ATZEKOZ AURRERA

Ahotik belarrietara

'Ipuingarria izango da' egitasmoan parte hartu dute San Fermin ikastolako haurrek. Karrikiri elkarteak antolatuta, ilustrazio tailerra eta ipuin kontaketa izan dituzte Kondestablearen jauregian.

San Fermin ikastolako ikasleak, atzo, Ainara Azpiazuk Iruñean eskaini zuen ilustrazio tailerrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Txanoak jantzita eta sudur gorriarekin sartu ziren San Fermin ikastolako haurrak Kondestablearen jauregian. Euritik babesteko ez ezik, Ipuingarria izango da Karrikirik antolatutako liburuaren festan parte hartzeko aukera ere izan zuten han.9 urteko haurren ahotsek burrunba egin zuten harrizko hormetan, beraz. Egitasmoaren antolakuntzan parte hartu duen Amaia Elizagoienek azaldu zien isil-isilik egon behar zutela: «Museoetan ez da hitz egin behar». Azkenean, haurrek txintxo-txintxo bete zuten Elizagoienek esandakoa, eta jauregian isiltasuna nagusitu zen berriro.

Eraikinaren berotasunean murgilduta, Elizagoienen atzetik igo zituzten eskailerak. Egurrezko eskailera zaharrek karraskatu zuten ikasle taldea gainetik igarotzean. Ume horietako batek argi utzi zuen beldurgarriak zirela. «Niri ere beldurra ematen didate», esan zion Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak.

Ikasle taldea bitan banatu zen, eta horietako batzuek bi solairu igo zituzten; beste batzuek, hiru. Bigarren solairuan, egurrezko ate astun baten atzean, ilustrazio tailerra zegoen. Bi mahai luzek zeharkatzen zuten aretoa, eta aulki bakoitzaren aurrean paperezko orri handi eta txiki bana zeuden. Margoez, arkatzez eta borragomaz hornitutako mahaiak ikusi bezain pronto, umeek berokiak erantzi, eta tontor bat sortu zuten. Margotzen hasteko gogoz ziren.

Hasi bezain pronto, Ainara Azpiazu ilustratzaileak azaldu zien bere Basoan barna liburuan oinarrituko zirela marrazkiak egiteko orduan. Umeei Euskal Herriko basoetan aurki daitezkeen animaliak proposatzeko eskatu zien, eta berehala haur batek oihukatu zuen: «Ornitorrinkoa!». Azpiazuk lasai azaldu zion ornitorrinkorik ez dagoela Euskal Herriko basoetan; beste adibide batzuk eskatu zituen. Izaro Santxo izan zen ziztu bizian eskua altxatu zutenetako bat, eta azeria margotu nahi zuela esan zuen: «Marraztea nahiago dut kolorea ematea baino. Dibertigarriagoa da».

Basoko biztanleak

Azeria, sugea, untxia, otsoa eta pinpilinpauxa izan ziren umeek proposatutako animaliak, eta Aspiazuk, errotuladore beltzaz eta berdeaz baliatuta, arbelean irudikatu zituen. Izaro Santxoren gelakideak berehala hasi ziren lanean, ilustratzaileak margotutakoa imitatzeko asmoz.

Haur bakoitzak bere erritmoan margotu zuen: batek azeria marrazten amaitzen zuen bitartean, ondokoa pinpilinpauxa margotzen ari zen. Proposatuko basoko animaliak orrian marraztuta zeuden, baina haien etxea falta zen: basoa. Bat-batean, berde eta marroi koloreen eskariak gora egin zuen aretoan. Margoak eskuratzeko borroka bukatuta, ume bakoitza bere animalientzako bizilekua sortzen hasi zen.

Saioaren amaieran, haurrek ez zuten pintura askatu nahi: untxiaren belarriak amaitu gabe zeudelako, pinpilinpauxa kolorerik gabe zegoelako edo otsoak buztanik ez zuelako. «Etxean amaitu dezakezue», esan zuen Azpiazuk ikasleak lasaitzeko helburuarekin. Bukatu gabeko orriak hartu eta hurrengo egitasmora abiatu ziren, berriro Kondestablearen jauregiko korridoreak haien ahotsekin betez.

Hirugarren solairura igo eta han, gela txiki eta goxo batean,Iñaki Carretero ipuin kontalariarekin egin zuten topo. Ipuinez inguratuta agurtu zituen umeak, eta haien aurrean eseri zen. «Nork maite du irakurtzea?» galdetu zuen Carreterok, eta esku gutxi batzuk altxatu ziren. «Haurrek ez dute espero ipuinak maitatzea, baina letrekin harremana indartzen saiatzen naiz», azaldu zuen ipuin kontalariak. Esku gehiago altxarazteko, alfabetoa eta imajinazioa bateratzen duen liburua erakutsi zuen: v letra ispiluan begiratzen denean w da; n letrak zezkutatzen du. Haurrak letren sekretuak asmatzen saiatu ziren.

Joko horren ondotik adi-adi entzun zuten ipuin kontalariak esaten zuena, eta, liburu bat eskuan zuela, umeen imajinazioa piztuko zuten irudiak erakutsi zituen. «Zer da hau?», galdetu zuen Carreterok, oilar baten gandorraren zatia erakutsiz. Eguzkia, sua eta izar bat izan ziren umeen hipotesiak, eta oilarraren gandorra zela ikustean harridura aurpegiak nagusitu ziren.

Bukaeran iritsi zen ikasleentzako momenturik zirraragarriena:beldurrezko istorio bat. Haur batzuen aurpegi bihurriak haien irakasleari begira jarri ziren, Carreterok kontatuko ziena entzuteko baimena eskatuz bezala. Ipuin kontalaria bere amonak kontatutako istorio batekin hasi zen. Osagai onak zituen: sorgina, hiltzailea eta ume bihurriak. Umeek ez zioten begirik kendu hizlariari. Eskuak ahora eraman zituzten, izua geldiarazteko asmoz.

Ipuin beldurgarria Sahararen ahotik Euskal Herriko belarrietara iritsi zela esan zien Carreterok. Hala ere, istorioaren bidaia ez zen hor bukatu: «Orain, belarrietatik zuen ahoetara joan beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.