Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Ainara Vera. Zinemagilea

«Horrelako film dokumental batek ezin du ametsik saldu»

Ez zuen uste bere filma mendiko zinemaldi batean aintzat hartzeko modukoa zenik, baina sari nagusia irabazi du Trenton. Natura eta abentura ez dira paisaia hutsa Veraren 'Polaris' filmean.
POL ROIG Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko maiatzak 13

Ainara Vera zinemagileak (Iruñea, 1985) Trentoko Mendi Zinemaldiko sari nagusia eskuratu berri du, Polaris filmari esker: iraganeko zauriak sendatu nahian dabiltzan bi ahizpa frantziarren istorioa kontatzen du. Gaur egun, Bartzelonan ari da lanean, Pompeu Fabra Unibertsitatean.

Iazko Cannesko zinemaldian estreinatu zenuten Polaris. Trentoko Mendi Zinemaldiko sari nagusia lortu du. Zer bide ari da egiten?

Hainbat jaialditan izan da. Frantzian oso harrera ona izan du, eta ekainaren 21ean estreinatuko da han. Bide polita ari da egiten.

Filmak bi ahizpa frantsesen istorioa kontatzen du. Bat itsasontziko kapitaina da, Artikoan bidaiak gidatzen dituena iraganetik ihesi; bestea ama izan berri da, bakarrik. Zer transmititu nahi izan duzu?

Portugaldik Groenlandiarako itsas zeharkaldi batean ezagutu nuen Hayat. Itsasontziko kapitaina zen. Hamabi bizitzaren ardura zuen bere gain. Itsasontziko guztiek tough cookie gisa hartzen zuten, pertsona zailtzat edo. Nik ikusten nuen, ordea, oskol horren atzean pertsona oso sentibera zegoela. Gau batez, izozmendiak begiztatzeko zaintza lanetan nengoela, kontatu zidan ahizpa gaztea kartzelan zuela, eta ezin zela bisitatzera joan, gauza asko nahasten zizkiolako. Kontraste hori oso deigarria egin zitzaidan: halako kemena duen pertsona bat gauza ez izatea ahizpa bisitatzeko. Kemen, sentiberatasun eta hauskortasun konbinazio hori adierazi nahi nuen filmaren bidez. Eta naturak nola salbatu zuen Hayat bere deabruetatik.

Bion arteko konfiantza sakondu ahala bigundu zen oskol hori?

Hayatek, filma egiteko konpromisoa hartu genuenetik, konfiantza itsua agertu zuen. Halakoa da: erabat oskolduta eusten dio, edo guztiz zabaltzen dizu barrua, eta nirekin horixe egin zuen. Leilarekiko harremana ez zen erraza izan, ez baitut frantsesez hitz egiten. Haurraz erditu eta lehen hamar egunetan, haren etxean bizi izan nintzen, eta harreman oso polita sortu zen.

Artikoan nabigatzen duen itsas kapitain bat irudikatzeko esan, eta, ziurrenik, gizonkote bizardun, gotor eta zaildu bat etorriko litzaiguke burura. Hayat ez da halakoa.

Hayat 1,60 metro garai da, eta 43 kilo ditu. Emakume txikia da, baina sekulako indarra du, hala fisikoa nola mentala, eta oso argia da. Baina, itsasontzira igo orduko, jendeak galdetzen du: «Non dago kapitaina?». Eta berak esan behar du: «Ni naiz». Areago, zenbaitek ez du harekin joan nahi izan, emakumea delako. Zeharkaldia egiten duten askok, ordea, errepikatu egiten dute.

Inaya txikiaren izenaren esanahia, arabieraz, ontasuna da. Txikiak zer esanahi hartzen du bi ahizpen arteko erlazioan?

Hiruren izenak arabiarrak dira. Aita ez zuten ezagutu, baina ama aljeriar jatorriko bigarren belaunaldikoa zen Frantzian. Hayatek bizitza esan nahi du; Leilak, gaua edo iluntasuna; eta Inayak, ontasuna. Inayaren jaiotzari esker, bi ahizpek hartu-emana berreskuratu zuten, eta Hayatentzat familiaren zikloa hausteko modu bat izan zen. Amak arazoak izan zituen drogarekin, eta Leila ahizpak ere bai; ama espetxean egon zen, eta Leila ere bai, espetxe berean, eta bientzat beste hasiera bat izan zen Inaya txikia.

Epaimahaiak esan du filma hunkigarria dela, baina sentimentaltasunean jausi gabe. Bat zatoz?

Filmatzen hasi ginenean, hauxe esan zidan Hayatek: «Ainara, kontu handia izan esperantzaren kontuarekin». Film dokumentalen egile naizen aldetik, ezin dut ametsik saldu; ezin dut ihesbiderako beste zinema mota horrek bezala ametsik saldu. Honelako dokumental batek ezin du hori egin. Oso bizitza gogorra izan dute, baina bizitzak ez ditu garaitu, eta, aldi berean, gordin azaltzen dute bizi izandako guztia.

Sariak zabaldu diezazkioke ateak Euskal Herrian ere estreinatzeko?

Nahiko nuke, baina oraingoz ez dugu banatzailerik. Gutxienez, estreinaldi bat egin nahiko nuke Iruñean, familiak eta lagunek ikusteko.

Elkarrizketa osorik irakurri ahal izateko:

www.berria.eus/ mendia

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kaskezurra agerian, esperimentuetako batean. ©BERRIA

Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan

Edu Lartzanguren

Neural Correlate Society neurologo eta artista taldeak aurtengo lilurapen onenak zeintzuk diren ebatzi du, eta Harry Potterren

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Berria

Gozo Artisauen Elkarteak egindako eraikuntzak flotatzea lortu dute.

Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ramon Olasagasti

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...