Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Harro egon liteke

2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ez naiz harrotasun zalea. Normalean, deseroso uzten naute harrotasuna aitzina ematen duten aipamenek.«Euskalduna naiz eta harro nago» irakurtzen dudan aldiro ez naiz talde horren kide sentitzen, euskalduna naiz bai, baina harrotasunik ez hortaz, ez baitut horretan inongo meriturik.

Begi urdina naiz eta harro nago esatea bezain hutsala iruditzen zait niri.

Emakumea naiz. Ez dut horren inongo lotsarik, ezta harrotasunik ere. Hau oharpena besterik ez da: emakumea naiz, euskalduna naiz. Ez naiz lotsa, baina ezta harro ere.

Ongi ulertzen dut zapalkuntzazko edo menpekotasunezko egoera baten ondorioz duintasuna berreskuratzeko urratsa izan daitekeela, erreakzioz azpimarratu beharra zilegi baita, baina ez nau gustura uzten aldarrikatu beharrak, adierazpenak berak zalantza piztuko balu bezala, nigan alderantzizko efektua eraginez.

Euskal kantutegiko esaldi zenbait jiten zait gogora, hala nola «euskaldunek munduan ez dugu parerik»eta antzekoak. Idatziak izan diren testuinguru historikoa kontuan harturik ere, kosta egiten zait hitzok kantatzea.

Duintasuna. Agian, hori liteke hitz egokiagoa: euskalduna naiz eta duintasuna zor zait. Emakumea naiz, eta duin bizi nahi dut. Homosexuala naiz eta errespetua zor zait. Horrela bai, agian bai.

Gure seme-alabek Unama taldea sortu zutelarik, kantaldietara joaten ginen (nola ez!) eta pozik gainera. Eta aldi oro bazen «harro egonen zare, ezta?» galdetzen zidan norbait.

Harro? Ez dut uste harro sentitu naizenik. Pozik bai, izugarri.Gustura entzuten eta gozatzen bai, ikaragarri. Baina diren bezalakoak direlako maite ditut seme-alabak, ez dago horretan harrotasunik batere, baldintzarik gabeko maitasuna izaten baita seme-alabenganako gurasook sentitzen duguna nik uste. Eta galdera «ospea»ri lotua delarik oraindik ere arraroagoa iruditzen zait. Jendaurrean agertzeagatik harro egon beharko al nuke?

Ezagutua izatea, fama edo ospe zerbait jasotzea gauza txarra ez da berez, baina hain da menturazkoa...

Harro egon liteke egunero jaiki eta bizitzari aurre egiteko kemena hartzen duena, injustiziarengatik, eritasunagatik, edota doluagatik egokitutako egoera latza gainditzeko ematen duen urrats bakoitzagatik harro.

Alabaina, duela urtebete sentitu nuen ditxosozko harrotasuna. Harrotasuna eta begirunea sentitu nituen gure alabaz, xumeki bizi den arren etxean migratzaile gazte bat hartu baitzuen. Hastapenean aste pare batentzat zenak azkenean urtea baino gehiago iraun du, gaur arte. Hamazazpi urteko Steve kamerundarrari eman dio babesa, hegalpean hartu du, eta egunerokoan lagundu, bai administrazioarekiko eman beharreko urratsetan nola harremanak egiten, etxeko giro kuttunean murgilduz. Ez da nolanahiko erabakia izan, etxean bi seme-alabetako batek bere logela utzi behar izan baitio etorkinari.

Haurrek berehala adoptatu dute gaztea, eta horrek ere familiatxoan arnasa pixka bat hartu ahal izan du.

Urte baten buruan hona bilana: Stevek ikasturtea Hazparneko lanbide eskola batean eman du, eta bigarren urtera sartzeko maila lortu.

Osasun aldetik zituen arazoak konpontzeko bidean daude ebakuntza bati esker, eta bizitza aitzinean dauka, leihoa zabalik, burua altxatua, etorkizuna bertatik ikusgai.

Gure familiarentzat esperientzia aberatsa izan da, haurrek barnetik bizi dutenari esker pertsona irekiak eta eskuzabalak izateko bidean daude amak harturiko erabakiari esker, eta bizi diren Lapurdiko herri txikian izugarrizko elkartasuna gertatu da, bakoitzak bere heinean laguntzeko parada ukan baitu, baita hartu ere.

Ez naiz harrotasun zalea. Baina harro nagoela uste dut, gure alabak egin duenaz harro, agian bera ez baita horretaz harro, pozik baizik, emateak ematen duen poztasunez beterik baizik.

Harro egon liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.