Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Ihesbide bat Runa parkean

Sanferminak aurten ere bertan behera gelditu diren arren, Iruñean barrakak jarri dituzte. Uztailaren 3ra arte egongo dira zabalik. Langileak itxaropentsu daude; bisitariak, ilusioz beterik.
Iruñeko Arrotxapea auzoko Runa parkea, atzo eguerdian. Ostiralean zabaldu zituzten barrakak.
Iruñeko Arrotxapea auzoko Runa parkea, atzo eguerdian. Ostiralean zabaldu zituzten barrakak. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko ekainak 20 - Iruñea

Reggaeton eta tekno doinuak; azukre kotoiaren eta patata frijituen usaina; sirena hotsak eta megafoniako ahotsak; argi fluoreszenteak eta ikara oihuak. Dena nahasturik. Ez balitz jendearen lepoetan zapi gorrien ordez musuetan kolore eta forma askotako maskarak ikusten direlako, Arrotxapea auzoko Runa parkean apenas sumatuko zen ezberdintasunik sanferminetako giroaren eta egun hauetakoaren artean. Ia bi urteren ostean, barrakak Iruñera itzuli dira hamasei egunez, Iruñeko Udalak eta Misericordia Etxeak hala adostuta. Eta Arga ondoko eremua arnasa hartzeko toki bat bihurtu da: barraketakoek lan egiteko premia zutelako, eta bisitariek, ongi pasatzeko grina.

Atrakzio eta postuetako langileek ilusio betez erantzun diete kazetariaren galderei; alaitasuna disimulatu gabe, antzeko hitzak errepikatu dituzte: «Oso pozik gaude», «aukera bikaina da», «sekulako gogoa genuen hona etortzeko». 2019ko udatik zeramaten gehienek ia lanik egin gabe, eta guztiek Iruñera joan gabe. Festarik festa igaro ohi dute udaberria eta uda, eta sanferminak bereziki garrantzitsuak dira haientzat. Eskertuta azaldu dira, beraz, hirira itzultzeko aukera izateagatik. «Ez genuen argi azkenean etorriko ginen ala ez, baina [Nafarroako Barraketako Industrialarien] Elkarteak lan luzea egin du hemen egon gaitezen», adierazi du Alfonso Alvarez autotxokeetako jabeak. Oihuka hitz egiten du, maskarak eta zaratak komunikazioa zailtzen baitute.

Ohi baino atrakzio gutxiago jarri dituzte Runako gunean, 50 osotara, baina ez dira falta tipikoenak: haur eta helduen noriak, barku bikingoa, Alcatrazeko kaiola, Grand Prix, ur lasterrak... Eta ezta, noski, tiroketa postuak, eta izozkiak, txurroak edota ardo gozoa saltzeko postuak ere. Ferialekuan familiak dira nagusi: haur gehienek puxika bat daramate esku batean, eta aitaren edo amaren eskuari heldua dute bestea. Txikienak tiobibo gisako atrakzioetan igotzen dira, eta gurasoak kanpoan gelditzen dira, begirada beren haurrengandik kendu gabe, irribarretsu agurtzen dituzten bitartean. «Semerik txikienaren lehen aldia da barraketan, eta zur eta lur gelditzen ari da guztiarekin», kontatu du Rebeca Martinezek, poz aurpegia disimulatu ezinik bera ere.

Grand Prix atrakzioaren kanpoaldean dagoen bikote gazte baten iritziz, barrakek «errealitatetik aldentzeko» aukera eskainiko dute egunotan; «lehengo bizitzaren sentsazioak berreskuratzeko». Azalpenak ematen ari direla eten ditu haien alabak, Luciak, atrakziotik atera berritan: «Igo naiteke berriro?», galdetu dio amari, euforiko. Bere atrakziorik gogokoena dela zehaztu du; amak zalantza egin du, ordea. Bidaiak lau euroko prezioa du.

Nerabeak, berriz, taldetxoetan etorri dira. Barrezka eta oihuka dabiltza batetik bestera, eta gehienak tiroketa postuetan gelditzen dira. Lotsatiago erantzuten diete galderei. «Etortzeko gogoa genuen, oso ongi pasatzen dugulako», adierazi du 13 urteko Lorea Lopezek. Anpibedi postuan dago adiskideekin, zer atrakziotara igo erabaki nahian, prezioa «ongi pentsatzeko modukoa» baita. Mostradorearen beste aldean, Angel Picon jabea. Alacantekoa da (Herrialde Katalanak), eta «bizitza osoa» darama sanferminetara etortzen; hortaz, harentzat «garrantzitsua» da hirira itzultzea. «Hau gure bizia da», adierazi du, postua seinalatuz.

Barraketako ohiko irudiak dira Runa parkean ikusten direnak; barraketako mikro-munduaren esentzia ez da aldatu. Xehetasun batzuek, ordea, oroitarazten dute ezetz, egoera ez dela ohikoa: atrakzioak hesiturik daude, pilaketak saihesteko, eta talde bat igotzen den bakoitzean garbitzen dituzte. «Ezberdina da, baina moldatu beharra dago», onartu du Alvarezek. Autoak garbitzen ari den haren lankideak ziurtatu du jendeak neurriak betetzen dituela.

Egunotako eguraldia egokiena ez den arren, erantzuna «sekulakoa» izaten ari da. Hori ziurtatu dute Alvarezek eta Piconek bezala Hocene Nowryk eta Roberto Santosek, beste bi atrakziotako nagusiek: «Jendea gogotsu dago; hilabete asko izan dira murrizketekin, eta kalera ateratzeko eta ongi pasatzeko beharra dago».

Azken hamabost hilabeteak zailak izan direla nabarmendu dute guztiek, barrakak baitira beren diru sarrera bakarra. Lehen ere zailtasunak zituzten, baina izurritea hasi zenetik egoera «eutsiezina» dela azaldu dute. «Diru laguntza batzuk jaso ditugu, baina eskasak izan dira», zehaztu du Aragoiko ardo gozoa saltzen duen Jose Alonsok. Iruñera etorri aurretik Espainiako Estatuaren hegoaldean izan da postuarekin, eta Iruñean egun gehiago gelditzea gustatuko litzaiokeela dio: «Beste hiri batzuetan festen egunetan izan gara, eta ez da ezer gertatu».

Itxaropentsu agertu dira langile gehienak, Iruñean barrakak jartzeko aukera eman izanak Nafarroako beste herri eta hiri batzuetako bidea ireki dezakeelako. «Argia ikusten hasteko bidea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.
Aron Piper aktorea <em>El Silencio</em> telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago. ©LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX

'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen

Urtzi Urkizu

Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...