ATZEKOZ AURRERA

Historia zineman dago

Euskal Herriaren historia kontatzen duen 'Lur eta Amets' animaziozko filma zinemetara iritsi berri da. Haurrek bertako historia ezagutzeko material egokia dela diote gurasoek.

Antzinarotik hasi, eta 1980ko hamarkadarainoko historia kontatzen du filmak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Berehala esan omen zuen Naia Sainz de Bikuñak zer nahi zuen bere urtebetetze egunerako: Lur eta Amets animaziozko filma ikustera joatea. Atzo estreinatu zen bikien abentura berria zinema areto komertzialetan, berak 7 urte bete zituen egunean. Oparia hain argi edukita, Donostiako Antiguo Berri zinemara joan zen Karolina Sainz de Bikuña amarekin, Nahie Arana eta Paola Barberan lagunekin batera. Saltoka iritsi ziren zinema atarian, sarreran zegoen zaintzaileari ohartaraziz kalean ez zegoela Lur eta Amets. Hau bai abentura! iragartzen zuen inongo kartelik. «Ez dugu astirik izan, orain bertan izango delako lehen emanaldia». Zaintzaileak zin egin zien filma amaitzerako kalean jarrita egongo zela.

Hartu zituzten besaulkietan jartzeko kuxinak, eta sartu ziren aretora. Eseri zen bakoitza bere jarlekuan, eta hasi zen pelikula. Lurren eta Ametsen gurasoek ezkontza batera joan beharra daukate, eta Andere amonaren etxean geratuko dira bi bikiak. Etxera iritsi eta berehala hasiko dira ordenagailuan jolasten, eta elkarren artean borrokan, nork lortuko gailuaren kontrola. Lehia hori ikusita, Anderek etxe guztiko argindarra itzaliko du, eta haurrak sutondoan eseriko ditu. Bertan afaria prestatuko dute, eta, giro horretan, Euskal Herriko historiaren zenbait pasarte ezagutzen lagunduko die amonak. «Baina filmean gertatzen diren istorioak amonak kontatzen dituen kontuak dira; ametsak dira, ez benetan gertatutakoak», zioen Barberanek. Segidan, Aranak zuzendu egin zuen, ezetz esanez, horiek benetan gertatuak zirela, nahiz eta bertan ikusiak ez zituen ezagutzen.

Historia zati ugari

Filmak aurrera egin ahala, Lur eta Amets historiako hainbat pasartetan murgilduko dira: antzinaroan hasita, erromatarren garaira egingo dute salto, Nafarroako erresumaren sorrerara eta Orreagako gudara; Zugarramurdiko (Nafarroa) sorginen bizipenak bertatik bertara ezagutuko dituzte, karlistaldiak, Bilboko industrializazioa eta langileen borrokak, eta baita Donostiako lehen ikastolen sorrera ere. Amaitzeko, 1980ko hamarkadako gizartearen argazkia ere egingo dute, Hertzainak musika taldearen kontzertu eta guzti. «Nik ez nituen ezagutzen bertan pasatu diren gauzak», zioen Barberanek, eta, ondotik, Sainz de Bikuñak erantzun: «Nik banekien Donostia erre egin zela!».

Horretarako balio duela zioen Karolina Sainz de Bikuñak: «Beharrezkoa da haurrei gure historia ezagutaraztea, eta film hau aukera polita dela ikusi dut; oinarrizko zertzelada batzuk ematen dituzte, eta hori garrantzitsua da». Filmaren ondoren hasten da guraso askorentzat lana: historian gehiago sakontzekoa. Horretarako ere lehen hazia jartzeko baliagarria zela zioen, eta ekarpen «ona» egiten duela. «Milioika euroko aurrekontuekin egindako filmekin batera zinema komertzialetan haurrentzako euskarazko eskaintza egotea garrantzitsua dela iruditzen zait, eta arlo horretan dabilen jendea animatuko nuke halako apustu gehiago egin ditzaten». Gustura eta pozik atera ziren hiru lagunak zinematik, historiaren pasarte berri batzuk ezagututa, eta, kalera atera zirenean, lehen gauza karteldegira begiratzea izan zen. Han zegoen kartela, lagun kuadrillaren pozerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.