ATZEKOZ AURRERA

Pilulen ordez, izar gozokiak

Botikak inprimatzeko 3D bioinprimagailua aurkeztu dute Leskarai ikergunean (Gasteiz). Tecnalia enpresak eta EHUk elkarlanean garatutako proiektuaren emaitza da.

Leskaraiko bioinprimagailuak egindako koloretako pilulak. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
«Zer gertatuko litzateke zaharrek edota ospitaleetan dauden umeek hartzen dituzten eguneko hamaika pilula horiek bakarra izango balira eta, gainera, gozokien zaporea eta itxura hartuko balute?». Ahots ozenez egin zuen atzo galdera Agustin Saenz Tecnaliako Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendariak EHUko Laskarai ikergunean (Gasteiz). Bertan zeudenek arretaz entzun zituzten haren hitzak, eta jakin-minez espero zuten erantzuna. Telesailetako atalik onenetan bezala, ordea, are zalantza gehiago sortu zizkien hizlariak.«Hori lortzea da gure helburuetako bat». Baina, nola?

Berehala irten ziren guztiak ikerguneko bilera gelatik eta, eskailera batzuk igo ondoren, parean zegoen zientzia laborategi batean sartu ziren. Orduan ikusi zuten zein izango zen konponbidea: 3D bioinprimagailua. «Edozein tamainatako, zaporetako eta itxuratako botikak sortzeko aukera emango digu, guztiak pazientearen beharren araberakoak», azaldu zuen Victor Guarnizo Tecnaliako ikertzaileak. Egunean bertan printzipio aktiboekin egindako pilulak eskaini zituen segidan, 3D bioinprimagailuak zer egin zezakeen erakusteko.

«Zure ostean probatuko dut nik nirea!», esan zuen bertaratutako batek, barrez. Ez zitzaion, berriz, asko kostatu izar formadun pilula urdina ahoan sartzea. «Zapore goxoa du!», oihukatu zuen gero, harrituta. Guarnizok bioinprimagailua martxan jarri bitartean, gelan zehar banatu zituzten pilulak, eta ume txikien antzera dastatu zituzten denek.Deskarga elektrikoa zirudien soinu batek zarata eten zuen arte. «Martxan dabil!». Bioinprimagailuak hartu zuen orduan protagonismoa.

«Etxeko inprimagailuek bezala, honek ere lau kartutxo erabiltzen ditu, baina tinta atera beharrean, ehunak eta botikak inprimatzeko erabiltzen da», adierazi zuen Saenzek. Kartutxoak ezkutuan izan ordez, begi bistan zeuden, guztiak zutik. «Pazientearekin biobateragarria den edozein material erabil dezakegu edozein motako egitura sortzeko, ez bakarrik botikak», azaldu zuen Guarnizok. Diabetesa duten pazienteen kasuan, adibidez, arteria eta zainetan dituzten gabeziak konpontzeko zelulez osatutako ehunak ere egin ditzake.

Automatizazioaren garaia

Inprimatze prozesu osoa automatikoki egin zuen bioinprimagailuak, eta horren inguruko azalpenak ere eman zituen Guarnizok. «Ordenagailuan erabili nahi dituzun materialak aukeratu, eta lanean hasten da zuzenean».

Kartutxo bakoitzak orratz bana zuen, orratz bakoitzetik beharrezko materiala askatzeko. Momentu horretan, likido garden bat besterik ez zen isurtzen ari. «Honek ez duizango dastatu dituzuen horiek zuten zapore goxoa!», zirikatu zituen ikertzaileak. Guztira, minutu pare bat eman zuen 3D bioinprimagailuak pilula sortzen. «Denbora asko aurrezten digu hau guztia eskuz egin behar ez izateak».

Guarnizoren ostean, Denis Scaini EHUko ikertzaileak hartu zuen hitza, eta, berak azaldu zuenez, produkzio denbora inprimatu nahi den materialaren arabera aldatuz doa. «Pilulak bezalako produktu txikiak izanez gero, pare bat minutuemango du lanean, eta zenbait sortuko ditu aldi berean». Diabetikoen protesietarako eta gauza konplexuetarako, berriz, denbora gehiago eman beharko luke. «30 minutu eta hiru ordu artean».

Ikerketa helburua duen inprimagailua da, eta, oraingoz, ez dute ospitaletan jarriko. «Azkarrago egin ditzakegu ikerketak honen laguntzarekin», esan zuen Scainik. Hainbeste bizkortzen ditu prozesuak, ezen ospitale batean makina bakarra izatea nahikoa izango litzateke paziente guztien beharrak asetzeko. «Ez litzateke laborategian dugunaren berdina izango. Merkeagoa eta funtzionalagoa izango litzateke, eta, lau kartutxo izan ordez, hamalau edo gehiago izango lituzke, ahalik eta probetxu gehiena atera ahal izateko».

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin batera egin zuten Saenzek, Guarnizok eta Scainik 3D bioinprimagailuaren aurkezpena, eta hirurek bat egin zuten zenbait onura ekarriko dituela. Gonzalezek aurreratu zuenez, «berrikuntza, diru sarrera ekonomikoak eta lan aukerak» izango dira ondorio positiboetako batzuk. Bestalde, laborategiaren lanak aurrera jarraituz gero, proiektuari Laskarai ikerguneko beste toki handiago bat eskainiko diotela ere jakinarazi zuen.

Saenzek, berriz, eskerrak eman zizkion EHUri, elkarlanean aritzeko aukera emateagatik, eta harro agertu zen lortutako emaitzarekin. «Etorkizuneko teknologia dela dirudi, baina ez da. Gaur egun erabiltzen ari garen teknologia da». Berak ere proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa du. «Hiru aldiz handiagoa den laborategia sortu beharko dugu, ingelesez egiten duten zientzialariekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.