Gipuzkoako zahar etxeetako «gainbehera» salatu du ELA sindikatuak

Egoitza zenbaitetan sei lan itun ezberdin ezartzen direla esan dute langileek, eta egoera horrek «nahasmen» handia ekartzen diela

Langileen ordezkariak, atzo goizean egin zuten agerraldian. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Gainbehera». Pankarta zabal batean hitz hori nabarmendu zuten atzo, elkarretaratze batean, Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, ELA sindikatuak deituta. Ondoren, agerraldi bat egin zuten, eta egoera horren erantzulea zein den adierazi: «Gipuzkoako Foru Aldundia egoitzetako sektorea desegiten ari da».

Janire Diazek eta Aintzane Orbegozok hartu zuten hitza langileen izenean. Datuekin esplikatzen saiatu ziren zer salatu nahi duten. Lanaldi partzialeko kontratuen ugaritasuna erakusten duten datuekin, adibidez: «Gipuzkoako egoitzetako langileen %45ek baino gehiagok kontratu partzialak dituzte». Eta administrazio publikoaren barruko lan baldintzekin ari diren langileak «desagertzen» ari direla erakusten dutenekin: «Langileen ia %70ek enpresa pribatu eta irabazi asmokoetan lan egiten dute».

Gogoratu zuten iazko uztailean hitzarmen bat izenpetu zutela hainbat enpresak eta UGTk: «Gutxiengoan». Ituna era horretan izenpetuta egoteak «segurtasun juridikoaren falta izugarria» dakarrela esan zuten. Ituna ez da aplikazio orokorrekoa; zenbat langile atxiki zaizkion ez dago argi, eta, horri erantsita azpikontratutako enpresek askotan beste itun batzuk dituztela, sektorean «nahasmen» handia dago.

Ondorioz, azaldu zutenez, ehundik gora helegite jarri behar izan dituzte soldata nominekin lotutako arazoen harira. Anabasa hori zelakoa den azaltzeko, datu bat zabaldu zuten: badira sei itun ezberdin ezartzen dituzten zahar etxeak.

Egoitza askotan

Zahar etxe askotako ordezkariak egon ziren agerraldian, eta Gipuzkoako geografia osoan kokatu dituzte «gainbeheraren» erakusgarri diren adibideak: Oñati, Arrasate, Errenteria…

Bi adibide nabarmendu zituzten, diputazioak berez eskumen handiagoa baitu horietan, eta, hala ere, arazoak horietan ere gordin-gordin daudela uste dute. Batetik, foru erakundeak kudeatzen dituen hamasei Kabia egoitzak hartu zituzten hizpide. «Horietan, langile gehienak enpresa pribatuen esku daude, eta egiten hasi diren adjudikazio berrietan gero eta azpikontratazio gehiago egotea onartu dute».

Ahotan hartu zuten Eibarko Egogain zahar etxea ere, egun Gipuzkoako Diputazioak «zuzenean» kudeatzen duen egoitza bakarra dela argudiatuta, eta han egiten ari direnak etorkizunean aldundiak kudeaketa ereduan egin asmo dituen aldaketen «laborategia» diren susmoa hartuta. Eta hor ere arazoak: esan zuten 175 langile daudela, eta 61 bakarrik direla diputazioko langileak. Gainerakoak azpikontratatutako bost enpresatan banatuta daude.

Horrek guztiak «zaintza kalitatean» arazoak dakartzala gogoratu zuten. Errealitate gordina islatu zuten langileek, aurrez ere usu egin izan duten eran. «Zenbaki bat besterik ez dira egun adinekoak». «Bost minutu ere ez ditugu izaten haiekin hitz egiteko». «Gogorra da, langile moduan, egunero hori ikusi behar izatea».

Orain berrituko da Gipuzkoako Diputazioa, eta sektorean ardurak hartuko dituzten agintariek langileen eskeak aintzat hartzea nahi dute. Beste «eredu» batera egitea nahi dute: zaintza sistema «publikoa» irudikatzen dute zerumugan, eta arta hobea bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.