ATZEKOZ AURRERA

Erakusleiho bat biologikoentzat

Bihar arte irekita dago Irungo Bioterra, produktu ekologikoak, bioeraikuntza, kontsumo arduratsua eta energia berriztagarriak ardatz dituen azoka. Aurtengoa hemezortzigarrena da.

Xabier Iturrioz, Zapatari proiektuko zapatagilea, bezeroekin hitz egiten, Irungo Bioterran, atzo. JON URIBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Irun
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Hiru pabiloitan banatu dute Irungo Bioterra azoka (Gipuzkoa), eta postuz beteta daude hirurak. Ibilbide moduko bat osatzen dute: lehenengoan, Eraikiz gunean, energia berriztagarriei eta eraikuntzari buruzko postuak daude; bigarrenak Biobeauty & Zero Zabor gunea du izena, eta kosmetiko eta arropa ekologikoak daude gehienbat; hirugarrenari, berriz, Sukaldean deitu diote, eta elikagaiak dira nagusi.

Lurreko gezi gorriek markatzen dute gune batetik besterako norabidea, eta bakoitzean, hitzaldiak egiteko gune bat dago. Sortzaile eta ekoizleen postuak egoteaz gain, hitzaldi sorta zabala dago antolatuta bihar arte egongo den Bioterra azokan; atzo ireki zuten. Hemezortzigarren aldia da aurtengoa, eta produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua ditu ardatz.

Saltzaileak, pozik

Garbiñe Tolosa Mari Puri Tijeritas izeneko postuan dago. Barruko arropa ekologikoa eta telazko konpresak saltzen ditu, besteak beste. Omenaldi txiki bat egin diote inaugurazio ekitaldian, beste hiru proiekturekin batera, aurten hamargarren urtez bertaratzeagatik: «Urteroko topaketa da: bezeroak ikusten ditut, gauza berriak probatzen dituzte...».

«Hemen dituzu telazko konpresak, hau da txikiena, honek xurgatzen du gehien... segun eta zertarako behar duzun», gertuko hitz egiten dio bezeroari. Bioterrak «beste alternatiba batzuk» eskaintzen dizkio gizarteari, Tolosaren aburuz. Bio etiketadun azoketan ibili ohi da donostiarra, artisau azokak ere probatu izan dituen arren, horietan gutxiago saltzen duelako: «Artisau azoketan ez dut ondo saltzen; jendeak ez du kalean erosten barruko arropa».

Parean dauka Zapatari proiektuko Xabier Iturrioz, lanean. Omendu dutenetako bat da Iturrioz ere, hamarkada bat egin baitu azokan. Postuaren ertz batean, aulki txiki batean, larruzko oinetakoak muntatzen ari da; aurretik bere bi lankideek moztu eta jositako piezak hartu eta lotzen ditu, bezeroekin ez dagoenean. Hiruren artean osatzen dute katea.

Oinetako «osasuntsua, bertakoa, zero kilometrokoa» egiten dute Zapatarin, «kontsumo jasangarri eta osasuntsua» bultzatzeko. Azoketan ibili ohi dira, oinetako onak izatearen garrantziaz ohartarazten: «Osasuna oinetatik hasten dela diote», dio, barrez.

Bigarren pabiloiaren amaieran dauka postua Arboleda kosmetiko naturalen dendak. Olioak, kremak eta xaboi artisauak sortzen dituzte, besteak beste, eta mahai gainean dituzte jarrita, ikusgai.

Erika Romero saltzaileak azaldu duenez, produktu ekologiko eta jasangarrien «azoka aitzindaria» delako erabaki zuten bertaratzea. «Marka gisa, identifikatuta sentitzen gara bere filosofiarekin», adierazi du. Bihar, 11:00etatik 12:00etara, aurpegiko seruma nola erabili azalduko du, bigarren pabiloiko hitzaldi gunean.

Aurrez aurre dauka Ilen, Janire Mañesen denda. Hilekoarentzat telazko konpresak, zoru pelbikoa lantzeko bola txinatarrak, infusioak eta hilekoarekin zerikusia duten liburuak dituzte erakusleihoan. Ficoban egiten den azoka «bezeroekin elkartzeko gunea» da haientzat.«Hilekoaren zikloari buruzko dibulgazioa egiten dugu, oso gutxi dakigulako horri buruz», dio Mañesek. Tabuz beteriko gaia dela berretsi du, eta ikusgaitasuna eman behar zaiola.

Irteeratik gertu, berriz, Iparraldeko ekoizleak izenburupean, ogi ekologikoa zatitzen dihardu Martta Irigoienek, Biharko Lurraren Elkarteko kideak. Bioterra sortu zenetik Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako laborari biologikoen fruituak eramaten dituzte azokara.

«Uste dut garrantzitsua dela ekoizle txiki eta biologikoen sustatzea», dio zergatik joaten diren galdetuta. Gizartean ere, gero eta kontzientzia handiagoa dagoela uste du: «Gero eta gehiago entzuten da diskurtsoetan osasunarentzat, ingurumenarentzat eta beste faktore aunitzentzat biologikoa hobea dela, eta bada kuriositate bat jakiteko nola ekoizten duten laborariek, nondik etortzen den, praktikan, gure janaria».

Bertaratutakoen soslaia

Denak bat datoz ingurumenarekin sentsibilizatutako pertsonak direla gehienbat gerturatzen direnak. Gaur-gaurkoz, oraindik, jendeari kosta egiten zaiolako horrelako azoketara gerturatzea: «Normalean bio produktuak erosten dituzten pertsonak etortzen dira. Pena da jende berria ez etortzea, nahiz eta bio izan, polita izan daitekeelako», dio Tolosak, arropei begira.

Dena den, guztiek diote gizartean gero eta garrantzi handiagoa duela jasangarritasunak: «Azken urteetan pentsamendu aldaketa egon da gizartean; jendea gero eta kontzienteagoa da geure buruaren eta planetaren zaintzak duen garrantziaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.