ATZEKOZ AURRERA

Ataunen badira arraunak

Albaola Itsas Kultur Faktoriak 'Ataunen arraunen' proiektua aurkeztu du. Antzinako itsas eraikuntza berreskuratzea du helburu, Ataungo basoetako arraunak tartean.

Albaolako ordezkariak, Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, eta Ataungo alkate eta laguntzailearekin. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Pasaia
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Kolpe, erreminta, ohol eta zerrauts artean bilduta dago jende talde bat Albaola Itsas Faktoriako tailerrean (Pasaia, Gipuzkoa). Berritze lanetan murgilduta daude, eta museoa ez dago irekita; hala ere, kanpoan biltzen direnetako batzuk barrura sartu dira, eta taldera batu. Albaolako ikasleek euren lanetan murgilduta jarraitzen dute; taldearen elkarrizketak ez ditu oztopatzen haien eginbeharrak. Propio jarritako pantaila batean irudi batzuk azaltzen hasi dira. Antzinako irudiak dira, txalupa handiak motorrekin mugitu beharrean arraunekin mugitzen zirenekoak.

Izan ere, hori izango da protagonistetako bat: arrauna. Ataunen arraunen proiektua aurkeztu du Albaolak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Ataungo Udalarekin (Gipuzkoa) elkarlanean egindako egitasmoa. Itsas munduari dagokionez, ezezaguna zen arlo bat ezagutarazi nahi izan du proiektuak, hau da, Euskal Herriko hainbat basotako egurrak itsasontziak eta horietako hainbat elementu egiteko erabiltzen zirela. Gainera, eskerrak eman dizkiete proiektuan lagundu duten pertsona eta erakundeei: Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ataungo Udalari.

Xabier Agotek, Albaolako presidenteak, azaldu du Euskal Herriko itsasoak ezaugarri garrantzitsu bat duela: haizea ez dela egonkorra. Horregatik, duela hainbat mende,beharrezkoa zen itsasontziek arraunak izatea, haizerik ez zegoenean aurrera egin ahal izateko. «Horrek arraunen ekoizpen masiboa bultzatu zuen», esan du Agotek. Eta arraun horietako batzuk Ataungo pagoekin egiten ziren.

«Ametsa»

«Gure ametsa zen pagadi batera joatea, eta hango zuhaitzekin lan egitea», aipatu du Agotek, eta lan egiteko aukera bikaina sortu zitzaien. Bixente Dorronsoro ataundarra izan zuten aholkulari, Marumendi basoan. Proiektua garatzeko orduan, herritar talde bat eta Albaolako ikasleak elkarlanean aritu ziren. Lehenengo, zuhaitza botatzen zuten, eta behin botata, ezpalak sartzen zizkioten enborrari, bitan zatitzeko. Gero, behar zen neurriaren arabera enborra moztuz joaten ziren, eta enbor hori txukunduz.

Euskal Itsas Museoko eta Albaolako ikerkuntza saileko zuzendaria da Xabier Alberdi, eta kontatu du garai bateko prozedura bera baliatu dutela: «Arraunei beti itsasertzean ematen zitzaizkien azken ukituak, garraioan apurtzeko arriskua zegoelako, eta horrela egin dugu». XVI. mendean, «milaka eta milaka» arraun ekoizten ziren Ataungo basoetako pagoekin, eta, besteak beste, Espainiako, Frantziako eta Portugaleko itsas armadentzako egiten zituzten arraunak. «Behin, 30.000 arraun egiteko kontratua sinatu zuten Frantziako itsas armadarekin», esan du Alberdik.

Baina, hainbeste zuhaitz ezin ziren nola hala moztu, ziurtatu gabe baso haietan zuhaitz berriak egongo zirela etorkizunean. Alberdik esan duenez, kudeaketa eredu bat bilatu behar izan zuten. XVI. mendean, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri zuen, ustiaketa hori jasangarria izan zedin. «Euskal Herriko kudeaketa legedia eredutzat hartu zuten Frantzian», kontatu du Euskal Itsas Museoko zuzendariak.

Dorronsorok kudeaketa horri eman nahi izan dio garrantzia: «Ataunen ez dugu ia industriarik, eta herritarrek basora eta baserrira lotutako lanak egin dituzte gehienbat. Horregatik dut hainbesteko lotura lurrarekin». Jasangarritasuna aspalditik praktikatzen dutela gehitu nahi izan du ataundarrak: «Naturak ematen diguna zintzo kendu, gero itzultzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.