ATZEKOZ AURRERA. Alfonso Sueskun. Erlojugilea

«Erlojuak berebiziko garrantzia du gizartean»

Erlojugilearen ogibidea galtzear dago. Sueskunen ustez, ordua emateko baino askoz gehiagorako balio du erlojuak, eta «arma boteretsu bat» ere izan daiteke batzuetan.

RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Tresnaz beterik dago mahaia, eta erloju zahar bat konpontzen ari da. Milaka konponduak ditu jada Alfonso Sueskunek (Gasteiz, 1961), eta Gasteizko udal erlojuen mantentze lanak ere egiten ditu.

10 urte besterik ez zenituela hasi zinen erlojugile lanetan, ezta?

Nire bizitza da. Beti egon naiz erloju artean. Umetan, erloju zahar eta hautsiekin jolasten nintzen, eta, 10 urterekin, aitaren bezeroen erloju batzuk konpontzen hasi nintzen. Aitak erlojuak garbitzen zituen, eta konpondu egiten nituen nik. Bitartean, ondo ari ote nintzen begiratzen zuen.

Horretan jarraitzen duzu oraindik.

Ahizparik gazteena izan ezik, beste lau anai-arrebak erlojugile aritu gara. Orain, anaiak eta biok jarraitzen dugu bakarrik.

Orduari begira ematen dugu bizitza. Zergatik?

Erlojua ez da soilik neurtzeko tresna bat: erlojuak berebiziko garrantzia du gizartean. Erlojuak bizi erritmoak markatzen ditu: noiz oheratu, noiz jaiki, noiz lan egin, noiz atseden hartu... adierazten dizu. Arma boteretsu bat ere izan daiteke, pertsona desegokiek maneiatzen badute.

Ikusten dut tailerra tresnaz beteta daukazula. Erlojuak konpontzeko tresna bereziak al dira guztiak?

Bururatzen zaizkizun eskuzko tresna guztiak beharrezkoak dira erloju tailerretan. Gainera, tresna espezifiko asko daude erlojugintzan bakarrik erabiltzen direnak. Bizitza osoan, beste objektu asko konpontzen eta manipulatzen ere lan egin dut, baina ez dut ezagutu erlojugintza baino tresna gehiago erabiltzen duen beste lanik. Horrez gain, erabiltzen ditugun tresna espezifiko guztiak oso garestiak dira.

Zergatik dira hain garestiak?

Bere zentzua du. Erlojugintzaren merkatua gizarteko sektore txiki batentzat da, eta, hainbeste eskari ez dagoenez, prezioak garestiak dira. Erlojugile tornu batek 30.000 euro inguru balio dezake. Madrilgo lagun erlojugile batek beti esaten zuen: «Pobreen lanbide bat dugu, baina aberatsen tresnak erabiltzen ditugu». Nik 51 urte daramatzat ofizioan, eta izan nahiko nituzkeen baina ez ditudan tresna asko falta zaizkit.

Beraz, zuen lana askok uste baino konplexuagoa da?

Erloju batek pieza asko ditu; gainera, aldagai askok eragiten dute hartan, eta kontuan hartu behar ditugu. Erloju baten mekanismo konplexuaren barruan, dena dago lotuta. Jende gutxik daki erlojugintzaren bilakaera oso garrantzitsua izan dela munduko industriaren aurrerapenerako. Erlojugileek asmatzen zituzten gauza asko industriarako erabiltzen ziren. Gauza askotan aitzindariak izan dira erlojugileak.

Ez da oso lan ezaguna erlojugilearena.

Gutxietsita egon da beti. Intrusismo handia dago, prestatu gabeko jende askok esaten baitu erlojugilea dela. Erlojugile izan nahi duenak prestakuntza handia behar du. Ni erlojugile zaharberritzailea eta konpontzailea naiz, baina ez naiz erlojugile maisua. Erlojugintzaren arlo guztiak menderatzen dituena da erlojugile maisua. Juan Gutierrez, Donostiako erlojugilea da horietako bat.

Zuk, berriz, Gasteizko udal erlojuen mantentze lanak egiten dituzu.

Mantentze lanak eta konponketak egiten dizkiegu: udaletxekoari, eliza batzuetakoei... Erlojuak orduan daudela egiaztatzen dugu, eta ez direla geldituko.

Erloju digitalak erlojuak dira?

Erloju digitalak ez dira erlojuak, ordua ematen duten etxetresnak dira. Guretzat, ez dira sekula erlojuak izango.

Arte bat al da erlojugintza?

Ez dut uste egokiena naizenik hori baieztatzeko, baina erlojugile trebe batek gauza asko izan behar du: tornularia, fresatzailea, zizelkaria, soldatzailea... Astronomoa ere bai askotan, erloju batek gauza asko marka baititzake.

Ogibideak ba al du etorkizunik?

Lanbidea ez da zaindu. Hamabost edo hogei urte barru, desagertu egingo dira erlojugile gehienak. Bik edo hiruk iraungo dute bakarrik, diru asko irabaziko dute, eta aberatsen erlojuak konponduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.