedbacka sekulakoa izaten ari da. Ikastetxe batzuetan eman dute, eta pozgarria da neska askoren erantzuna. Nerabe asko inspiratuta sentitu dira.

Ikastetxeetan emateko baliagarria da lana, orduan?

Ez zen gure lehen xedea. Industriako gizonezkoengana iristea zen helburu nagusia, baina ez dugu espero genuen adina lortu. Institutuetan eta gazteen zentroetan, berriz, espero gabeko publikoa aurkitu dugu, eta pozgarria da.

Itxaropenerako tarterik ba al dago etorkizunean berdintasuna egon dadin bideo jokoen munduan?

Bai, zalantzarik gabe. Honetanduela lau urte lanean hasi nintzenean, gune batzuetan ez zegoen andrerik, eta aldatzen ari da hori. Urte gutxi barru sektoreko erredakzioetan berdintasuna egongo da, eta emakume asko arituko dira bideo jokoak sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.