ATZEKOZ AURRERA. Mireia Alberdi. Dietista eta nutrizionista

«Furgoneta bidaiariei lana erraztea da helburua»

Furgonetan bidaiatzen dutenek sarri «kalitate eskaseko» elikagaiak jaten dituztela uste du Alberdik. Janaria nola garraiatu eta kontserbatu azalduko du, besteak beste, tailer batean.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
ane insausti barandiaran
Legazpi
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ofizioz dietista eta nutrizionista da Mireia Alberdi (Bergara, Gipuzkoa, 1973), eta urteak daramatza furgonetan bidaiatzen. Afizioa eta ofizioa elkartuta, horrelako bidaietan osasuntsu elikatzeko tailer bat emango du uztailaren 6an, Legazpiko (Gipuzkoa) Ekinhaz osasun eta errendimendu zentroan. Berehala bete zen tailerrerako lehenengo taldea, eta beste bat osatzeko aukera mahai gainean daukate, itxaron zerrendan dagoen jendearekin.

Furgonetan ibilitakoa zara. Asko sufritu duzu ondokoen elikatzeko modua ikusten?

Pixka bat bai, egia esan. Azkenean, bakoitzak kontrolatzen dituen kontuetan jartzen du arreta. Ile-apaintzaile batek besteen ileei erreparatuko die, eta nik, nahi barik, jendeak zer jaten duen eta bere platerak zelan prestatzen dituen begiratzen dut; zer erritmotan jaten duten, lasai jaten duten edo ez... Izan ere, furgonetan zoazenean, bizitza kanpoan egiten da, eta besteena ikusi egiten duzu.

Hortik dator tailerra egiteko ideia?

Bai, furgonetan bidaiatzen dutenei lana erraztea da helburua. Osasuntsu elikatzeko lau ideia edo gako emango dizkiegu, kontzeptu batzuk argi edukitzeko: joan aurretik zer prestatu, eta bertan daudenean zer kontuan hartu.

Zer aholku emango dituzu?

Udan entsalada bat potoan nola eraman azalduko dugu, eta otorduez gain zer zizka-mizka osasuntsu jan ditzakegun. Aukera asko daude: kontserbak eramatea edo tokian tokiko aukerak aprobetxatzea. Guk, adibidez, Nafarroan esne freskoa saltzen duten makinak aurkitu izan ditugu, eta leku askotan azokak egoten dira fruta erosteko... Gainera, janaria garraiatzeko eta kontserbatzeko aholkuak landuko ditugu, eta zortzi otordu proposatuko ditugu, askotan jarraibideak ematen ditugulako, baina gero ez dugulako jakiten nola egin.

Badaukazu zure esperientziananekdota bereziren bat?

Tarteka tokatu zait profesionaltasun ahalik eta handiena ateratzea. Behin, adibidez, irla batean geundela, gasik gabe geratu ginen. Bonbona kanpora eraman behar zen ferryan, eta biharamunean itzultzen zuten. Hurrengo egunean joan behar ginenez, ez betetzea erabaki genuen. Azkenean gehiago geratu ginen, ordea, eta genituen baliabideekin plater osasuntsuak prestatzen ahalegindu ginen.

Bergaran egin zenuen tailer bera. Nola erantzun zuen jendeak?

Lagunei bidali nien Bergarako tailerraren berri, eta izugarri zabaldu zen. Egunean bertan bi talde sortu ziren.

Euskal Herria furgonetaz beteta dago...

Egia da azken urteetan modan dagoela horrela bidaiatzea. Atentzioa eman dit zenbat jendek izena eman duen ikusteak. Talde txikiak izatea gustatzen zait, aukera ematen duelako ideiak partekatzeko. Ez delako gauza bera furgoneta batean joan, edo autokarabanan.

Zein dira jendeak egiten dituen akats nagusiak?

Akats handiena da prestatutako jakiak jatea, baina kalitate eskasa dutenak. Janari ultraprozesatuak asko erabiltzen dira. Oporretan gauden aitzakian oso noizean behin jateko gauzak ohitura bihurtzea da arriskua. Atera kontuak, asteburuero joaten bazara, gehi zubiak, oporrak... egun asko dira guztira.

Tailerra edonorentzat izan daiteke baliagarria?

Tailerra interesa daukan edonorentzat da. Badago jakin-mina daukan jendea, baina askotan ez dugu edukitzen denborarik horretan pentsatzeko. Bezeroek askotan esaten didate: «Hara, ba ez da hain zaila!». Horrez gain, Bergarako ikastarora etorri zen furgonetarik ez daukanjendea ere. Hondartzarako edo bungalow batean gaudenerako ere balio dute ideia horiek.

Baina, tarteka, gutiziaren bat jan ahalko da, ala? Oporrak dira...

Hori da nik beti ematen dudan mezua: bakoitzak egin dezala nahi duena; gu ez gara inoren fiskalak. Gu aholkuak emateko gaude, jendeak erremintak eduki ditzan. Gero bakoitzak erabakitzen du zer maiztasunekin nahi dituen gauzak osasuntsuago egin edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.