ATZEKOZ AURRERA. Maitane Müller Olaizola. Ekoliderra

«Lidergo jasangarria posible dela ikasi nuen»

Iaz, Gazte Ekoliderrak formakuntzan parte hartu zuen Müllerrek. Horri esker, asko daki jasangarritasunari eta lidergoari buruz. «Lidergo jasangarria» beharrezkoa dela dio.

JON URBE / FOKU.
unai etxenausia
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Zabalik dago Gazte Ekoliderrak prestakuntza ibilbidean parte hartzeko deialdia. Kutxa fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dute programa, EHUko Udako Ikastaroak fundazioaren laguntzarekin. Gazteak iraunkortasunean eta lidergoan trebatzea du helburu. Guztira, 18 eta 30 urte bitarteko 30 gaztek izango dute programa horretan parte hartzeko aukera.

Maitane Müller Olaizolak (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 1995) parte hartu zuen iazko formazioan. Bere esperientzia kontatu, eta jasangarritasunari eta lidergoari buruz zenbat ikasten duen azaldu du. Dagoeneko ekolider bat da, eta aurtengo programan izena ematera animatu ditu Euskal Herriko gazteak.

Zer da gazte ekolider izatea?

Jasangarritasunean eta lidergoan interesa duten gazteei zuzenduta dago ekoliderrontzako ikastaroa. Jasangarritasunari buruzko prestakuntza eta informazioa eman ziguten. Formazio bat zen, baina helburuetako bat bizitzako ibilbidearen parte izatea zen.

Zergatik erabaki zenuen formakuntzan parte hartzea?

Jasangarritasuna beti izan da oso garrantzitsua niretzat. Halere, azken momentuan apuntatu nintzen, asko pentsatu gabe.

Zer da ba zuretzat jasangarritasuna?

Jende gehienak uste du jasangarritasuna ingurumenarekin lotuta dagoela bakarrik, baina horren barruan beste bi gauza hartu behar dira kontuan: gizartea eta ekonomia.

Asko ikasiko zenuen formakuntzan.

Apuntatu nintzenean ez nekien ondo bizitzan zer egin edo zer izan nahi nuen. Arkitektura ikasi nuen, eta arkitektura jasangarrian gehiago sakondu nahi nuen, hori bai. Baina ez nuen jasangarritasuna arkitekturari aplikatzea bakarrik nahi. Ikuspegi orokorragoa izatea nahi nuen, eta, horrela, gero zer bide aukeratuko nuen jakin nahi nuen. Prestakuntzari esker, ekologiarekin eta jasangarritasunarekin lotura handiagoa duten gauza asko ikasi ditut.

Adibidez?

Elikadurarekin, eraldaketa energetikoarekin, ekofeminismoarekin, bioaniztasunarekin, finantzaketa berdearekin, digitalizazioa eta ingurumenarekin, kontsumo berde eta zirkularrarekin... Gainera, urbanismoa eta jasangarritasunarekin zerikusia zeukaten gauzak ere landu genituen. Oso interesgarria izan zen, eta, gainera, jasangarritasunaren inguruan nekiena baino gehiago dakit orain.

Erronka gisa hartu zenuen formakuntza?

Batetik bai, formakuntza bat zen eta batez ere ikastera joan nintzen. Ikastaroa baino lehen ere aktibista nintzen. Hasieran, arraroa egiten zitzaidan formakuntzan lidergo hitza entzutea, baina ikastaroari esker konturatu nintzen gizartean lidergoa beharrezkoa dela. Lidergo jasangarria posible dela ikasi nuen.

Talde ederra osatuko zenuten.

Duela asko abiatu zituzten formakuntza hauek, baina ez ziren egin urte askoan. Gu izan ginen itzulerako lehen taldea. Planteamendua aldatu zuten: lehen dena presentziala zen, baina guk, aurrez aurreko saioez gain, Internet bidezko saioak ere egin genituen. Aurrez aurre elkartzen ginenean, elkar gehiago ezagutzeko aukera izan genuen, eta oso harreman polita sortu genuen ekoliderron artean. Gainera, gipuzkoar jendea baino ez zela egongo uste genuen hasieran, baina Euskal Herri osoko jendea elkartu ginen. Guztioi interesatzen zitzaigun, eta gauzak eraldatzeko gogoa genuen.

Zerbait aldatu da zugan ekolider izateari esker?

Tresna asko eman zizkiguten aktibismoan eta jasangarritasunean lider izateko. Gehiago ezagutu genuen geure burua. Nekagarria eta gogorra izan daiteke aktibismoa, denbora guztian gauza berriak egiten dituzu, eta jasotzen duzun emaitza ez da beti espero duzuna. Formakuntzan, energia guztia berreskuratu nuen, eta jarraitzeko indarra eman zidan. Horrez gain, ikasi nuen gauzak modu desberdinetan egin daitezkeela; taldean bada, hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.