ATZEKOZ AURRERA

Mapan jarri dituzte

Taberna eta jatetxeen itxieraren ondorioz, ilara luzeak egiten dira Bilbo erdiguneko komun publikoetan. Erabiltzaileek eskatu dute askoz gehiago behar direla .

Goizean goizetik jendea pilatzen da Bilboko komun publikoetan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
B ilboko Areatzako eserleku batean paratu eta ingurura begira jarriz gero, eguzkiaren argiagatik ez balitz, hiriko jaietako gau giroa ematen du egoerak. Goizeko hamaikak dira. Jendearen joan-etorria etengabea da, eta gune batek ematen du bereziki atentzioa: pasealekuaren erdian dagoen komun publikoan egiten den ilara luzeak. Mugimendu handia dago bertan: bat irten eta hurrengoa sartzerako, ez da minutu erdia igarotzen; komunak automatikoki garbitzeko beharrezko denbora. Azken osasun neurriak indarrean sartu zirenetik, tabernak eta jatetxeak itxita daude, eta, ondorioz, murriztu egin da eremu publikoan topa daitekeen komun kopurua. Dauden urri horiek aprobetxatzen ditu jendeak, eta hala, sekula baino bisitari gehiago izaten ari dira metalezko etxolak. Nolabait, pandemiak mapan kokatu ditu.

Kale garbitzaileek lana lepo dute egun hauetan. Jon Llona Bilboko Udaleko kale garbitzailea da, eta lanean gelditu gabe ari dela kontatu du, azken egunotan komunen erabilera nabarmen handitu dela, eta gehiagoren beharra nabari du. «Lehen erabili nahi ez zituenak orain ez dauka beste aukerarik». Bi gizonen arteko liskar bat sortu da ilaran, —gainontzekoek ez dute ulertu zergatik pasatu den—, baina gizon horietako batek kanpoan txisa egitea erabaki du, eta joan egin da. Noizbehinka, halakoak garbitzea ere egokitzen bazaie ere, oro har, jendeak oso ondo zaintzen ditu, hala nabarmendu du Llonak. Santi Perezek, ilaran zain zegoela, gertatutakoa ikusi ostean, meritua duela esan dio garbitzaileari: «Jendea oso zikina da». Sarritan jotzen du Perezek bertara, eta aspaldiko kontua dela nabarmendu du.

Beharrizana

Gizonezkoak dira gehienbat ilara egiten ari direnak. Komunei, aldamenetik bada ere, bisita egiten dietenak. Beraien txanda errespetatu, maskuria hustu, eta bakoitzak bere bidea jarraitzen du. Diego Pascual, adibidez, bi semeekin ari da paseoan, eta, komunak ikusi dituenean, aprobetxatzea erabaki du. «Birritan pentsatu gabe». Esan du aurrez ere, tabernak irekita zeudenean, erabiltzen zituela kaleko komunak beharrezkoa bazen: «Gutxi gorabehera, badakit non dauden». Horien egoerari dagokionez, bosteko bat jarri die. «Kanpokoa, bai; barrukoa, aldiz, zikinagoa egoten da, eta, kasu horietan,nahiago dut tabernetara joan».

Erabiltzaileen artean, gehienek kexa berbera dute: oso komun publiko gutxi daude hirian. Hain zuzen, orotara, 53 dira hiri osoan herritarren eskura dauden zerbitzuak. Besteak beste, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek nabaritzen dute hutsunea, edota kalean lan egiten dutenek.

ONCEko kale saltzaile bat gerturatu da Areatzako komunetara —ez du izenik eman nahi izan—:«lotsagarria da egoera; orain,ehunka metro egin behar ditut nagoen tokitik komunera etortzeko». Tabernak itxita dauden bitartean, bestelako konponbideren bat beharrezkoa dela azpimarratu du.

Gorka Cid ere «urrutitik» etorri da. Ibaiaren beste aldean zegoela azaldu du, eta komunerako gogoa izan duenean korrika etorri behar izan dela. «Ia ez naiz iritsi». Hain zuzen, inguruan horiek dira komun publiko bakarrak. Salaketa bera egin du David Iglesiasek ere: «Nahita etorri gara honaino; beste aukera zuhaitz batean egitea zen, baina kontua ez da hori ere». Iglesias ez da barrura sartu, neska laguna laguntzera etorri da, eta neskak aitortu du lehen aldia zuela komun publiko batean.

Maite Barajas, bestalde, neskatila batekin gerturatu da. Komunak erabiltzen dituzten lehenengo aldietakoa dela aitortu du, «ez didate erosotasunik transmititzen». Orain, baina, dena itxita egotean, beharrak behartu du, eta behin baino gehiago pentsatu du, hala ere. «Larritasunetik ateratzeko balio izan dit». Ilaran hurrenak Cecilia Muñoz eta lagun bat dira. «Lagunak nahi zuelako gatoz, nik ez ditut inoiz erabiltzen», aitortu du Muñozek. Iruditzen zaio ez direla erosoak ezta egokiak ere, eta nahiago du egin beharrekoak etxean egin. Bertan dagoen garbitzaileari galdetu diote ea sar daitezkeen, edota nola egin behar duten sartzeko. Garbitzaileak pazientzia handiz emandako azalpenak entzunda sartu da emakumea barrura. Muñozek kanpoan itxaron du. Aitortu du probatuko dituela etorkizunean komun itxuroso eta hobeago batzuk jarriz gero.

Tabernen itxieraren aurretik ere izaten zituzten bisitaldiak komun publikoek, festa giroan horietako asko, baina aste hauetan gainezka egiten ari dira, bisitari denak ezin adeitsu zaindu. Antzeko gune gehiagoren beharra dute Bilboko zein beste hiri zein herrietako karriketan aspaldidanik dauden komun publikoek. Pandemiak ekarri du zenbaiten bisitak maizagoak izatea, bisitari batzuekin harremanak hobetzea eta beste hainbat lehen aldiz ikustea. Pandemiak, izan ere, hiriaren mapan leku esanguratsua egin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.