OROITARRITIK. Xabier M. de Lezea. IKAko irakaslea

«Askorentzat, Zaldikora etortzea erritua izaten da»

Sanferminak maite baditu ere, aurten Zaldiko Maldiko elkarteko barraren atzean lanean ariko da. Bitxikeria anitz ikusi ditu, tabernan, argazkilari eta garbitzaile aritu izan baita sanferminetan.

LANDER ARROIABE OLAORTUA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
IKA euskaltegian irakasle hasi zenetik, sanferminetan Zaldiko Maldiko elkartean lanean aritzen da Xabier Martinez de Lezea (Iruñea, 1976). «Sanferminetan beti lanean». Atzo ere lanean aritu zen. Barra atzean utzi, eta atzera so jarri da, bizi izaniko sanferminak gogoan.

Non zinen 1978ko uztailaren 8an?

Oso txikia nintzen, 2 urte nituen. Aita mediku aritu zen zezen plazan hamar urtez-edo; urtero, zezenketaren bukaeran, haren bila joaten ginen amarekin. Egun hartan, kanpoaldean geunden, iskanbilaren erdian. Amak lasterka atera behar izan zuen ahal izan zuen moduan, etxera, bi haur txikirekin eta aulkitxoarekin. Aita plazatik ospitalera joan zen lanera, zauritu asko zeudelako. Kontatu digunez, Polizia ospitale atarian zegoen, zaurituen zain.

Urtero 8an gogoratzen da Germanena; nolako eguna izaten da?

Azken urteetan, hemen, lanean buru-belarri. Txosnak jartzen zirenean, 8an tabernetako argia eta musika itzaltzen zuten tarte batez.

Aurten ere lanean ariko zara. Nola bizi dituzu sanferminak?

Lanik ez dudanean, gehienetan atseden hartzen dut. Aprobetxatzen dut pare bat egun lagunekinparranda pixka bat egiteko, eta, azken urteetan, txikiarekin erraldoiak ikustera joateko. Baina lanera bideratzen ditut energia gehienak.

Euskaldunek ezin dute huts egin? Hemendik pasatu behar dira?

Iruñeko zein kanpoko euskaldunentzat erreferentzia da toki hau sanferminetan. Askorentzat, hona etortzea erritua izaten da. Gaur,kuadrilla askok lehenengo potea hemen hartzen dute.

Istorio bitxirik izan duzue?

Euskaraz eskatzera animatzen dugu jendea, eta ez dakitenentzat txuletak prestatzen ditugu. Iaz, Asturiasko kuadrilla bati esan nien euskaraz eskatuz gero gonbidatuko nituela. Beraz, euskaraz eskatu zuten erronda, musu truk.

Zer da eskatu dizuten gauzarik arraroena?

Iparraldeko jende asko etortzen da, eta Ricard eskatzen digute. Jendea erotzen da, ez daki nola zerbitzatu: urarekin, urik gabe... Beraz, arraroena haiek eskatzen dutena.

Beraz, hemen Ricard badago.

Bai, bai, eta ikasi dugu zerbitzatzen.

Zein da sanferminetako unerik bereziena?

Gaurkoa. Hemen elkartzen gara hamaiketakoa egiteko, taberna itxita, eta hamabietan irekitzen dugu. Unetxo hori berezia da. Eta gero, bereziki maite dut billabesaren entzierroa. Hori da momenturik xarmagarrienetako bat.

Sanferminen beste perspektiba bat ematen du garbitzaile lanak?

Foxan lanean aritzeak arrastoa uzten du. Gogoratzen naiz uztailaren 6an langile guztiak elkartzen ginela udaletxearen atzealdean. Han egoten ginen erratza eskuan, eta burrunba entzuten. Elkarri begiratzen genion, dardarka. Ematen zuen Gallipoli filma; lubakietan daudenean, ateratzear. Txupinazoa lehertzean, korrika ateratzen ginen plazara.

Lubaki gehiagorik bazen?

Uztailaren 15ean, sanfermin guzietako su besten zaborra garbitu behar genuen Ziudadelan. Leher eginda geunden, eguzki galdatan; belarra ere ez zen ikusten zaborrarekin.

Argazkilari ere izan zara. Bestak erakargarri dira kamerarientzat?

Bai, noski. Erreportajea maite baduzu, hor islatu behar da momentuan gertatzen ari dena, eta sanferminetan gauza asko gertatzen dira, eta oso arraroak. Grafikoki eta bisualki joko handia ematen dute, goxokia dira argazkilarientzat.

Entzierroan argazkiak egitea arriskutsua da?

Arriskutsua ez, baina lan gogorra da. Oso goiz joan behar da tokia hartzeko; gero, zain bi-hiru orduz, eta entzierroa oso une estresagarria da, oso azkar pasatzen delako, eta lortu behar duzulako ahal duzun guztia. Egia esan, lan gogorra da, eta, gehienetan, esker txarrekoa. Benetan merezi duen zerbait lortzea oso zaila iruditzen zait.

Entzierroaren ondotik, zer gosaltzen duzu sanferminetan?

Niri Mañuetako txurroak asko gustatzen zaizkit, baina hori ere gogorra da: jendetza egoten da, zain egon behar... Baina txikitatik joan gara Mañuetara, eta klasiko bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.