ATZEKOZ AURRERA

Irrintziaren zorroztasuna

Zantzoaren abiadurari eta intentsitateari erreparatu diote, besteak beste, Amaia Gartzia Uriondok Algortan emandako irrintzi ikastaroan. Azebarri elkarteak antolatu du.

Ikastaroko parte hartzaileak, irrintziak botatzen, Algortako Portu Zaharreko belardian, herenegun. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Algorta
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Transatlantikoaren sirenak erantzun irmo bat jaso du urrutitik: adar luze eta kiribildu bat agertu da bat-batean, eta itsasontziaren zaratari egin dio aurre soinu sakonak, harro. Hark deituta bezala sartu da segizioa Algortako Portu Zaharreko belardian (Bizkaia). Egunak ilundu du, baina zaratak ez dira eten; Getxoko (Bizkaia) kirol portuan jarduera ez da bukatu, eskailera zaharren inguruko terrazak lepo daude, eta, hori gutxi balitz bezala, irrintziak botatzeko bildu berri dira hamasei bat lagun, Azebarri elkarteak antolatutako ikastaroan.

Adarra albo batean utzi du ikastaroko irakasle Amaia Gartzia Uriondok. Ahotsa izango dute oraingoan tresna, eta bozgorailu mardul batek lagunduko die tarteka. Ikasleak batu dira jada, jarri dira eroso, eta eman die Gartziak irrintziak botatzeko lehen argibidea: «Gorputzaren jarrera landu behar dugu». Irrikaz daude oihuka hasteko, baina oraindik berotu behar dute gorputza, mugitu behar dituzte mokorrak eta sorbaldak, eta ondo kokatu burua, ahotsa egoki proiektatu dezaten.

Lehen irrintzia Gartziak berak bota du: hasierako ai-ai-ai hotsen serie luzea ji-ji indartsu batekin bukatu du, ukabila gora altxatuta eta gorputza atzera botata. Lehen zatiarekin hasi dira ikasleak. «Irrintziaren aurretik, normal hartu behar duzue arnasa, ez bete larregi birikak, hiperbentilaziorik ez egiteko, eta ez mareatzeko», abisatu die irakasleak. Urduritasunaren eta hotzaren erruz gogortuta daudelako nonbait, Gartziarena baino estatikoagoa izan da euren ahalegina. Oihu heterogeneoa josi dute denen artean: lehenengo aldietan, agerikoak izan dira intentsitate desberdintasunak eta tinbreen aniztasuna.

Bukaerari ekin diote hurrena. «Bakoitzaren sinadura da, hor dago sormena. Nik gorputza mugitzen dut hauspoa emateko». Batzuk beste horrenbeste egiten ahalegindu dira, irakaslea imitatuz. Bi zatiak batu, eta osorik bota dute zantzoa denek batera, ostera ere. Zortzi, hamabi eta hamalau segundoko irrintziak egin dituzte, irakaslearen eskuei erne, denbora zenbatzen ari baitzen; haren hatzen mugimenduei larriago begiratu diete hamasei eta hogei segundoko oihuetan. Iraupenaren erdira baino ezin izan dira heldu hainbat, gutxi batzuk saiatu dira kasik itotzeraino, baina zenbaketaren azken segundoak isilak izan dira, esfortzuaren ondoriozko eztul batzuk baino ez baitira aditu.

Hasierako irrintziak orraztu egin dituzte ariketa batzuekin: zantzoaren abiadura handitu eta txikitu dute; metrika kontrolatu dute besaurrearekin zirkuluak eginez; intentsitatea landu dute bikoteka; eta zahatotik edateko tartea ere hartu dute, ohituago batzuk eta traketsago besteak, irrintzitan bezala. «Orain hobeto irtengo da!», esan du parte hartzaileetako batek, eta hala da, egiazki, baina ez ardoarengatik bakarrik: banan-banan egindako saioan, nabari zaie irakaspenak barneratu dituztela, abiadurarekin jolasten baitute, intentsitateak gora egiten baitu bat-batean hartaz oroitzen direnean, eta oihua luzatzen ahalegintzen baitira. Alkoholak berotu omen ditu, baina, edonola ere, etengabean mugitzen ari dira ikasleak, oraingoan bai, gorputza zabukatzen bada ere.

Bozgorailua zirkuluaren erdian kokatu du Gartziak hurrengo ariketarako. «Begiak zarratu, eta imajinatu Zugarramurdiko kobetan zaudetela». Eta, behin giroa ezarrita, eginbeharrekoa. «Irrintzi arraroak egin, sormena aktibatzeko». Orain ere, banaka: molde klasikotik apenas urruntzen diren oihuetako batzuk, erritmoarekin eta intentsitatearekin jokatuz kakofoniarantz jotzen dute pare batek, eta barre algaratan itotzen da ikasleren bat, eskua paparrean duela. «Txalaparta mistiko» leun batek laguntzen ditu ahaleginok, diskretuki aditzen dena zantzo bakoitzaren ondoren.

Irrintzian esaldi bat tartekatu dute gero. Ai-ai-ai hotsekin abiatu, eta, erritmoa geldotuz, «Gora Azebarri» ebaki dute hala moduzko koordinazioan, «tonu zoli batekin eta falsetto puntuarekin», Gartziak azaldu bezala. Irrintzi kolektibo batekin bukatu dute ikastaroa: tinbre grabeak ez dira dagoeneko hain agerikoak; uniformeagoa dirudi zantzoak.

«Magikoa izan da»

Azken oihua bota eta berehala agertu dute parte hartzaileek ikasten jarraitzeko gogoa. Lehen irrintzi saioa izan da Karmele Larredondorentzat, eta gehiago sakondu nahi luke. «Txikitatik izan ditut buruan txalaparta eta zantzoa. Gaur oso gustura geratu naiz». Buruan zebilkien aspalditik, orobat, Hiart Garcia Salinasek. «Hasi nintzen txalaparta jotzen, eta abesten euskara praktikatzeko. Gauza batek bestea egitera eraman ninduen». Basauriko (Bizkaia) Marienea emakumeen etxean antolatu zuten irrintzi ikastaro bat, baina hara joan ez, eta damutu egin zen. Hura ere Algortan hasi da irrintzika. «Oso indartsua izan da, magikoa, oilo ipurdia izan dut denbora guztian. Autoan irrintziak botako ditut, musika jarri ordez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.