ATZEKOZ AURRERA. Nastja Slavec. Antropologoa

«Ezin zaio izkin egin bestari; kalera atera, eta nonahi da»

Lehen aldia du Slavecek Iruñeko sanferminetan. Antropologoaren betaurrekoetatik azaldu du nola ikusten duen besta. Kaleko musika eta bazkariak maite ditu; zaratak ez dio ongi lo egiten uzten.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Martxoan etorri zen Iruñera Nastja Slavec (Trieste, Italia, 1992). Antropologia doktoretza egiten ari da, eta landa ikerketa egiteko etorri zen Nafarroako hiriburura. «Euskal dantzak eta hizkuntza minorizatuak interesatzen zaizkit, eta Iruñeko euskaldunen esperientziak jaso nahi ditut», azaldu du. Bera esloveniar kulturakoa da. Alde Zaharrean bizita, sanferminez gozatzeko aukera izan du lehenbiziko aldiz. Kanpokoaren begietatik aritu da bestaren barrunbeez.

Zer moduz sanferminak?

Uste baino hobeki. Jendeak aholku anitz eman zizkidan besten aurretik: kontuz ibiltzeko lapurretekin, zikinduko nintzela, zapatila eta sakelako zaharrak ibiltzeko... Pixka bat beldurtu nintzen, baina, azkenean, oraingoz, dena ongi.

Kanpotik etorritakoei ongi datozkizue aholkuak?

Bai, noski. Hemengo jendearekin elkartu naiz, eta haiei jarraitu diet. Giro lasaiagoetan egoteko parada izan dut, baita bazkari askotan ere.

Zer espero zenuen sanferminetatik? Eta zer aurkitu duzu?

Jende asko eta zarata asko espero nituen, baina ez nuen inondik inora espero egitaraua hain zabala izanen zenik. Bitxia egin zait jendeak sanferminen aurreko egunetan zituen espektatibak, eta txupinazoa ere harrigarria zen, urte berria hasi zela zirudien. Prozesioa bitxia da, nola dagoen dena erritualizaturik, nola elkartzen den Eliza, udala, dantzariak, erraldoiak eta guziak.

Triesten antzeko bestarik baduzue?

Ez nuen sekula ikusi halako zerbait. Uste dut inauteriak direla honen antzik handien dutenak, baina, honekin alderaturik, gure inauteriakez dira deus.

Oraingoz, zer egin duzu? Zerk harritu zaitu?

Gauza asko egin ditut. Uztailaren 7an prozesioa zenbait tokitatik ikusi nuen: San Saturnino elizaren inguruetan eta Curia karrikan. Hor ere, alkatearen aurka oihu egiten zutenena erritu bat da, protesta egiten duten guziak han baitaude. Hori ere oso bitxia da, bai. Entzierroa ere ikusi dut Estafetatik, eta emozio handikoa iruditu zitzaidan. Hala ere, pena handia eman zidan zezenak beren heriotzara korrika ari zirela pentsatzeak. Eztabaida hori izan dut jendearekin: zezenketa ikusi edo ez? Hemengo ohiko zerbait baita, baina azkenean ez naiz joan; jende asko ez doa, gainera. Ez dut maite animaliak sufriaraztea.

Zezenketei lotuak dira ezagunak sanferminak Iruñetik kanpo. Bestelako besta topatu duzu?

Egia da zezenak direla ezagunenak, baina ikusi dut hemengo jendeak beste gauza batzuk ere egiten dituela. Asko harritu nau musika eta txaranga asko daudela karrikan, ordu guzietan, baita 02:00etan ere, lo egin nahi baina ezinean ibili nintzenean. Dianek ere iratzarri naute goizeko zazpietan.

Alde Zaharrean bizi baitzara. Horrek alde on eta txarrak ditu?

Bai. Alde Zaharrean zarata asko dago. Zaila da, niri lo egitea asko gustatzen zaidalako. Sanferminen aurretik iruindarrek eman zidaten aholkuetako bat izan zen deskantsatzeko tartea hartzeko, ohartarazi zidaten ez dela derrigorrezkoa egunero besta egitea.

Uztailaren 14ra ailegatuko zara?

Baietz espero dut. Lanean ere ari naiz, nire ikerketarako oharrak hartzen. Azkenean, bi gauzak uztartzen saiatzen ari naiz, ezin baitiozu bestari izkin egin. Karrikara atera, eta besta nonahi dago. Etxean itxita ez bada, ezinezkoa.

Antropologo gisa, interesgarria da besta hau aztertzea?

Hori ez da nire ikerketa gaia, baina oso interesgarria da, bai. Arestian aipatutako prozesioa, esaterako. Bestalde, sumatzen da giro euskaldunagoak daudela, baina baita nagusiki atzerritarrak joaten diren beste giro batzuk ere.

Zer maite duzu gehien?

Oro har, bazkarietako giroa maite dut gehien: bazkalondoan jotzen eta kantatzen ibiltzea.

Euskara ikasten ari zara. Aprobetxatu duzu praktikatzeko?

Saiatzen ari naiz ahal dudanetan euskaraz egiteko aprobetxatzen.

Badago ezer tokiz kanpo?

Zezenketen arazoari buruz hausnartu behar dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.