Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Sara Aiesa. Margolaria

«Ez dut ezer aurreikusten; emaitza sortuz noa»

«Dena zalantzan jarri» nahi izan du Aiesak Gasteizko Montehermoso kulturuneko erakusketa berrian.'Vestirme mal y desvestirme mucho' uztailaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Etxenausia -

2023ko ekainak 7 - Gasteiz

Sortzen hastea, beste barik. Ziurrenik, emaitza zein izango den jakiterik ez da egongo. Ez du zertan perfektua izan; zerbait eragin behar dio ikusleari, hori da baldintza. Ez al da hori artearen eta artisten funtsa? Dena zalantzan jarri, eta gauza berriak sortu, ikusleak aparteko zerbaitez goza dezan.

Gasteizko Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan ikusgai dago Sara Aiesaren (Donostia, 1997) Vestirme mal y desvestirme mucho erakusketa (Gaizki jantzi eta asko erantzi), uztailaren 2ra arte. Kulturuneak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak batera sustatu duten erakusketa sortako laugarrena da.

«Vestirme mal y desvestirme mucho» abesten du Rosalia artistak Raw Alejandrorekin daukan Promesa abestian. Izen berbera jarri diozu zure erakusketari. Nola okurritu zitzaizun izenburu hori?

Azken unera arte ez nekien zer izen jarri nahi nion erakusketari. Aspalditik pentsatua nuen izena aldatu behar nuela banekien, hori bai; ez bainintzen identifikatua sentitzen. Orain sentitzen dudanarekin harremana izan behar zuen, eta nire pintatzeko moduarekin lotura izan. Beraz, abestiak ez dakit, baina esaldiak asko eragin ninduen entzun nuen lehenbiziko aldian.

Ez duzu arroparik erakusten erakusketan, margolanak baizik. Zer harreman dauka koadroekin?

Jende askok pentsatuko du oihalen erakusketa bat edo tankerako zerbait izango dela erakusketaren izena irakurtzen duenean, baina ez du zerikusirik: esaldiaren funtsa da garrantzitsuena, eta ez da hitzez hitz ulertu behar. Askotan, ondo margotzea teknikaren hobekuntzarekin lotzen da. Teknika perfektuari garrantzia kendu nahi diot: «Gaizki janztea». Nire ustez, teknika ez da garrantzitsuena, baizik eta interesatzen zaizun zerbait pentsaraztea eta transmititzea. Bestalde, margotzeko ohiturak hautsi nahi ditut, beste bide batzuk aztertu, eta dena zalantzan jarri: «Asko eranztea». Etengabe aldatzen dut, nahi dudana lortu arte.

Inprobisazioa oinarri dute margolanek. Emaitzak baino, prozesuak dauka garrantzi handiagoa?

Ez dut ezer aurreikusten; emaitza sortuz noa. Margotzen hasten naizenean, ez dakit zein izango den emaitza. Argazki batekin hasten naiz sarri; hori izan ohi da abiapuntua. Baina ez dut antza izatea bilatzen. Ez dakit zer aterako zaidan marrazten hasten naizenean, prozesu aldakor eta espontaneoa da.

Koadro bakoitza independentea da bere horretan. Baina ba al daukate loturarik?

Denak garai bertsuan egin ditut. Uste dut nuen helburu beraren parte direla, beraz. Koadro bakoitza independentea da, baina saiatzen naiz eta nahiko nuke koadroek elkarren artean harreman handiagoa izatea. Horregatik, erakusketan saiatu naiz konposizioari koherentzia bat ematen, espazio eta koadro bakoitza kontuan hartzen. Dena bere osotasunean ikusi nahi dut.

Zure lehenengotariko erakusketa da Montehermosokoa. Lehenbizikoz tailerretik atera dituzu hainbat margolan. Sortzen jarraitzeko, beharrezkoa da zure lanak erakusteko aukera izatea?

Inoiz ez da jakiten zer gertatuko den, egoera desegonkorrak bizi izan ditut. Ez dakit noiz arte jarraituko dudan honetan, baina aukera hauek jarraitzeko gogoa ematen didate. Balio handia du, horrelako aukerek jarraitzera behartzen nautelako. Obrak zentzua hartzen du beste norbaitek ikusten duenean, askotan ez baitakizu ona den norbaitek ikusten duen arten. Egia esan, orain pozik nago, baina ez dakit aurrerago zer gertatuko den.

Margotzeaz gain, ausartu al zara beste diziplina batzuekin?

Margolanak egiten ditut gehienbat. Egin izan ditut buztinezko eskulturak, baina ez ditut obra honetan sartu.

Aurrerago agian... Artistaren bideak ez baitu etenik, ezta?

Azkeneko sorkuntzak erakusketa honetan jarri ditut. Azken momentura arte ez dira gauza asko jakiten. Urtarrilera arte, adibidez, ez nekien oso ondo nola joango zen guztia. Baina baditut pieza gehiago, eta aterako dira gauza berriak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Ardiek agintzen didate zein erritmotan ibili behar dudan»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Urtean bitan, sei egunez, Ballentek oinez eramaten ditu bere 1.600 ardiak zaraitzuarren abelbidean barrena. Abeltzaintza estentsiboaren kudeaketa eskasaz kexu da: «Hau bukatzea da modu bakarra ohar daitezen aldatu egin behar dela».
 ©TV3 / BERRIA

«Etorkizuna zoragarri ikusten dut, eraldatzen ari baikara»

Urtzi Urkizu

Berriki berrogei urte bete dira TV3ek lehen emankizuna egin zuenetik. Grasek iragarri duenez, urriaren 25ean jarriko dute martxan 'streaming' bidezko plataforma berria: 3Cat.
Jai giroan omendu zuten Mikel Martin. Musika eta kolorea izan ziren eguerdiko kalejiran. ©ERIK GARTZIA EGAÑA / OARSOALDEKO HITZA

Omenaldia konplizeari

Amaia Jimenez Larrea

Mikelaldia egin dute Errenterian, Mikel Martin aktibista eta militantea gogoratzeko eta omentzeko egun osoko ekitaldi sorta, festa giroan. Duela sei hilabete hil zen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Etxenausia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...