Santi Arrospideren espetxeratzea

Arrospide askatu zuten epaileen babes eskea 27an aztertuko dute

Epaileen independentzia urratzea egotzi diote Espainiako Gobernuari.Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak asteartean landuko du gaia

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Salako epaileek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (CGPJ) eskatutako babesa asteartean aztertuko du kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak. Auzitegi horretako epaileek Santi Arrospide eta Alberto Plazaola aske uztea ebatzi ondoren, erabakiaren aurka adierazpen gogorrak egin zituzten Espainiako Gobernuko hainbat ordezkarik, eta horrek epaileen independentzia urratu zuela salatu zuten Manuela Fernandez Prado, Javier Martinez Lazaro eta Ramon Saez epaileek. Horregatik eskatu zioten babesa CGPJri, eta botere judizialaren estamentu gorena asteartean bilduko da eskatutako babesa eman edo ez erabakitzeko.

Euskal presoei Frantzian betetako espetxe zigorra Espainian aintzat hartu behar zaien edo ez dago abenduaren 4an Auzitegi Nazionalak hartutako erabaki horren atzean. Europak 2008an zigorrak batzeari buruz onartu zuen zuzentaraua Santi Arrospideri, Alberto Plazaolari, Rafa Carideri eta Pakito Mujikari ezarri behar zaien erabaki behar zuen lehen salak, eta baietz ebatzi zuen. Zuzentaraua ezarri, eta Frantzian betetako espetxe urteak gutxitu behar zitzaizkiela Espainian bete beharreko zigorrei. Batura aintzat hartuta, zigorra aspaldi betea zuten Arrospidek eta Plazaolak. Aske utzi zituzten.

Espainiako Gobernuko hainbat ordezkari gogor aritu ziren erabakiaren aurka, publikoki. Soraya Saenz de Santamaria gobernuko presidenteordeak esan zuen lehen salak hartutako erabakia ez zetorrela bat legearekin. «Biktimei ere esan nahi diegu», gaineratu zuen: «Hau ezin da egin Auzitegi Nazionaleko Lehen Salak egin duen bezala. Oso argi dugu».

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak penagarritzat jo zuen epaia, «baita ikuspegi juridikotik ere». Legea oinarri hartuta erabaki hori ezin dela hartu esan zuen. Are gehiago: legetik kanpo nahita jardun zelako susmoa zabaldu zuen.

Epaia «injustutzat» jo, eta akusazio larriak egin zizkion lehen salari PPk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Rafael Hernandok ere: «Ez da ulertzen Auzitegi Nazionalean sala bat beti doktrina judizialak terroristen mesedetan ezartzearen alde egotea».

Epaileek CGPJri bidalitako idazkian ohartarazi dute legez kanpo nahita aritzea egotzi zaienean prebarikatzea leporatu zaiela epaileei. Eta hori gobernutik edo parlamentuko ordezkari baten ahotik esanda botere banaketa kolokan jartzen dela salatu dute. Horrek independentzia judiziala bera jartzen duela zalantzan.

Auzitegi Gorenean ere bai

Zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenean dagoen egoera ere ez da gozoagoa. Kepa Pikabeari Frantzian betetako zigorra aintzat ez hartzea ebatzi zuen aurreko astean Gorenak. Bederatzi epailek babestu zuten erabakia, eta seik aurka egin zuten, boto partikular eta guzti.

Hedabide horien arabera, gainera, Manuel Marchena presidenteak presio egin zien epaileei presoaren aurkako erabakia har zezaten; horretara behartu zituztela ere esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.