ATZEKOZ AURRERA. Juanjo Navas. Flamenko kantaria

«Flamenkoa eta poesia beti egon izan dira erlazionatuta»

Blas de Otero idazlearen olerkiak flamenkora egokitu ditu Navasek bere bigarren diskoan: 'Digo vivir'. «Zaila eta atsegina» egin zaio. Barakaldon eta Gasteizen abestuko ditu kantok, gaur eta bihar.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Blas de Otero poeta bilbotarraren hitzak flamenkora egokitu ditu Juanjo Navas kantariak (Bilbo, 1975) bere bigarren diskoan: Digo vivir (Gaztelupeko Hotsak, 2021). Idazlearen fundazioak enkargatutako lana izan da, eta batik bat Redoble de conciencia (1950) olerki liburuan oinarritu da. Barakaldoko antzokian (Bizkaia) ariko da gaur, eta Gasteizko Le Coup aretoan bihar.

Zer harreman dute flamenkoak eta Blas de Oterok?

Blasen poemak ez daude flamenkorako idatziak. Poesia sozialagoa da, aldarrikatzaileagoa. Alde horretatik, bat datoz, flamenkoa beti izan delako adierazpen erreibindikatzailea, baina berez olerkiak ez daude flamenkoz kantatuak izateko aurreikusiak; ez dira [Federico Garcia] Lorcarenak bezalakoak, adibidez. Oterori flamenkoa gustatzen zitzaion, eta Jose Meneseren eta Manuel Gerenaren laguna zen.

Nolakoa izan da egokitzapena?

Zaila, baina, aldi berean, motibagarria eta oso atsegina. Flamenkoko kanta mota bakoitzarentzako letra aproposa topatzen ahalegindu gara. Esaterako, En el principio olerkia soleá forman egokitu dugu, kantu sendoagoa delako: Si he perdido la vida, el tiempo, todo/ Lo que tiré, como un anillo, al agua, / [...] Me queda la palabra. [Galdu badut bizitza, denbora, dena/ Jaurti nuena, eraztun bat bezala, uretara/ Hitza geratzen zait].

Nola hautatu dituzu letrak?

Olerkiak irakurtzean iradokitzen zidatenaren arabera. Granaína batekin hasten da diskoa, En castellano olerkiarekin: Aquí tenéis mi voz/ Alzada ante el cielo de los dioses absurdos [Hemen duzue nire ahotsa/ goratua jainko absurdoen zeruaren aurrean]. Hemen dituzue Blasen ahotsa eta nirea; horregatik jarri dugu hori hasieran. Bestalde, Echar mis versos del alma testua irakurri bezain laster erabaki nuen guajira bezala egokituko nuela: Blas Kuban bizi izan zen, eta Kubaz hitz egiten du olerki horretan. Digo vivir sartu beharra zegoen, jendea motibatu dezakeelako.

Diskoak ordena zehatza du?

Gure asmoa da flamenko zaleak ez direnek ere entzutea diskoa. Saiatu gara irekiagoa egiten, flamenkotik irten gabe betiere, jende gehiagorengana heltzeko; adibidez, Kike Moraren baxua sartu dugu, eta Sonic Trash rock taldeak ere parte hartu du. Entzuteko atsegina izatea bilatu dugu, kantu sendo guztiak gertu jartzea saihestuz.

Zer ekarpen egiten dio flamenkoak Blas de Oteroren poesiari?

Uste dut ekarpen handiagoa egiten diola Blas de Oterok flamenkoari, alderantziz baino. Halere, ondo bidean, Blas de Oteroren lanak irakurri ez dituzten batzuk haietara hurbiltzea lortuko du flamenkoak, niri gertatu zaidan bezala. Nik ez nuen irakurrita, eta, behin hasita, poeta harrigarri bat aurkitu dut.

Zer iradoki dizu?

Isiltzen ez zen pertsona bat zen, aldarrikatzailea, protesta egiten zuena. Hasieran oso espirituala zen, katolikoa, eta komunista izaten bukatu zuen. Gaizki zegoena salatuz, bere ideiak eta bizitzeko modua eboluzionatuz joan zen. Bere poemek gaurkotasuna dute.

Zure lehen diskoan, Reflejos de Andalucía-n (Sierpe, 2017), Beñat Arginzoniz poetaren olerkien bertsioak egin zenituen. Interesa duzu poesiaren eta flamenkoaren arteko harremanean?

Flamenkoa eta poesia beti egon izan dira erlazionatuta. Miguel Hernandezen olerkien bertsioak egin zituen Enrique Morentek, Fernando Pessoaren hitzak ere kantatu izan dira... Baina nik ez dut interes berezirik. Ez nuen uste nire lehen diskoa olerkietan oinarrituko zenik, eta are gutxiago bigarrena.

Familiarengandik jaso duzu tradizio flamenkoa.

Nire aitona-amonak eta gurasoak andaluziarrak dira, etxean beti entzuten zen, eta aitonak kantatu egiten zuen. Gaztea nintzela ikertzen hasi nintzen, eta gustatu zitzaidan; berandu hasi naiz, orduko hartan Bilbon ez zegoelako flamenko komunitate handirik.

Egoera aldatu da?

Asko. Bilbon zaletasun ikaragarria dago egun, Iruñean Flamenco on Fire jaialdia antolatzen dute, jendea kontzertuetara doa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.