ATZEKOZ AURRERA

Denborarik gabeko musika

Aurten, beste urte batez, biniloak, mota guztietako diskoak, kaseteak eta DVD formatuan ikus daitezkeen filmak egongo dira salgai Gasteizko Dendaraba saltoki gunean.

Iratxe Perez, biniloen artean arakatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Sartzean, begirada sarkor bat. Disko, binilo edo DVD artean kuxkuxeatzera doan bisitari oro zelatatzen dabilela dirudi. Azal zuriaren gainean, beltzez margotuta nabarmentzen zaizkio begiak. Hala ere, ezin irten preso daukan kartoizko kaxatik. Biniloaren azaletik berehala salto egingo duela badirudi ere, geldi-geldi mantentzen da Michael Jacksonen begirada zuzena, denboran izoztuta bezala. Izan ere, denbora duela hamarkada batzuk izoztu zenaren sentsazioa izango du asteburu honetan Gasteizko Dendaraba merkataritza gunera sartzen den edonork. Saltokiaren erdialdean ikusiko ditu mahai tolesgarriak, kartoizko kaxez beteta. Zapata kaxak dira batzuk; kiwi marka ezagun batekoak besteak. Eta, han-hemenka, kaxa artean arakatuz, altxorren bat aurkitzea espero dutenak. Kaxak zehatz-mehatz ordenatuta daude: punka hemen, folka hor, pop rocka harago... Askok alfabetikoki ordenatzen dituzten kartel txikiak ere badauzkate.

Kontrakorik pentsa badaiteke ere, adin guztietako bisitariak ari dira, bakoitza bere talde gustukoenaren piezaren bat non aurkituko. Manuel Marcos mahaiez osatutako lauki baten erdian dago. Inguruan dauzkan kartoizko kaxetan sailkatzen dituen diskoak saltzetik bizi da: «Madrilen bizi naiz, baina han disko denda bateko alokairua ordaintzea garestia da. Internet bidez eta horrelako azoketan saltzen ditut produktuak, gehienbat».

Diskoak nola, bezeroak ere hala sailkatzen ditu madrildarrak: «Bizi osoko bildumagilea dago alde batetik. Bestalde, zertxobait gazteagoak izan ohi direnak ere badaude, musikaren kalitateagatik biniloa entzutea nahiago dutenak: musika modu horretan entzuten hasi ziren, eta ez dute utzi. Azkenik, jende gazteak osatzen duen belaunaldi berria dago, hain zuzen, oraintxe sortzen ari dena: disko biragailu bat erosi eta musika entzuten hasi diren horiek dira».

Publiko askotarikoa

Roberto Garde bigarren eredu horren adibide garbia da. Urtero joan ohi da disko eta binilo azokara, eta 1970eko hamarkadako rocka bilatzen du normalean. Gaztetatik entzun ohi ditu biniloak, baina, hala ere, garai berrietara egokitzen ere jakin du: «Niretzat bi funtzio ezberdin betetzen dituzte biniloek eta gaur egungo plataformek. Lehena lasai entzuteko aproposa da, kalitatezko musika entzuteko. Bigarrena, berriz, metroan zoazela kaskoak jartzeko, edo goizetan, esnatzean, zerbait aditzeko».

Iratxe Perez, berriz, gazteagoa da, eta oraintxe hasi berri da biniloak entzuten: «Betidanik gustatu izan zait musika, eta nire inguruko askok ere biniloak entzuten dituzte orain. Kaseteak pintxatzen dituzten lagun batzuk ere badauzkat. Formatu digitalekin alderatuta kalitate aldaketa igartzen da, baina, hala ere, formatuaren beraren xarma da gehien gustuko dudana».

Madrildarraren postuan, arreta ematen du kolore biziko afixa batek: «Biniloak erosten dira», dio. Izan ere, badira beste mota bateko erosleak ere: askok biniloen bildumak egiten dituzte. «Bildumagileek nahi dutena disko originalak dira; hau da, lehen ediziokoak. Eta horiek lortzeko, bere garaian disko horiek erosi zituen jendearengana jo behar duzu. Askok herentzia gisara jasotzen dituzte, eta ez dakite zer egin horiekin. Beraz, bigarren eskuko binilo horiek erosi, eta gero saldu egiten ditut, bildumagileei batez ere». Lehen eskukoei dagokienez, errazagoa da: banatzaile enpresaren batean aise erosten dira.

Hala ere, bezero guztiek daukate zerbait komunean: Internetek inposatzen duen «kontsumitu eta botatzeko» musika azkarraren gainetik, denboran geldi mantentzen tematzen dira. Geldiro, musikaz modu pausatuan gozatuz. Pasioa darie disko eta binilo zaharrei, kaseteei eta DVDei: beste garai batzuetako nostalgia usainarekin batera nahasten den pasioa. «Biniloek harrapatu egiten zaituzte. Musikarako belarria daukanak, badaki biniloak kalitate goreneko soinua daukala. Ez dauka zerikusirik diskoekin edo Interneteko musikarekin». Bere azalean bizi du sentimendu hori saltzaile madrildarrak: autoeskolako irakaslea zen lehen, baina, musikarenganako zeukan maitasunak bultzatuta, lana utzi, eta biniloak eta diskoak saltzeari ekin zion. «Gustuko nuenaren aldeko apustua egitea erabaki nuen, eta ongi atera zitzaidan: ondo bizi naiz, eta pozik nago nire lanarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.