Gizon bat atxilotu dute, Arrasateko emakume bat hiltzea leporatuta

Kanaria Handian bizi zen 65 urteko andrea, eta lagun batek abisatu zuen Polizia, desagertua baitzen. Bikotekideak, gizon batek, aitortu du berak hil duela. Elkarretaratzea egingo dute gaur, Arrasaten

Gizon bat atxilotu dute, Arrasateko emakume bat hiltzea leporatuta.
Maider Galardi
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Urtea amaitzear zela, andre bat hiltzea leporatuta beste gizonezko bat atxilotu dute, oraingoan, Lanzaroten (Kanaria uharteak, Espainia). Biktima Arrasateko (Gipuzkoa) 65 urteko emakume bat da, nahiz eta duela hamar urtetik Kanaria uharteetan bizi zen. Abenduaren 28az geroztik desagertuta egon ostean, lagun batek eman zion abisua Poliziari. Guardia Zibilak abenduaren 30ean aurkitu zituen zenbait gorpuzki biktimak Kanaria Handian zuen etxe inguruan, eta herenegun baieztatu zuten Marian Ibarluzearenak zirela giza aztarnak. Bikotekideak, ordurako, Lanzarotera egin zuen ihes, eta herenegun aitortu zion Poliziari bera dela hiltzailea. Ibarluzearenarekin, 107 dira indarkeria matxistaren ondorioz 2003tik Euskal Herrian bizi ziren edo euskal herritarrak ziren hildako emakumeak.

Hilketa matxista leporatu diote 43 urteko gizonezkoari, eta baldintza gabe sartu dute espetxera, inkomunikatuta. Bere burua aurkeztu zuen Poliziaren aurrean herenegun, eta berak lagundu zuen andrearen gorpua topatzen, Galdar herrian, Kanaria Handian. Orain dela hiru hilabetetik ziren bikote, eta ikerketak dio abenduaren 26an izan zela, ustez, hilketa. Gizonezkoak, ordea, ihes egin zuen Lanzarotera, hegazkinez, eta Ibarluzearen lagun batek, ikusita biktimak ez zituela mezuak jasotzen, Poliziari abisua eman zion abenduaren 30ean. Haren etxe inguruan topatu zituzten gorpuzkiak, eta bikotekidearen aurkako bilatze agindua eskatu zuten. Orduan aurkeztu zen gizonezkoa Polizia aurrean, eta aitortu zuen berak hil zuela andrea.

2020an, beraz, bost izan dira indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak. Horietatik hirutan, bikotekideak atxilotu dituzte hilketa leporatuta —gizonezko horietako batek, gainera, bere alaba ere hil zuen—, beste batean, berriz, seme batek bere ama hil zuen.

Itxialdia hasi baino lau egun lehenago, martxoaren 11n gizonezko batek bere bikotekidea eta alaba hil zituen Abanton (Bizkaia). Etxeratze agindua hasi eta berehala, martxoaren 16an ama hil zuen beste batek Soraluzen (Gipuzkoa). Maiatzaren 6an, berriz, Angelun (Lapurdi) 83 urteko bere emaztea hil zuen 89 urteko gizonezko batek, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Hortaz, 2020an urtebete lehenago baino andre bat gehiago hil da indarkeria matxistagatik.

Epe luzeagoa kontuan hartuta, 2003tik —orduan hasi ziren indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeek datuak biltzen— Euskal Herriko edo Euskal Herrian bizitako 107 emakume hil dituzte. Ibarluzearenarekin, lau dira Euskal Herritik kanpo hil dituzten emakume euskal herritarrak. Bizkaian eta Lapurdin izan dira hilketa gehienak: 37 eta 22 hurrenez hurren. Hiltzailea, berriz, orobat bikotekidea izan ohi da: kasuen %47,6tan.

Protesta, gaitzesteko

Gertatu berri den hilketa gaitzesteko protestara deitu dute gaur, 12:30ean, Arrasateko herriko plazan Emakumeon Mundu Martxak, Pottogorriak eta Bilgune Feministak, Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista lelopean. Halaber, oroitarazi dute andreen aurkakobiolentziaren «muturreko ondorio» direla hilketa matxistak, eta «bestelako indarkeria ugarirekin elikatzen» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.