LABek salatu du Nafarroan osasun ikerketa pribatizatu nahi dutela

Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak iragarri duenez, salaketa baten bidez jakin dute Nafarroan osasun arloko entsegu klinikoak Navarrabiomed baliabide publikoak egin ordez Idisnak egingo dituela aurrerantzean.Sindikatuaren esanetan, Idisnak Opus Deiren parte hartze pribatua edukita ere, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzaileek —Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuaren menpekoa— erabakia babestu dute.

Egun, LABek azaldu duenez, gizakiekin egiten dituzten sendagaien entseguak eta ikerketa proiektuak erakunde publiko batek egiten ditu: Navarrabiomedek. Hori babestu du: «Ezin da bestela izan». Ordea, salatu du Osasun Departamentuak eredu publiko hori «hautsi» nahi duela: «Bere helburua da entsegu klinikoak, sendagaien probak eta ikerketa proiektuetarako laguntzak ez bideratzea erakunde publikoen bitartez, baizik eta fundazio pribatu baten bidez, Idisnaren bidez, non Opus Deiren Klinika Unibertsitarioa sartzen den».

LABek salatutakoari ñabardurak egin dizkio Osasunbideko zuzendari Carlos Artundok, ordea. Esan duenez, Idisna fundazio «publiko-pribatua» da, eta bertan ordezkaritza dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak, Navarrabiomedek eta NUPek ere.

Osakidetzari kritika

Nafarroako egoeraz ez ezik, Osakidetzaz ere aritu da LAB. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herenegun iragarri zituen 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEP lan eskaintza publikoen datak, eta LABek kritika egin dio. Batetik, nabarmendu du aurrez eginiko LEPen emaitzak ez dituztela jakinarazi. Bestetik, salatu du hurrengo LEPen daten aukeraketa «aurreikuspen faltaren eta langileekiko errespetu faltaren» ondorioa dela. Izan ere, «azterketa ugari» uztailean egin beharko dituzte.

Horiek horrela, uste dute maiatzerako deitutako grebak —18an eta 19an egingo dituzte— «gero eta justifikatuago» daudela: «Onartezina da Osakidetzan enplegua lortu nahi duten langileen eta gizartearen bizkarretan botatzea zuzendaritzaren gaitasun falta eta mespretxu guztia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.