ATZEKOZ AURRERA. Gerardo Armesto Larzabal. Artista

«Nire lanbidea artearekin lotzen saiatzen nintzen beti»

Armestok biltegian gordeta zeuzkan lan batzuk aurkeztu ditu Gasteizko Zas Kultur Espazioan. Marrazkiek «pertsonen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa» erakusten dute.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Artista zahar batekin hitz egiten ari zara: ziur elkarrizketa hau beti gogoratuko duzula». Horiek izan dira Gerardo Armesto Larzabalen (Gasteiz, 1949) lehen hitzak. Kafetegiko leiho ondoko mahaian eseri, eta lehen zurrutada eman dio ebakiari. Kafeinarik gabekoa da, baina urduri dago, halere, Cuatro figuras. La búsqueda del equilibrio. 1977-2022 lan berria aurkeztuko duelako Gasteizko Zas Kultur Espazioan.

Gerardo Armesto Hernando pintore ospetsua zen zure aita. Odolean daramazu artista izatearena.

Bai. Kontua da aita 1957an hil zela, nik 7 urte besterik ez nuenean. Gutxi dira aitari buruz ditudan oroitzapenak. Hala ere, jende askok ezagutzen ninduen aitari esker. Lagun guztiek eta gertuko jendeak asko maite zuten.

Nahiz eta ez zenuen asko ezagutu, uste duzu hari esker aukeratu zenuela zuk ere bide artistiko bat?

Ziur asko, bai. Beti egon da olio pinturaren usaina nire etxean. Aita hil arren,usain horrek iraun egin zuen. Koadro eta margo pila bat genuen etxean. Orain ere, koadroz beteta daukat etxea.

Zu ere margotzen hasi zinen. Baina hiru dimentsioko objektuak aztertzeko interesa piztu zitzaizun laster. Lehenik, ikus-entzunezkoen munduan, eta eskulturaren eremuan ondoren. Nolakoa izan zen bilakaera hori?

Arkitektura ikasten hasi nintzen, eta urte batzuk eman nituen hori ikasten. Asko gustatzen zitzaidan, baina utzi behar izan nuen. Artista baten semea zarenean, beti ikusten dituzu marrazkiak alde guztietan, eta uste duzu badakizula marrazten. Arkitektura ikasten ari nintzela konturatu nintzen ez nekiela marrazten. Gero, Arte Ederrak ikasi nituen, eta Arte Ederretan, iruditu zitzaidan banekiela. Izan ere, Arkitekturako ikasle askok Arte Ederretako ikasleek baino hobeto marrazten zuten.

Eta gero zer?

Ikasketak amaitzean, nire bizitza nora bideratu pentsatu nuen. Beraz, irakaskuntzarako prestatu, eta bi katedra atera nituen. Gasteizko Herran institutuko katedraduna izan naiz 35 urtez. Marrazketa eskolak ematen nituen. Niretzat, oinarrizkoa zen ikasleei geometria laua azaltzea hiru dimentsioko espaziora pasatzeko. Ondoren hiru dimentsioko eraikuntzak egiten hasteko.

Ulertzen dudanez, zure lanbidea zure bokazio artistikoarekin lotu zenuen, ez?

Nire lanbidea artearekin lotzen nuen beti. Ikasten nituen gauza berriak, obretan aplikatzeaz gain, ikasleei erakusten nizkien. Egunero gauza berriak erakusten saiatzen nintzen. Lehengo ikasle batekin elkartu nintzen aurrekoan, eta nirekin ikasi zuen guztia oroitu zuen. Niretzat, pozgarria da oraindik ere horrelakoak entzutea.

Nondik datorkizu forma geometrikoak hainbeste erabiltzeko joera hori?

Adibide bat. Sevillako [Espainia] arte garaikideko museoan egoteko zortea izan nuen, areto handi batean. Bakarrik. Vasili Kandinskiren erakusketa oso bat neukan parez pare: nire idoloetako bat da. Abstrakzio geometrikoa eta abstrakzio lirikoa landu zituen. Zuzenean eragin dit , baina nik geometrikoa landu dut.

Zure erakusketa berri hau ezberdina da, ordea. Aspaldi margotutako lan batzuk aurkeztu dituzu.

Sevillan bizi nintzenean, istorio oso bitxi bat gertatu zitzaidan etxera lagundu behar izan nion mutil batekin [istorioa Zasen azaltzen du]. Pertsonen arteko komunikazioari eta inkomunikazioari buruzko lan baten hasiera izango ziren marrazkiak egin nituen. Lau lauki egin nituen lehenengo, eta bakoitzak irudi bat zeukan barruan. Konposizio bakoitza ebatzi beharreko ariketa moduan aurkeztu nahi nuen, baina ez zegoen erantzun bakarra.

Zer gehitu diozu 20022an?

Guztia ordenatu, eta obra berreskuratu dut. Nagusia naiz, eta estudioa ordenatuta eduki nahi nuen behingoz. Marrazki hauek aurkitu nituenean, aurkezteko proposamena egin zidaten, eta baietz esan nien. Niretzat, pozgarria da ziurrenik sekula erakutsiko ez nuen obra hau erakusteko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.