ATZEKOZ AURRERA. Josean Azpirotz. Taxi gidaria

«Ederrak dira sanferminak, baina ez lanean gabiltzanontzat»

Hogeita sei urte daramatza Josean Azpirotzek taxi gidari. Harreman gazi-gozoa du sanferminekin: hunkitu egiten da hasten direnean, baina egoera «oso desatseginak» bizi izan ditu.

ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Sanferminen B aldea ezagun du Josean Azpirotzek (Berriobeiti, Nafarroa, 1975), mende laurdena daramalako Iruñean taxi gidari, arratsalde eta gaueko txandan. Harentzat, jaiak aukera dira «ohi baino lan gehiago egiteko», baina kexu da jendearen «errespetu faltagatik», besteak beste.

Nola daramatzazu festak?

Egia esanen dizut?

Bai, mesedez.

Oraintxe bertan behera geldituko balira, ez ninduke penatuko.

Zergatik ez?

Maite ditut sanferminak, eta hunkitzen naiz hasten direnean; baina, era berean, gorroto ditut. Sanferminak ederrak dira, baina festan murgilduta direnentzat soilik. Jendaurrean lan egin behar dugunok bukatzeko irrikan egoten gara. Festa hauek diseinatuta daude parranda egin nahi dutenei begira; langileondako, berriz, oso gogorrak dira.

Festak ez dira berdin bizi alde batean eta bestean?

Ezberdina da erabat. Lan egitea gogorra da, baina denak lanean ari badira, jasangarria da. Aldiz, askoz gogorragoa da denak festan diren bitartean lan egitea. Pazientzia handia behar da, jendeak uste baitu zu ere festa giroan zaudela, eta errespetu faltak aguantatu behar dituzula irribarre batekin. Orain, imajinatu hori egunero errepikatzen dela.

Turistentzat, Iruñea legerik gabeko hiria dela esan ohi da. Hainbesterako al da?

Bai, baina ez da kanpotarren kontua soilik. Esaten diete sanferminetan edozer egin dezaketela, denak balio duela... eta horixe egiten dute.

Nola aldatzen da zure lana sanferminetan?

Uztailaren 5ean hasten gara aldea nabaritzen, arratsaldez batez ere: jende andana ailegatzen da autobus geltokira, tren geltokira edo aireportura. Parrandarako gogoz etortzen dira, lehen egunetik.

Zuk arazoak izan dituzu jendearen portaerengatik?

Eguneroko kontua da. Igandean, adibidez, lankide bat jipoitu zuten. San Ignacio etorbidean hartu zituen hiru bezero: mozkor zihoazen, eta irainka hasi zitzaizkion. Hortaz, 200 metrora gelditu, eta jaisteko eskatu zien, eta horietako batek ukabilkada bat jo zion aurpegian. Tamalez, halako egoerak oso ohikoak dira sanferminetan.

Hala ere, bezero gehiago dituzue festetan; hori ez al da ona?

Bai, baina aldea ez da hainbesterako ere. Jendeak uste du sanferminak pagotxa direla negozio guztientzat, dirutza egiten dugula... Ezta hurrik ere. Taxi bat ez da taberna bat. Ostalaritzan fakturazio askoz handiagoa dute sanferminetan, langile gehiago kontrata ditzakete, ordutegia zabaldu... Baina taxian, nahita ere, ezin ditut bidaia askoz gehiago egin, ezta jende gehiago hartu ere. Taxi geltokian hamabost pertsona izan ditzakezu zain, baina autoan lau besterik ezin dira sartu. Ordubetean, asko jota, hiruzpalau bidaia egiten ahal ditut: bezeroak Alde Zaharrean hartu,eta auzoetara edo inguruko herrietara eraman. Horretarako, berdin dio Iruñean milioi bat pertsona badaude, edo ehun. Funtsean, larunbat arrunt baten gisakoak izan ohi dira sanferminetako gauak guretzat.

Tira, ez dago gaizki ere...

Ongi dago, bai, astebetean egiten dugulako zazpi edo zortzi larunbatetan eginen genukeena. Baina aintzat hartu behar duzu, sanferminen ondotik, Iruñea basamortu bat dela. Uztailean eta abuztuan ez dago inor, eta ia ez dugu diru iturririk. Sanferminetan lan asko egiten dugu, bai, baina ez gara aberasten: balio digu udako zuloa estaltzeko, besterik ez.

Nolakoa da sanferminetako ohiko lanaldi bat?

Gorabehera handiak daude. Atzo gauean, adibidez, ez zegoen lanik batere. Entzierroaren aurretik eta bazkalorduan bezero olde handi xamarrak izaten ditugu, baina 04:00 eta 05:00 artean, aldiz, inork ez du taxirik hartzen.

Sanferminetan prezioak puzten dituzuela ere esan izan da...

Beste mito bat da hori. Tarifa bera dugu urte osoan. Iruñerrian, gainera, nahiko merkea da. Gurea hiri txikia da, eta distantzia urria dago auzo batetik bestera. Batez beste, hamar euro balio dezake taxia hartzeak. 15 euro, asko jota, Alde Zaharretik Iruñerriko herririk apartatueneraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.