ATZEKOZ AURRERA. Olaia Merino Erbiti. Kartelaren egilea

«Gure kartelen historia oinarri hartuta sortu dut aurtengoa»

Diseinu grafikoa pasioa izan da txikitatik Erbitirentzat. Ilustrazio digital baten bidez, iruindarrak islatu nahi izan ditu sanferminetako kartelean: «Jendeak sortzen ditu sanferminak».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Iruindarrak izango dira aurtengo sanferminetako protagonistak. Beti bezala kartelak irabazi du lehiaketa; Olaia Merino Erbitik (Iruñea, 1993) sortu du. Diseinatzailea da, eta Arte Ederrak ikasi ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. Sanferminetako ohiko kolorez jantzita ageri da jendea dantzan; batzuk besteen gainean pilatuta. 1930eko hamarkadako karteletan oinarrituta dago, gizartean arreta jarri nahi izan duelako. Epaimahaiak hautatutako hamar kartelen artean euskarazko izena duen bakarra da.

Nondik sortu zen kartelaren ideia?

Itaroako merkataritza gunean [Nafarroa] egiten duten lehiaketa baterako figura bat egin nuen, eta, erabilitako estiloa gustatu zitzaidanez, estilo horren bidez Iruñeko jendea islatzea erabaki nuen. Kartel zaharrak aztertu nituen, eta ikusi nuen bertan jendea sanferminetako arroparekin ageri zela. Gure kartelen historia oinarri hartuta sortu dut aurtengo kartela.

Teknika digitala erabili duzu?

Dena digitalki eginda dago. Koloreei eta formei garrantzia eman nahi nien. Bata bestearen gainean dauden figurak dira.

Ez zara lehenago aurkeztu, ez zinelako prest sentitzen. Saiakerak egin dituzu aldez aurretik?

Lehenago kartelak egin izan ditut, baina ez ditut inoiz aurkeztu. Honekin prest nengoela sentitu nuen, eta uste nuen bestak eta jendea oso ondo islatzen zituela.

Zergatik islatu nahi izan duzu jendea?

Beste urteetako karteletan ez zelako jendea agertzen. Nire ustez, jendeak sortzen ditu sanferminak. Gainera, aniztasuna islatu nahi nuen edonor identifikatuta sentitzeko.

Nolakoa da Iruñeko jendea?

Alaitsua, oso dinamikoa, beti mugimenduan dago. Jendea pozik dago, oihuka, kantatzen... Horrelakoak gara; dena ematen dugu.

Jendea pilatuta ageri da kartelean; horrela irudikatzen dituzu?

Sanferminak bizi izan ditugun guztiek badakigu horrelakoak direla; kalera ateratzean jendeak hegan eramaten zaituela dirudi. Txupinazoan batez ere, kaleak jendez gainezka daude. Ez dira %100ean berdinak izango, baina espero dut laster beti bezalakoak izatea.

«Beti bezalakoak» esaten duzunean, zer esan nahi duzu?

Lehen bezalakoak izan daitezela; hau da, beldurrik gabe eta arraro sentitu gabe jendea besarkatzea. Itzultzea gustatuko litzaidake, baina badakit bere horretan ez direla itzuliko. Hortaz, behintzat kartelaren bidez itzul daitezela.

Kartelean ez da zezenik ageri;zezenketarik gabeko sanferminak islatu nahi izan dituzu?

Ez naiz horretan sartu, beste ikuspegi batetik bizi ditudalako bestak; jendean eta sanferminek sortzen duten zirraran zentratu naiz. Sanferminen esentzia ez dira zezenketak, baizik eta kaleko poztasuna eta kaleak gorriz tindatua ikustea. Jendearentzat sanferminak zer diren islatu nahi izan dut.

Zurea da izena euskaraz zuen bakarra. Zer islatzen du horrek?

Egia esan, ez dakit. Niretzat garrantzitsua da, Iruñeko hizkuntzetako bat delako. Polita da, eta ez da galdu behar. Garenari keinu bat egin nahi nion.

Kartelen inguruan esandakoei erreparatu diezu?

Kartelaren inguruan sortu ziren iruzkinei eta bozketei erreparatu diet. Urduritasuna lantzen laguntzen zidan, isiltasunean bizi nuelako urduritasuna. Hala ere, sare sozialak bigarren mailan utzi ditut, denetariko iruzkinak daude eta.

Nola bizi izan duzu iruzurraren auzia?

Disgustu handia hartu nuen, oso ilusionatuta bainengoen. Maila oso ona zen;hortaz, emaitza edozein izanda ere, pozik egonen nintzen.

Nondik datorkizu diseinu grafikoarekiko pasioa?

Txikitatik. Beti marrazten nuen amatxirekin eta izebarekin. Txikitatik paper bat jarri didate aurrean. Gainera, gurasoek beti eskaini didate babesa. Gehienetan, gurasoek entzuten dutenean Arte Ederrak ikasi nahi dituzula, pentsatzen dute gosez hilko zarela; bidean laguntzeagatik eskerrak eman nahi dizkiet gurasoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.