Lopez, Elorza eta Cerdan PSOEren zuzendaritzako kide izango dira

Lehendakari ohia sozialisten lurralde politikaz arduratuko da; Elorza, gardentasunaz eta parte hartzeaz, eta Cerdan, alderdiaren antolakuntzaz

enekoitz telleria sarriegi
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
PSE-EEko bi kide eta PSNko bat PSOEren zuzendaritza berrian sartuko dira, Pedro Sanchez idazkari nagusi berriak egindako gonbidapenari baiezkoa emanda haietako bat azken unean (Patxi Lopez), eta idazkari horren alde eta alboan hasieratik egon direlako beste biak (Odon Elorza eta Santos Cerdan). Asteburuan egingo da PSOEren 39. kongresua, Madrilen, eta han berretsiko dituzte zuzendaritzako karguak.

Intregrazioaren aldeko keinu gisara ikusi da Pedro Sanchezek Patxi Lopezi egindako gonbidapena. Alderdiaren primarioetan elkarren kontra lehiatu dira berriki. Hurbilekoa ziren lehen, eta Lopezek primarioetara aurkezteko egindako urratsak sortu zuen bien arteko halako eten bat. Sanchezek joan den astean egin zion Lopezi proposamena: zuzendaritzan nahi zuela, eta kargu garrantzitsu batean, gainera. Atzo eman zuen hark baiezkoa.

Eta ez da edozein kargu. Jaurlaritzako lehendakari ohia izango baita sozialisten lurralde politikaz arduratuko dena: Politika Federalerako idazkaria. Alegia, eta sozialisten hitzak erabilita, idazkaritza horren ardura izango da «estatuaren erreforma federala» diseinatzea, besteak beste, Katalunia Espainian nola «egokitu» asmatzeko, eta asteburuko kongresuaren ostean, alderdi guztiekin hitz eginda, «Konstituzioaren erreforma federala» negoziatzeko.

Politika Federalerako idazkaria izango da Lopez, eta Politika Federalerako Batzordearen burua Guillermo Fernandez-Vara. Extremadurako presidente izandakoak ere Sanchezek egindako eskaintza onartu du, ezustean, primarioetan Susana Diezen aldeko amorratua izan baitzen, eta primario horien aurretik ere Sanchezen kontrako amorratua. Diez bera zen lehen batzorde horretako burua. Idazkari nagusiak eta baroi sozialistek osatzen dute.

Zuzendaritzako gainontzeko kideen artean ez da Lopezen eta Fernandez-Vararen tamainako ezustekorik ageri. Sanchez idazkari nagusiak bere azken urteetako ibilbidean alboan izan dituenak dira gehienak, eta horien artean daude Odon Elorza (PSE-EE) eta Santos Cerdan (PSN).

Donostiako alkate ohia Sanchezen alde gehien nabarmendu den diputatuetako bat da. Haren ildokoa primarioetan, eta haren ildokoa hura gehien kritikatu zutenean ere. Gardentasunari eta demokrazia parte hartzaileari buruzko sailaz arduratuko da Elorza zuzendaritza berrian.

Santos Cerdan PSNren antolakuntza idazkaria da, eta jardun bera izango du PSOEren zuzendaritzan. Nafarraren ardura izan zen Sanchezek primarioetarako aurkeztu zituen 57.369 abalak zenbatu eta antolatzea.

Kongresua gaur hasiko da, kreditatzeekin. Bihar dira batzordeen bilerak, eta etzi bozketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.