ATZEKOZ AURRERA

Angula ontzi bat Arga ibaian

'Ala' ontzia bukatuta, Arga ibaian uretaratu dute Iruñeko Donibane Lanbide Heziketako ikasleek, eta proba gainditu dute. Albaola faktoriaren laguntzarekin egin dute proiektua.

Donibane zentroko ikasleak eta irakasleak arraunean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Irakasleren batek ohartarazi zien: «Kontuz, hau ez da altzari bat egitea bezala». Eta ez, ez da gauza bera; baina egin, egin dute. Kamioi batek eraman zuen atzo Ala ontzia Arga ibaiaren bazterreraino, Iruñeko Cuatro Vientos zubiaren gerizpera. Lehenbizi, kamioia, atzeraka: pi, pi, pi. Momentu batetik aurrera, Donibane Lanbide Heziketa zentroko ikasleek hartu zuten bizkar gainean, eta lurraren eta uraren arteko mugan utzi. Haiek egina zen ontzia, ikastetxean. Eguerdian, adarraren soinuaz seinalea ematearekin batera, Argan behera jaitsiko zen.

«Urduri». Hala zegoen Xabier Erburu Donibaneko ikaslea. «Espero dugu ongi ibiliko dela. Urez bete dugu ikusteko ea dena ongi itxia dagoen, zirrikituak-eta, eta baietz ematen du». Abiatzeko ordu erdi baino gehiago falta zela, dena prest zuten: arraunak zubiaren kontra paratuta, ontzia uretan sartu zuten. Igeri zegoen, baina lurrari lotuta, bidaiari ekiteko zain. Zurgintza eta altzarigintza ikasleen bi urteko emaitza izan da Ala. Ez haiena bakarrik: oihalgintza ikasleak ere aritu dira lanean, bela ere bai baitu ontziak.

Itsasadarretan angulak arrantzatzeko erabiltzen diren ontzien gisakoa da. Ez da angulak arrantzatzeko egin, aitzitik. «Ez dut uste angularik arrantzatuko dugunik; gainera, orain debekatuta dago», esan zuen, txantxetan, Markos Sistiagak. Albaola itsas faktoriako tailerreko arduraduna da, eta, atzo, Ala ontziko patroia izan zen. Hark azaldu zuenez, angulak arrantzatzeko ez ezik, zamaketarako ere erabiltzen ziren halako ontziak. «Erreka izan da gauzak toki batetik bestera eramateko modua; garai bateko errepideak ziren. Zamak, abereak eta jendea alde batetik bestera eramateko ere erabili izan dira halako ontziak».

Albaolak lotura estua du Donibane zentroko ontziaren proiektuarekin. Angeluko (Lapurdi) Compagnons zentroarekin batera lanean aritu ziren Iruñekoak Pasai San Pedroko Albaolan (Gipuzkoa). Hor ezagutu zuten ontzigintzaren mundua. «Beste ontzi txiki batzuk ere egiten zituztela ikusita, grina sortu zitzaigun», azaldu zuen Aingeru Zabaleta Donibaneko irakasleak. Altzari bat ez baizik ontzi bat egitea pentsatu zuten, eta joan den ikasturtean hasi ziren. Albaolakoek eman zizkieten planoak.

Hiru fasetan egin zuten: lehenbizikoan, dokumentazioa eta maketa; bigarrenean, bat-bateko prototipoa; eta hirugarrenean, arraunak, masta, belazurruna eta bela. «Amestutako ideia aurrera eraman genezakeela sinetsi genuen», esan zuen Zabaletak. Ikasleek, beranduago: «Uste dut hasieran ez zutela sinesten hau egin zezaketenik, baina bi maketa egin genituen, eta bat-batekoarekin hasi ginenean, orduan bai, orduan hasi ziren sinesten».

Irakasleak onartu zuen ez dela proiektu erraza izan: «Bidean oztopoak eduki izan ditugu, baina denen artean gai izan gara aurrera ateratzeko». Gainera, Albaolakoak laguntzeko prest aritu ziren prozesu osoan.

Emaitza: ontzi bat sei metro luze dena, metro eta erdi pasa zabal, eta 70 zentimetro garai. Irakaslea kontent zen: «Oso aberatsa izan da denentzat. Jorratu ditugu beste eduki batzuk, beste hiztegi bat, eta ontzioletan lantzen den teknika». Erburu, antzera: «Pila bat ikasi dugu: eraikitzeko beste modu batzuk, eta ezagutzen ez genuen beste kultura bat. Dena modu tradizionalean egiten saiatu gara, ahal genuen guztia eskuz eginda, eta Albaolatik bidali zizkiguten planoak eta prozedurak erabiliz».

Eguerdirako, jende dezente bildu zen Cuatro Vientos zubiaren inguruetan. Donibaneko ikasle anitz eta ontzia egiten parte hartu dutenen senideak, batik bat. Zenbaitek bideo deia egin zuten bertatik bertara ikusterik ez zutenek zuzenean ikus zitzaten ontziaren probak. Arrotxapea auzoan paseatzen ari zirenak zubiaren gainean gelditzen ziren, harriturik eta jakin-minez.

Arraun

Aitor Goñi arraunlari aritu zen: «Iaz hasi ginen ontzia egiten, eta aurten lehenengo mailan daudenek bukatu dute». Albaolara egindako bisitetan anitz ikasi zuela azaldu zuen: «Han azaldu zizkiguten txalupak egiteko metodoak». Ondoan zuen Uxue Armendia, lehenbiziko mailakoa. Haiek arduratu ziren mastaz eta arraunez. «Prozesu berria eta oso polita izan da; asko ikasi dut. Egurra lantzen hobeki moldatzeko eta tresna berriak ezagutzeko balio izan dit».

Carlota Laspalas ehungintzako irakaslea ere han zen, belari begira. Irulegiko Eskua eta Donibane letrak brodatuak zituen. Eskuz egin zuten lan guzia. «Lan ederra du!», esan zuen. «Estetika garrantzitsua da, eta detaile guztiak kontuan izan behar dira. Proiektuari txapela jarri diogu».

Eguerdirako ordu laurden falta zela ontziratu ziren: lau ikasle, bi irakasle eta Sistiaga patroia. Zenbait agindu eman ondotik, eguerdian abiatu zen ontzia Argan behera. Ertzetako txaloek bultzatu zituzten arraunlarien besoak. Arraunkada bakoitzeko «eu!» oihukatzen zieten lehorrean ziren ikaskideek. Ontzi gorri bat, ahate jostalariz inguraturik, ibaian aurrera. Proba gaindituta, ikusteko dago ontzia erabiliko ote den. Egileek hala nahiko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.