ATZEKOZ AURRERA

Formei buruzko elkarrizketak

'Alaïa eta Balentziaga. Formaren eskultoreak' erakusketa paratu dute Getarian. Museoaren hamargarren urteurrenean, bi sortzaile horien jarduna jarri dute parez pare modu ikusgarrian.

Zupiria Kultura sailburua, Alberdi Getariako alkatea, Millan Kultura diputatua, Vives museoko zuzendaria eta Saillard komisarioa, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Getaria
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Mademoiselle Renee zuen izena, 1968a zen, eta Cristobal Balentziagak hartuta zeukan ordurako erabakia: Parisko bere Maison de Couture kutuna ixtea. Reneek urteak egin zituen Getariako jostunarekin zuzendariorde nagusi lanetan, eta berak hartu zuen biltegian zituzten ehun eta soinekoen ardura. Hasi zen haiek ordenan jartzen, eta konturatu zen berehala bazegoela han gaia berrerabili eta birformulatzeko modukoa. Eta konturatu zen bazuela maisuaren sorkuntza lanen hautaketa egokia egin zezakeenaren izena: Azzedine Alaia izeneko jostun tunisiar gazte bat. Bete-betean asmatu zuen Mademoiselle Reneek.

Hantxe hasi zen bi sortzaileen arteko harremana josten eta miresmena ehuntzen. Azzedine Alaia zenak esana da: «Mademoiselle Reneek proposatu zidan soineko sorta baten artean aukera egiteko. Orduan ulertu nuen modaren historiaren alde zerbait egin behar nuela, eta orduan hasi nintzen bilduma egiten».

Horixe da atzo Getarian (Gipuzkoa) paratutakoa Alaïa eta Balentziaga. Formaren eskultoreak izeneko erakusketaren abiapuntua. Balentziaga Museoaren hamargarren urteurrenarekin bat eginda jarri dute museo horrek inoiz hartu duen erakusketa handiena eta nazioartekoena, lehen aldia baita Cristobal Balentziaga (1895-1972) ez den beste sortzaile bati tokia egiten diotena. Eta behin tokia egiten hasita, Azzedine Alaiari (1935-2017) egin diote tokia. Museoko erakusketa iraunkorra kendu dute, eta erakusketa berrirako hartu dituzte sei aretoak eta mila metro karratuak. 100 pieza jarri dituzte ikusgai, Alaiarenak dira 52 eta Balentziagarenak 48. Parisko Azzedine Alaia Fundazioarenak dira guztiak—Alaiak Balentziagaren 500 pieza baino gehiago bildu zituen—, eta Getarian ikusgai jarritakoetatik 22 inoiz jendaurrean erakutsi gabekoak dira.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua, Harkaitz Millan Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Miren Vives Balentziaga Museoko zuzendaria eta Olivier Saillard Azzedine Alaia Fundazioko kide eta erakusketako komisarioa izan ziren, besteak beste, atzo Getarian egindako aurkezpenean.

Formei buruzko elkarrizketa bat da erakusketa. Formaren formei buruzkoa. Parez pare jarri dituzte Alaia eta Balentziaga. Antzekotasunak harrigarriak dira, eta aldeak, nabarmenak. Baina urteen joanik eta atzera gelditutakorik ez du bisitariak topatuko. Bai, ordea, modernitate betiereko bat, atenporalitate dotore bat.

Zentzuz eta tentuz egindako ariketa da elkarrizketarena. Olivier Saillard komisarioak azaldu zuenez, Hubert de Givenchy zenarena izan zen ideia. Saillardek kontatu zuen diseinatzaile frantziar ezaguna gerturatu zela behin haien tailerrera ohikoa omen zuen umorez eta grinaz. Eta proposatu ziela egiteko ariketa: erkatzeko Alaia eta Balentziaga erakusketa batean. 2018ko martxoa zen, eta proposamena egin eta gutxira zendu zen Givenchi, baina aurrera egin zuen ideiak, eta aurrera erakusketak. Parisen jarri zuten lehenengo, eta haren bertsio handiagoa eta osatuagoa egongo da ikusgai Getarian, azaroaren 1era arte.

Estreinakoz izan da Saillard komisarioa Getariako museoan, eta goratu zuen esanez modari buruz munduan dagoen museorik handiena dela. Baina handitik beharrean txikitik atera zuen Alaia eta Balentziagaren arteko antzekotasuna. Nola sortu zen Alaia Siliniako soroetan garia ereiten zuen familia batean, eta nola Balentziaga herri eta familia arrantzale batean. Eta nola bihurtu ziren biak gerora mundu mailako erreferente. «Modaren historian, bi figura isil eta handi horiek, unean uneko joeretara eta ondorioetara immuneak diren horiek, asko izan dute elkarri esateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.