ATZEKOZ AURRERA. Txaro Marañon. Artista

«Berrerabilita, zabor kopurua gutxituko genuke»

Erakusketa bat ondu du Marañonek hondartzetan bildutako plastikoaz sortutako piezekin. Itsasoen kutsaduraz ohartarazi, eta berrerabilpenaren aldeko mezua igorri nahi du artistak.

BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ez du itsasoarekin harreman berezirik Txaro Marañon artistak (Gasteiz, 1955), baina kezkatzen du itsasoko kutsadurak. Urteak daramatza plastikoaren erabileraren inguruan hausnartzen eta bere artelanetan txertatzen. Egoera hori islatzen duen erakusketa bat jarri du Gasteizko ARTgia gunean. Ohi duenez, buztina eta plastikoa erabiliz sortutako artelanak dira, eta uztailaren 21ra arte izango ditu ikusgai.

Itsasoa ureztatuz da erakusketaren izena. Zer esan nahi du: kutsadura kopuruak gora egiten jarraitzen badu ura beste plastiko egongo dela itsasoan?

Itsasoaren kutsadurak bereziki kezkatzen nau. Urte batzuk dira auziaren berri izan nuela, eta ordutik behin baino gehiagotan landu izan dut gaia. Erakusketa honekin, plastikoak itsasoan sorten duen kutsaduraz ohartarazi nahi izan dut. Erakusketak hiru arlo ditu. Horietako batetik hartu dut erakusketaren izenburua: keroseno poteak berrerabiliz, ureztagailu batzuk sortu ditut. Pieza horiekin itsasoan zer egiten ari garen gogoeta eginarazi nahi diot ikusleari. Zer egiten ari gara itsasoan? Nola ureztatzen ari gara? Plastikozko bidoiekin ari gara ureztatzen itsasoak, eta, beraz, plastikoz betetzen.

Zuk zeuk noiz hartu zenuen kontzientzia?

2010ean irakurri nuen albiste batek eman zidan zer pentsatua; gordeta daukat oraindik. Ozeanoan plastikoz osatutako irla handi bat azaldu zela aipatzen zen albistean. Hondartzetan plastikoa biltzen hasi nintzen orduan, eta nire artelanetan txertatzeari ekin nion. Aitortu behar dut, ordea, albiste hura irakurri aurretik ez nuela uste arazoa horren larria zenik. Plastikoaren erabilerak beti eman dit zer pentsatua, baina itsasoaren kutsaduraren larritasunak areagotu egin du kezka hori nigan.

Zein hondartzatan bildu zenuen artelanak egiteko plastikoa?

Donostiako Zurriola hondartzan hasi nintzen plastikoa biltzen aurrena. Baina, Cadizen [Espainia] ere bildu izan dut.

Aurretik ere plastikoarekin lan egiten zenuen. Erakusketa honek plastikoaren erabileraz gogoeta eginarazi dizu?

Inkontzienteki erabili izan dut plastikoa artelanak egiteko. Buztinarekin batera elkarrizketa gisara erabili izan dudan materiala izan da. Baina, egia da, plastikoz josita ditugu inguruak, eta gehiegi pentsatu gabe erabili izan dut. Erakusketak erabilera horren inguruan gogoeta eginarazi dit.

Arteak badu kritikarako ahalmen berezi bat. Zure erakusketak zer gehi diezaioke auzi honi?

Kontzientzia sortu nahiko nieke auzi honen inguruan ezer gutxi dakitenei. Adibide moduan: dei bat jaso nuen herenegun irratian nire erakusketaren berri izan zuela esanez. Etxeko plastiko batekin arazo bat zuela kontatu zidan. Ur edangarrian eragin zuzena omen du plastiko horrek, eta nirekin harremanetan jarri nahi zuen arazoaren berri emateko eta plastiko hori artelan gisara berrerabiltzeko. Harrituta geratu nintzen.

Hain zuzen, kutsadura horrek gizakiengan izan dezakeen eragina ere ikusarazi nahi izan duzu.

Hala da. Erakusketaren hirugarren instalazioa akuario jangarria da. Plastikozko arrain batzuk buztinezko lata batzuetan sartu ditut. Arrain horiek, baina, plastikozko hondakinak dituzte barruan. Horrekin ohartarazi nahi izan dut guk botatako zaborra guk geuk jaten dugula. Larria baita egoera.

Baikor izateko ere balio du zure lanak. Berrerabilpenaren aldeko mezua igorri nahi izan duzu. Hori da konponbideetako bat?

Izan daiteke, zergatik ez. Baikor izatea ere beharrezkoa da arazo bati aurre egiteko orduan. Erakusketa honekin berrerabilpenaren aldeko mezua igorri nahi dut, horri esker salbatuko ditugu itsasoak. Berrerabiliko bagenu, zabor kopurua gutxitu dezakegula uste dut: plastikoa ahalik eta gutxien erabili behar dugu, eta birziklatzera bota aurretik, ahalik eta gehiena berrerabili behar dugu. Ez da beti erraza izaten, badakit, baina ahalegin txiki bat egin beharko genuke, guztion onerako baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.