ATZEKOZ AURRERA. Reyes Barrero. Erizaina

«Aitatxiri edo amatxiri bizia salbatzen ahal diote haurrek»

Haurrei heriotzaz eta gaixotasunez hitz egitea ezinbestekotzat dauka Barrerok. Bide horretan, iktusak identifikatzen ikas dezaten, haurrentzako liburu bat kaleratu du.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun

«Neurologiak liluratzen nau». Reyes Barrerorenak dira hitzak (Iruñea, 1974). Erizaina da, Nafarroako Ospitale Gunean egiten du lan, eta iktusei buruzko ipuin bat argitaratu du bere kabuz: SuperIktustxoak. Gure garunaren denbora. Iktus unitatean zenbait urtez aritu ondoren, ohartu zen haurrek ez dutela aski informazio. Orain, erizain talde batek eskoletara joan nahi du ikasleekin gaiari buruz hitz egitera.

Nolatan erizain bat idazle?

Txikitatik gustatu zait idaztea, baina hau nire seme-alabengatik egin dut, batez ere. Askotan uzten nituen haurrak amaginarrebarekin, eta lan eremu oso arrotz batera joaten nintzen: jendea hil egiten zen han. Horrek pentsarazten zidan: amaginarrebari zerbait gertatzen bazaio haurren aurrean, nola erantzunen lukete?

Oso baliagarria da iktusen berri izatea?

Lanean ikusi dut kasu askotan haurren aurrean ematen diela iktusa zaharrei. Gehienak ez dira garaiz ailegatzen, hiru-sei orduko tartea dagoelako, eta haurrak ez dira gertatzen denaz ohartzen. Beraz, hori saihesteko, kartel bat egitea pentsatu genuen, baina, informazio gehiegi zenez, ipuin bat idatzi nuen.

Zailtasunak izan dituzu idazteko?

Ez, ama zarenean zure irakurketa bigarren mailan uzten duzulako, eta ohitzen zara haurren ipuinak irakurtzera. Haiei gauzak azaltzeko hizkera ikasi dut horrela. Gainera, ipuinak idazten nizkien aurretik.

Ilustrazioak garrantzitsuak dira?

Haurrek gehien garaturik dutena ikusmen memoria da; beraz, mezu horiek barneratzeko, marrazkiak beharrezkoak ziren. Gloria Cano lagunak egin zizkidan.

Informazio gutxi dute haurrek gaixotasunen inguruan?

Gallego doktoreak esaten du ongi hezitako haur bat heldu trebatu bat dela, eta ez zaizkiola gero ohiturak aldatu behar. Helburua da haurrek iktusa identifikatzen ikastea, baina baita osasunerako kaltegarriak diren ohiturak ez hartzea ere. Errazagoa da ohitura txarrak ez hartzea, gero aldatzea baino.

Haurrek gertu dute iktus bat bertatik bertara ikusteko aukera?

Gizarte honetan, haurrek denbora asko ematen dute zaharrekin, eta, beraz, arrisku hori badago. Ez soilik iktus bat; beste edozein gaixotasun izan daiteke. Beraz, haurrek jakin behar dute telefono zenbaki bat badagoela, eta aitatxiri edo amatxiri bizia salbatzen ahal diotela 112ra deituta.

Haurrei zuzendua bada ere, helduek ikas dezakete liburuarekin?

Bai. Horren harira, udal batzuetatik deitu izan naute iktusari buruzko hitzaldiak emateko, ez soilik haurrei, baita helduei ere. Iktusa jasaten dutenen %30 hiltzen dira, eta %40ri ondorioak uzten dizkie. Beraz, garrantzitsua da jendeak gure leloa ikastea: Denbora da muina. Geroz eta lehenago artatu iktusa, ondorioak gutxiago izan daitezke. Gizartearen %6k noizbait iktus bat izanen du, eta heriotza kausa nagusia da emakumeen artean, nahiz eta gizon gehiagok jasaten dituzten.

Tabuengatik ez zaie haurrei hitz egiten zenbait gaixotasunez eta heriotzaz?

Bai, sobera babestu nahi ditugu haurrak. Uste dugu ez diegula heriotzaz hitz egin behar, eta gaixotasunak oso urruti daudela haiengandik. Baina, gaur egun, hori ez da horrela. Estres handia dago, etxetik kanpo denbora asko ematen dugu... Zerbait pasatzen bada, eta ez bada haiekin hitz egin gaiari buruz, askoz ere zailagoa izanen zaie hori gainditzea. Heriotza bizitzaren parte dela erakutsi behar diegu.

Autoedizioaren alde egin duzu. Zergatik?

Osasun publikoan krisi garaia bizi izan dugu, eta beste lehentasun batzuk zeuden. Baina ipuina apalategian nuen. Nafarroako Ospitale Gunearekin argitaratu nahi nuen, baina, ezin zenez, nire kabuz ateratzea erabaki nuen, liburuarekin lan handia egin daitekeela uste baitut.

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzirik dago liburu berean.

Garrantzitsua baita euskara eta gaztelania elkartzea. Eskoletan euskara eta gaztelania dute haurrek; beraz, bietan egitea erabaki nuen, eskoletan ikasleekin landu ahal izateko. Nik ez dakit euskaraz, baina nire lankide batzuek bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.