ATZEKOZ AURRERA. Kontxi Arraztio. Euskal filologoa

«Araizko sorgin ehiza ez da oso ezaguna gure ibarrean»

Beteluri oso loturik dago Arraztio, eta asko interesatzen zaizkio bertako euskara eta ohiturak. Sorgin kontuak maite ditu, eta bere ibarrean 1595ean prozesatutakoak omendu nahiko lituzke.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Herrikoak aski ongi ezagutzen ditu Kontxi Arraztio euskal filologoak (Betelu, Nafarroa, 1967). Duela hamar urte baino gehiago, ohiturak eta euskara jaso zituen herritarrak elkarrizketatuz, eta, horri tiraka, Araxesen gainetik, Malloen azpitik dokumentala egin dute Labrit komunikazio enpresarekin batera. Ostiralean aurkeztu zuten Arriben, eta ibarreko herri guzietan emanen dute hurrengo hilabeteetan.

Atzetik heldu da proiektu hau. Nolatan hasi zineten herrikoak elkarrizketatzen?

Amaia Apalauzak eta biok egin genuen Araitz-Beteluko ahotsak lana, eta 2008an liburua atera. Urte batzuetara, Labritek grabaketa batzuk egiteko eskatu zigun. Guk bagenuen ibilbide bat grabaketetan; beraz, nahiko erosoa egin zitzaigun. Euskal filologoak gara, gustatzen zaigu ondare immateriala, eta bertako euskara jaso nahi genuen.

Igaro dira urte batzuk, eta orain heldu da dokumentala. Zergatik?

Duela hamar urte proiektua tiraderan gelditu zen. Orain, Araizko eta Beteluko udalen eta Beteluko Uren laguntzaz, dokumentala atera da.

Bailarakoei interesatzen zaizkie bertako nortasuna eta ohiturak?

Jendeak borondate oso ona izan du: beren etxeetako ateak ireki dizkigute, baita bihotzak ere.

Sorgin kontuak askotan aipatzen zizkizueten?

Dokumentala sorgin ehizarekin hasten da, Araitzen prozesu bat izan zelako 1595ean. Zugarramurdikoa da entzunena, baina Araizkoa mingarria izan zen, gehienak epaitu aurretik hil zirelako Iruñeko ziegetan, gosez eta hotzez.

Ez dira kontu huts, beraz?

Bereizi behar da zer den fantasia eta zer den historia. Ahozko tradizioan fantasia asko dago: jendeak mendez mende hainbat istorio jaso ditu, eta ikusten da argi eta garbi fantasia badagoela. Baina ni gauza batekin gelditzen naiz; denek gauza bera esaten zuten sorginei buruz: «Ez esan daudenik, ezta ez daudenik ere».

Zer gertatu zen 1595ean?

28 lagun atxilotu zituzten prozesuan, denak Intzakoak. Araizko prozesua ez da oso ezaguna gure ibarrean, eta sarraskia ezagutarazi nahi dugu. Sorgin ehizaren harira, Nafarroan zerbait mugitzen hasi da: iaz, Zugarramurdin, ehizatutako sorginak omendu zituzten, eta memoria historikoan tokia eman.

Zergatik ez da hain ezaguna Araizko prozesua?

Beldurragatik. Etxe batean, sukaldean, emakumeak atea giltzaz itxi, eta orduan esan zigun kontatuko zizkigula sorgin kontuak. Nire aitonak ez zuen kontatu nahi sorgin konturik. Pentsa XVI. mendetik orain arte beldurrak nola iraun duen. Bada garaia horrekin amaitzeko. Aipamen bat egin beharko litzaieke prozesatutako guztiei.

Zer beste gai ateratzen ziren?

Inauteriak, bikote harremanak, ohiturak, abeltzaintza, artzaintza, lanak... Dokumentalerako gai ezberdinenak aukeratu genituen. Antzara jokoa, adibidez. Lekeitiokoa da ezagunena, baina Araitz-Betelun ere egiten zen, baita mendiko beste herri batzuetan ere. Horren irudikapena grabatu genuen. Agian gerora berreskuratzeko aukera dugu.

Horrelako tradizio batek badu tokirik gaur egun?

Gaur egun ezin dugu bizirik dagoen antzara bat jarri; horregatik, trapuzko bi antzara josi zituen lagun batek. Sekulako lana egin zuen. Noski, gizakiak eboluzionatu du, zorionez, gauza askotarako —beste batzuetarako ez, zoritxarrez—, beraz, sentsibilitate horrekin egin beharko litzateke.

Estraperloa eta pilota ere antzeztu dituzue. Zer informazio zenuten?

Araitz-Betelu mugan dago Gipuzkoarekin, eta Tolosan estraperlista asko zeuden, batik bat irina eta arkumeak pasatzen. Bestalde, Aralarren, Mailoetan, pilotalekuak eta pilota soroak zeuden. Artzainek pareta bertikal nahiko leun bat bilatzen zuten pilotan aritzeko. Pilotaleku bat eta bi pilota soro daude.

Zergatik dira hain garrantzitsuak Mailoak zuentzat?

Gureak dira; agertokiaren parte dira. Egunero-egunero, esnatu eta egiten dudan lehenbiziko gauza balkoira atera eta Mailoak ikustea da. Gure bizitzaren zati bat dira, eta asko joaten gara hara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.