Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Ander Barandiaran. Euskal Liburutegi Sozial Ibiltaria egitasmoaren sortzailea

«Suntsitzen diren liburuak jendeari eman nahi dizkiot»

Katalogotik kanpoko liburuei beste aukera bat ematen die Barandiaranek, karrikan jendeari oparituz. Euskal literatura eskutik eskura nahi du.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko ekainak 15 - Iruñea

Liburuz betetako gurditxo bati tiraka ari da mutil gazte bat Iruñeko Nabarreria plazan. Txalekoa, galtza urdinak, zapatak eta txapela jantzita, liburuak banatzen ditu Ander Barandiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1996). Euskal Liburutegi Sozial Ibiltaria da, eta bi igandetik behin izanen da hiriko karriketan. Udan herriz herri ibiliko da Nafarroan.

Esan izan dizute egunkari saltzaile itxura duzula?

Liburuak banatzeko, xarma behar nuen, eta, jendea erakartzeko, horrela janztea erabaki nuen.

Kalean ibiltzera ohiturik zaude. Erraz atera zara beste behin ere?

Txikitatik kalean ibili naiz: kaldereroak, inauteriak, Olentzero... Horietan janzten naiz; ba, orain ere bai.

Nolatan bururatu zitzaizun egitasmo hau?

Aitari galdetu nion ea zer gertatzen zen katalogotik ateratzen diren liburuekin. Esan zidan suntsitu egiten zirela, eta kolpea izan zen niretzat. Txikitatik, beti izan ditut liburuak inguruan, eta eragin zidan.

Horregatik deitu zenuen argitaletxeetara?

Suntsitzen diren liburuak jendeari eman nahi nizkiola esan nien, eta harritu ninduten erantzunek: oso onak denak. Lander Majuelo Igelako editorea izan zen bultzatu ninduena. Baimen kontuengatik erabaki nuen gurdiarekin ateratzea.

Ekainaren 6an atera zinen lehenbizikoz. Zer moduz?

Anaia eta kuadrillakoak izan ziren amua, eta 25 liburu banatu nituen.

Zergatik Nabarrerian?

Toki neuralgikoa da, biltzen garen gunea, leku erosoa. Gainera, bermutaren orduan jende asko egoten da.

Alde bakarrekoa da banaketa, edo jendeak ere ekartzen dizkizu?

Batzuek esan didate etxean badituztela oparitu nahiko lituzketen liburuak. Agian hori ere egingo dut, helburua delako liburuei beste bizitza bat ematea.

Zer esaten zizun jendeak?

Lehenengo galdera zen: «Zenbat balio du honek?». Eta dohainik zirela esatean, kaña batera gonbidatu nahi ninduten. Denak onartu izan banitu, gaizki bukatuko nuen.

Hartu eta irakurri. Ez dira gau mahaian geratzeko liburuak?

Hori da eskatzen dudan konpromiso bakarra. Liburu hauek ez dira apaletan geratzeko, zabaldu behar dira. Baldintza bat jarri nuen: hartu dezakezu liburu bat zuretzat eta beste bat oparitzeko.

Zure adinekoak ohituago daude pantailetara paperera baino?

Pantaila artean egotera bai, baina ez irakurtzen. Liburu elektronikoen esperientziak ez gaitu asetzen. Gustuko dugu liburua eskuetan hartzea, usaintzea, ukitzea... Berezia da. Uste dut ez dela irakurtzen beste estimulu asko daudelako. Gainera, gazteak gero eta prekarioago gaude; askorentzat ahalegin handia da 15-20 euro gastatzea liburu batean.

Zu gaztea izateak erakarri dezake jende gaztea gurdi honetara?

Gazteak etortzen ziren, eta aholkua ematen nien. Adinen arteko aldea ikusi nuen hor: helduek ezagutzen zituzten idazleengana jotzen zuten, eta gazteek gaiaz galdetzen zuten.

Liburuak oroitzapenekin lotzen dituzu. Zer oroitzapen duzu zuk?

Txikitan, aitak liburu bat aukeratzen uzten zigun hilean behin. Gogoan duzu nola eskuratu zenuen. Istorioaz gain, badu balio sentimental bat. Oparia bada, konpromiso handiagoa duzu irakurtzeko.

Liburutegi soziala da. Garrantzitsua da abizen hori?

Soziala jarri diot, denentzat eskuragarri bilakatzen delako euskal literatura, eta eraldaketa sortzeko nahi hori duelako. Gazteengan euskal literaturaren paradigma aldatzeko bultzada bat izan nahi du.

Horregatik ikasi zenuen gizarte lana?

Oinarrietara joanda, aldaketak bultzatzen eta horretarako baldintzak sortzen dituzten agenteak izan beharko lukete gizarte langileek.

Ez da horrela? Gizarte langilearen irudia zertan dago okerturik?

Gaur egun ez da gizarte lana egiten; askotan bilakatzen da zerbitzuak eta laguntzak banatzeko makina bat. Ez daukazu balorazio gaitasun handirik; ez duzu astirik jendearekin egoteko, kasuak aztertzeko, komunitatean lan egiteko... Askoz ere gizarte lan gehiago egiten da herri mugimenduetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute 2022ko lehen saioa ETB1en: <em>Biba 2022!</em>. ©EITB

ETBren kanpaiak, Gasteiztik

Urtzi Urkizu

ETB1en Ainhoa Etxebarriak, Aitziber Garmendiak eta Yerai Diezek aurkeztuko dituzte kanpaiak

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ekialdean berariaz zaindu dute xakea»

Gorka Erostarbe Leunda

Jolasa eta jokoa. Lehia eta estrategia, baina baita zientzia, artea, poesia eta bizitza ere. Guztiak islatzen ditu xakeak. Alderdi horiek bildu ditu Berasaluzek '64 begirada. Xake taularen zuri-beltzean' lanean.
Daliren maskara biral egin da. ©NETFLIX

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.