ATZEKOZ AURRERA

Denboraren arrazoia

Egoitza inauguratu du Behe Bidasoko Antxeta irratiak, Hendaian, irratia sortu eta hogei urtera. Oinarriei eusten die: euskalduna, mugaz gaindikoa eta komunitarioa da.

Hernan (Antxeta), Mounios (Hendaia), Santano (Irun) eta Sagarzazu (Hondarribia), atzoko ekitaldian. GUILLAUME FAUVEAU.
jakes goikoetxea
Hendaia
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Aitziber Zapirainek bere hiru seme-alaben arabera azaltzen du Antxeta irratiaren egoitza aldatzeko prozesua: «Lehenengo haurdunaldian, aldaketa planteatzen hasi ginen; bigarrenean, benetan heldu genion gaiari; eta hirugarrenarekin, lekuz aldatu gara». Tartean COVID-19aren izurria etorri zen, eta aldaketa atzeratu zuen. Sei bat urte pasatu dira esatetik egitera, Antxeta irratiko koordinatzailearen arabera.

Berez, iazko uztailetik ari dira lanean Hendaiako Lekueder kaleko 18.ean (Lapurdi), baina atzo arratsaldean egin zuten inaugurazioa. Antxeta irratiak hogei urte bete baitzituen otsailaren 20an. «Aitzakia polita zen urteurrena gogoratzeko eta estudioa zabaltzeko», Maia Muruaga kazetariaren iritziz.

Behe Bidasoa eskualdeko irratia da Antxeta: Hendaia, Urruña, Biriatu (Lapurdi), Irun, Hondarribi (Gipuzkoa) eta Berako (Nafarroa) informazioa lantzen du. Hego Euskal Herriko hiriburuetara ere iristen da Antxeta 2 irratiaren bitartez, 2019ko abendutik.

Agus Hernan izan zen irratiaren sortzaileetako bat. Presidentea da gaur egun. «Arrazoi genuen», esan zien inaugurazio ekitaldian bildutakoei, irratiaren proiektuak sortu zituen mesfidantza eta zalantza batzuk gogoan. Zergatik euskaraz? Zergatik Hendaian? Halako galderak egiten zizkioten Agus Hernani.

Hogei urte geroago, galdera horiek ez dute zentzurik. Antxeta irratia komunikabide bat da, euskalduna, mugaz gaindikoa eta komunitarioa. Lau ezaugarri horiek dira haren izaeraren oinarriak, Hernanek nabarmendu zuenez: «Poliki-poliki gure lekua egin dugu, onartuak izan gara, eta erreferentzia ere bagara».

Bazen irratiaren sortzaileari egiten zioten beste galdera bat ere: zergatik antxeta, eskualdean kaio esaten bazen? Baina Kaio irratia izena gustatu ez, eta Antxeta irratia izena jarri zioten.

Ordezkaritza zabala

Atzoko ekitaldian izan ziren Hendaiako, Irungo, Hondarribiko, Biriatuko eta Urruñako herriko etxeetako ordezkariak; baita Euskararen Erakunde Publikoko Ibai Agirrebarrena teknikaria ere; eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea.

Antxeta irratiak egiten duen zubi lana izan zuten gogoan Michelle Mounios Hendaiako Kultura eta Hizkuntza Politika zinegotziak eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak. Muga administratiboak gainditzen ditu bere eskaintzarekin, zenbaitetan mugak egon badaudela gogorarazten badiete ere: COVID-19aren kontrako neurrien berri ematean, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Frantziako Gobernuaren protokoloak azaldu behar izan dituzte.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak irratiaren meritua goraipatu zuen aurrena; gero, adierazi zuen zerbait erakusten zuela atzo bildutako erakundeetako ordezkaritzaren zabaltasunak.

Antxeta irratiaren egoitza zaharra herriaren erdi-erdian zegoen; oraingoa, berriz, industrialde batean, aparteago. Saltoki handien, industria enpresen... artean.

Horma zuriak, argitsua, garbia, mahaiak erredakzio baten moduan antolatuta, hiru estudio... Ez du zerikusirik aurrekoarekin. Egoitza zaharrak hainbat gabezia eta aje zituen, Zapirainen esanetan: «Eraikina oso zaharra zen, egurrezko egitura zuen; ez zeukan leihorik; ezta erredakzio gelarik ere: kazetari bakoitza bulegoan edo estudioan egoten zen; eta txikia zen, 40 metro koadro baino ez zituen erabilgarri».

Estudio zaharraren hasierako xarma zama bihurtu zen gero. Jabeek ez zuten berritzeko lanik egin. Kazetari bati sabaiaren zati bat erori zitzaion egoitza zaharrean pasatu zuten azken-aurreko egunean. Zapirainen ondoan, landare bat, bizirik: «Hemen landareak bizirik daude; han pentsaezina litzateke».

Duela sei urte inguru hasi ziren Hendaiako Herriko Etxearekin egoitza aldaketaz hitz egiten, eta erakundeak enpresentzako daukan eraikin batean aurkitu dute leku egokia. Enpresentzat prestatua bai, irrati batentzat ez. Espazioa egokitu egin dute, irrati berria antolatzeko. Hormak bota eta estudioak hotsgabetu ere bai, jakina. «Lurra salbu, beste guztia aldatu dugu. Lan ikaragarria izan da».

Egoitza berriak lan dinamika berria ere ekarri du. Orain, kazetariak elkarren ondoan edo parez pare daude. Talde gisa antolatuta. «Elkar ikusteko eta elkarrekin lan egiteko leku bat dugu», nabamendu zuen Koldo Nausia kazetariak. «Lehen, bakoitza estudio batean sartuta egoten ginen».

Irrati komunitarioa da Antxeta,eskualdean errotua eta bertako jendeari lotua. Kolaboratzaile sare zabala du. Izaera horri eustea du erronka. «Elkarte bizi bat izan behar du», Zapirainen ustez. «Irratia denok elkarrekin egiten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.