Merkataritza gerra. AEBen eta EBren arteko muga zergak

Armistiziorik ez Washingtonen

Junckerrek eta Malmstromek gerra komertziala saihesteko tartea neurtu dute Etxe Zurian. Trumpek proposatu du bi blokeek kentzea muga zergak, subsidioak eta bestelako muga guztiak

Jean-Claude Juncker eta Donald Trump, atzo, Etxe Zuriko Bulego Obalean. KEVIN DIETSCH / EFE.
xabier martin
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Argazkiak ez du ezusterako tarterik utzi. Trump-Juncker bilerak ez du balio izan eteteko Donald Trumpek bide orrian markaturik daukan gerra komertzialerako lerroa. Atzo, Etxe Zuriko maizterrak garbi utzi zien Europako Batasuneko agintariei soilik AEBek jarritako baldintzak eta erritmoak direla balekoak armistizio baterako. Eta auto europarrek aurki %20ko tarifa bereziak nozituko dituzten ustearekin itzuliko dira Jean-Claude Juncker eta Cecilia Malmstrom.

Batasuneko presidenteak eta Merkataritza komisarioak Trumpen ahotik entzun zuten ordu batzuk lehenago haren Twitter kontuak jakinarazitakoa: Europako Batasunak eta AEBek muga zerga, subsidio eta bestelako muga guztiak ken ditzan nahi du Trumpek. «Hori izango litzateke merkataritza librea eta justua!», idatzi zuen. Jakina, Juncker eta Malmstrom ez zeuden horrelako akordio bati buruz ezer negoziatzeko; izan ere, besteak beste, aurretik negoziazio politiko konplexua eta luzea beharko luke Batasuneko bazkideen artean, gaia ertz politiko eta ekonomiko sakonekoa izaki. Baina Trumpek bazekien hori guztia, baita Batasunak mehatxupean ez duela horrelakorik negoziatuko ere. «Gu prest gaude, baina EB ez da egongo», aurreratu zuen presidente txiolariak.

ETA ORAIN ZER?



«Aliatuak gara, ez etsaiak», esan zion Junckerrek Trumpi Bulego Obalean, baina oso litekeena da AEBek Europako autoak %20 inguruko tarifa bereziekin zergapetzea uda amaitu aurretik. «Gure ekoizleek baldintza bertsuekin lehiatzea nahi dugu», esan zuen Trumpek bilerara sartu aurretik. Bruselarentzat argi dago haren hurrengo mugimendua, nahiz eta horrek beste maila batera eramango lukeen gerra komertziala. «Orekatzeko neurriak» prestatzen ari dira jada Europan.

Denek dakite aurkakotasunari hauspoa emateak ez diola onurarik ekarriko inori, baina oraingoz Brusela ez da gai Trumpen estrategian pitzadurarik egiteko, eta hark bereari eusten dio: «Orain Washingtonera datoz negoziatzera urte askoan merkataritzaren esparruan modu bidegabean tratatu gaituztenak».

NOLA HASI DA HAU?



Bere industria astuna babesteko, Trumpek iragarri zuen urte hasieran %25eko muga zerga bat jarriko ziola altzairu inportatuari, eta %10ekoa, berriz, aluminioari. Mehatxu protekzionista bete egin zuen uda aurretik, Txinarekin ez ezik, baita Europarekin ere. Bruselak luzapen bat izan bazuen ere—aliatu bati egiten zaion mesede gisa edo—, tarifa berezien zigorra nozitzen hasi da azkenean, eta 200 produktu ikonikori jarritako zerga bereziekin erantzun zuen; zerrendan daude Harley Davidson motorrak, Levi's arropa eta Jack Daniel's bourbona, adibidez. Tarifa berezi horiek 3.200 milioi euroko balioa dute. Atzerriko altzairua zerga bereziz zigortzeko aukera zabaltzeak lehen enbidoaren erantzuna osatu du.

TRUMPEN SALAKETAK BADU OINARRIRIK?



Ez. Europako Batasunak eta AEBek antzeko muga zerga dituzte. 2015ean, Europak batez beste %3ko muga zerga ezarri zien produktu estatubatuarrei; AEBek produktu europarrei, %3,3koa. Trump tematurik dago balantza komertziala oinarri duen salaketa batekin. Etengabe esaten du AEBek 150.000 milioi dolar galdu dituztela azken urteetan EBrengatik. Defizit komertziala baino ez da hori, ordea, eta ez abusuzko merkataritza praktiken ondorio.

Txinari ere akusazio bera egiten dio, baina mahai gainean beste kopuru bat jarrita. Argudio ahul horrek Trump Etxe Zurira eraman duen gurdi protekzionista bultzatzen du, eta hura baliatu zuen atzo ere Europako Batasunari muga zergarik gabeko merkatu irekia proposatzeko.

ZERTARAKO BILERA HAU?



Itxurak egiteko, batik bat. Trumpek erabakia dauka gerra komertzialarekin jarraitzea, eta aditu gehienek uste dute egun gutxian iritsiko direla Europako autoen zerga bereziak. AEBetako burtsa sendo dago, eta ekonomia ere bai, eta Etxe Zuriko gidariak harago heldu nahi du hasitako bide gatazkatsuan. Badaki AEBek badutela galtzekorik gerra horretan, baina, galera kontrolpean dagoen bitartean, sinetsita dago gehiago duela irabazteko.

BATASUNAK EZ DU AMORE EMANGO?



Desiratzen dago lasterketa ero hori gelditzeko, baina ezin du negoziatu «pistola bat buruan» duela, Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak esan zuen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.