ATZEKOZ AURRERA

Errealitatea fikziora eroana

Ateak ireki ditu ExpOtaku azokak. Animea, manga, bideo jokoak eta kultura japoniarra batzen ditu, Gasteizen; are, fikziozko pertsonaia batzuk ere badira. Bihar arte egongo da zabalik.

Dozenaka erakusmahai daude ExpOtaku azokan, baita hitzaldiak, tailerrak eta aisialdi ekintzak ere. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Esku asko; aukeran, gehiegi. Gorputzean ditu sakabanatuta. Urdailetik bata, besapetik beste bat. Errealitatea edo fikzioa. Eta hortzez beteriko aho handi bat, itxuraz behintzat, agian hala ez bada ere. Errealitatea edo fikzioa. Eta kapa beltz bat, osotasunean, besterik ere ia-ia ez dela, eta izatekoetan ere, ezkutukoa; maskara bat baitarama aurpegiari itsatsita, josita.

Tomura Shigaraki, Dabi eta Himiko Toga dira. Fikziora eramandako errealitatea da.

Nagore Sanchez, Olaia Dominguez eta Naia Castro dira hain justu My Hero Academia serieko hiru pertsonaia gaizto horien gorputzetan sartuta daudenak. Gasteiztarrak dira, eta opor egunak aprobetxatu zituzten atzo ExpOtaku animearen, mangaren, bideo jokoen eta kultura japoniarraren azokara joan ahal izateko, soinean daramatzaten mozorroak ondo prestatuta. «Ez da lehen aldia, baina gozatzen gabiltza dena den; ia asteburu osoan ibiliko gara hemen», azaldu du Castrok, eta Sanchezek erantsi atzetik: «Pentsa, argazkiak ere eskatu dizkigute!».

Erakusmahaietan dagoenari so ari dira hirurak, badagoelako zer ikusia. Ez dira falta animeko pertsonaien ilustrazioak, ez eta Picachuren, Doraemonen, Shin Chanen eta beste marrazki bizidun batzuetako protagonisten panpinak ere. Are, badaude Shin Chani horrenbeste gustatzen zaizkion galletatxoak ere, dinosauro arrosa bat duten kutxa berdeetan. Zer zapore izango dute? Hori da ziur asko pertsonaia horren zaleek behin eta berriz pentsatu dituzten kontuetako bat.

Dena den, oraingoz bederen, ez dago haren arrastorik, eta ezin hari galdetu. Gainera, bada beste kontu bat: hala balitz, beharbada jada ipurdi dantza egiten hasia izango zen, bere ekintzarik gustukoenetako bat, nahiz eta pedagogia aldetik-eta zalantzak sortzen zituen jarrera horrek eta bestek.

Soraya Ferreira gazteak ere ez du izan haren berririk, arreta osoa azokako beste lan batzuetan jarria baitu. «Orri-markatzaileak gogoko ditut batik bat, eta guztiak dira oso politak». Internet erabili izan du orain arte horrelako lanen berri izateko, baina, gaur, egileak aurrez aurre ezagutzeko parada izan du: «Artistak dira; lan asko dago horrelako baten atzean; erosiz gero, laguntzeko aukera dago, eta, trukean, opari bat egiten diozu zeure buruari». Aitortu dumarrazki batzuk egin izan dituela berak ere, eta, «pixkanaka bada ere», mundu honetan sartzen ari dela.

Hain justu, erakusmahaiaren bestaldean dauden artistetako bat da Ainhoa Castro, Galiziatik azokara iritsi berria. Ilustrazioak egiten ditu, batez ere anime serietan oinarrituta, baina bere ibilbidea egin nahian dabil, sorkuntza propioekin: «Baditut pertsonaia batzuk sortuak, baina gehiago egin nahiko nituzke, nire sorkuntzak ezagunagoak izateko eta lana aitortzeko».

Son Goku vs Vegeta?

Agertokian ere hainbat ekintza daude programatuta astebururako, baina Fake edo animea izeneko jokoa da lehenbizikoa. Binakako lau talde daude, aurkezleak hiru aukera ematen dizkie guztiei, eta horietatik benetako seriea zein den asmatu behar dute puntuak irabazteko.

Batik bat nerabeak dira parte hartzaileak, eta baita ikusleak ere. Eserlekuetan daude, baina, halako batean zer ikusiko, eta Son Gokuren ilajea! Nola nabarmentzen den... Ohikoa duen traje laranja darama jantzita, eta, sinestezina dirudien arren, ematen du gaur berak ere ez duela festa huts egin nahi izan. Edo, egon... Ez al zen dragoi bolen bila etorriko?

Baina ez dago erantzunik, ez baitago galderei erantzuteko gogoz; bai, aldiz, batzuentzat haren etsaia eta beste batzuentzat laguna izan daitekeen Vegeta. «Ez, gaur ez gara etorri bola horien bila, nahiko genukeen arren... Batik bat bideo jokoetan ibiliko gara», adierazi du Unai Galanek.

Beraz, ez dirudi gaur Europa biltzar etxea joko zelai bihurtuko denik.

Giro alaia baitago, eta harmonia bera antzeman daiteke goiko pisuan ere. Bideo jokoetan dabiltza batzuk, eta bada baten bat 3D betaurrekoak jantzita ere. Lehen begiradan, badirudi norbaiti zuzen begira dagoela, zerbait esateko asmoz balego bezala, betaurreko erraldoi horiek ematen dioten seriotasun faltarengatik ez balitz... Mundu birtualean dago: hemen da, baina ez da. Beste batzuk, berriz, k-pop kultura musikalaren erritmoekin dantzan dabiltza.

Eta pentsa daiteke giro hori bera egongo dela gaur eta bihar ere, antolatzaileen arabera 8.000 bisita inguru biltzen baititu egitasmo honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.