ATZEKOZ AURRERA. Sarah Ardite. Musika hautatzaile eta kronikaria

«Gatazkak diren tokietan behar dugu musika gehien»

Musikak egiak zabaltzeko eta gatazken zauriak osatzeko duen boterea azpimarratu du Arditek. Mendebaldetik kanpoko doinuez aritzen da.

BERRIA.
Iker Tubia.
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Memoria du hizpide aurten Press Play musika zikloak, musika atzendutako gatazkak eta ofizialak ez diren egiak gogoratzeko tresna delakoan. Horri buruz ariko da Sarah Ardite (Bartzelona, 1972). Musika hautatzailea da; musika aztertzen du, normalki filosofiaren bidetik; eta musikaz idazten eta hitz egiten du, besteak beste, Músicas Sospechosas irratsaio librean. Etzi Iruñeko Civicanen egonen da, 19:00etan.

DJ saio bat ere bada kronika bat?

Istorioak kontatzeko modu bat da: egiak kontatzeko eta mezu bat eraikitzeko, noski.

Zergatik berezitu zinen Afrikako musikan?

Musika, egia bezala, Afrikan aurkitu nuen. Han hamar urtez bizi izan nintzen, eta ohartu nintzen zer aberatsa zen musika eta zer istorio kontatzen zituzten: musika egiak eraikitzeko eta mezuak zabaltzeko tresna dela, alegia.

Musikak egia kontatu behar du?

Soilik errentagarriak izan daitezen industriak sortzen dituzten kantek kontatzen dituzte egia ofizialak. Gainerako musikek diskurtso horiei aurre egiten diete, mintzo den artista bakoitzaren egiak baitira.

Musikaren bidez identitateak, kulturak eta herri mugimenduak aztertu daitezkeela diozu. Nola?

Edozer gauza azal daiteke musikaren bidez, gizartean gertatzen dena kontatzen duelako. Paul Casalsek zioen musika bizitza doan lekura doala; izan liteke altxamendu sozial bat edo memoria ez-ofizial bat. 1960. eta 1970. urteen arteko deskolonizazio prozesuak musikaren bidez azaldu zituzten Afrikan.

Hori da musikaren soziologia?

Baietz uste dut. Musikaren bidez norberaren identitatea, identitate kolektiboa edo memoriaren ordaina eraikitzeari buruzko galderak musikaren soziologiari dagozkio.

Zer rol jokatzen du musikak memoria eta ordaina eraikitzean?

Musika baino gauza oroitarazleagorik ez dago, balio baitu identitateak adierazteko eta eraikitzeko. Hegoafrikan, apartheidaren ondotik, musika funtsezkoa izan zen identitate nazionala eraikitzeko.

Zergatik dago hain loturik musika gatazka sozialekin?

Ezin duelako bestela izan. Ideiak zabaltzeko eta jendea konektatzeko balio duelako. Gatazkak dauden tokietan behar dugu musika gehien. Kolonbia oso eredu ona da hori azaltzeko. Egia da han egunerokoan musika oso garrantzitsua dela; beti dago hor, eta oraindik ez dago bizitzatik kanpo Mendebaldean bezala. Hemen lotuago dago aisialdiari, modari edo negozioari, atzendu gabe komunikaziorako eta loturak egiteko sekulako tresna dela. Puerto Ricon ere, reggaetonak garrantzi handia izan zuen; baina ez letra ezdeusak dituen reggaetonak.

Mendebaldea musikarengandik bereizi da?

Ezin dut halako egia absoluturik esan. Bizitzaren eta merkatuen garapenari loturik dagoela dirudi. Musika salerosketa produktu bat da. Informazioa hor da, eta pentsatu beharko dugu gure bizitzetan zer erabilera eta garrantzi ematen diogun musikari.

Musikak zauriak senda ditzake?

Gizakiaren emozioei gertuena da musika, eta gatazka guzietan erreparazio rol neurtezina du. Musikarik gabe ez litzateke ordainik Kongon genozidioaren ondoren. Kolonizazioak sortutako gatazkak izan diren tokietan musika erabili dute partekatzeko, kolektibizatzeko eta osatzeko. Musika izan da deskolonizazioa ospatzeko eta jendearen artean berriz loturak sendotzeko.

Nola sendatzen dira zauriak?

Soukous edo Kongoko runba erreparazio mugimendu batetik sortu zen, eta existitzen ez zen kongoar identitate bat eraikitzeko. Israelek musika erabili zuen estatua sortu ondoren identitate geruza bezala. Zulueraz edo xhoseraz abestutako kantak eta pop kantak baliatu zituzten Hegoafrikan identitate partekatuaren sentimendua sortzeko.

Egia batzuek ez dute tokirik masa komunikabideetan. Nola aldendu plataforma handien algoritmotik?

Ezin diogu izkin egin algoritmoen inteligentziari, baina inoiz baino aukera gehiago dugu edozein musika ezagutzeko. Irizpide bat osatzea garrantzitsua da. Ezagutzak lana eskatzen du, beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.