ABEEek beharginak babestuko dituzte urtarrilaren 31 arte

Babes maila sektoreka izango den arren, CEOEk ere bat egin du itunarekin, agerraldiei lotutako erregulazioak zabaldu ondoren. Langile denek beren soldaten %70 jasoko dute

Espainiako Ministro Kontseiluaren osteko agerraldia, atzo, Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE.
xabier martin
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak esana da: «ABEEek langile guztiak eta enpresa guztiak babestuko dituzte urtarrilaren 31 arte»; babes hori, ordea, ez da izango maila berean denentzat, CEOE patronalak nahi zuen moduan. Dena den, patronalak bat egin zuen atzo goizean Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek bezperan egindako akordioarekin, agerraldiekin lotutako erregulazio bereziak enpresa guztientzat zabalduko direla adostean. Hala, COVID-19arekin lotutako erregulazioek indarrean segituko dute urtarrilaren 31 arte behintzat, Espainiako Ministro Kontseiluak dekretua onartu ondoren.

Euskal Herrian, tresna horrek langabeziari izkin egiteko modua ematen die orain 30.000 langile ingururi. Gizarte Segurantzak 35.000 milioi euroko fakturari aurre egin beharko badio ere—%60 Europako funtsekin estaltzea espero du—, albiste onak dira beharginentzat. Beren ogibidearen geroa batere argi ez dutenek arnasa hartzen jarraituko dute, eta balizko agerraldiek kinka larrian uzten dituztenentzat beti izango da flotagailu bat.

Dena den, «barra librea» eragotzi nahi izan du Madrilek, hau da, enpresek araudi berezia baliatzea koronabirusarekin lotura ez duten arrazoiengatik lan kostu batzuk diru publikoaren kontura jartzea. Horregatik, lana aldi baterako erregulatzeko txostenak pandemiari lotuta soilik eskatu ahal izango dituzte zerrenda batean dauden sektoreetako enpresek. Orokortasuna onartuko da bakarrik agerraldien eta haiei aurre egiteko neurrien kasuetan.

ZENBAT ABEE MOTA DAUDE?

Koronabirusarekin lotutako hiru ABEE mota onartu ditu Madrilek. Batetik, ezinbesteko arrazoiengatik eskatutakoak daude, pandemiak izozturik utzi dituen sektoreentzat, esaterako turismoarekin lotutako jarduerentzat: bidaia agentziak, hegazkin konpainiak... Enpresok %85eko deskontuak izango dituzte kotizazioak pagatzean, 50 langiletik beherakoak badira; bestela, %75ekoak. Agerraldien ABEEa, berriz, bitan banatuko da: ezintasunezkoak eta mugadunak. Agintaritzak enpresa bat ixtera derrigortzen badu, osasun arrazoiak tarteko,%100ekoak eta %90ekoak izango dira deskontuak, lantaldearen neurriaren arabera. Bigarren kasuan mugak jarriko lituzke agintaritzak. Negozioa erabat itxi gabe, muga jakin batzuk eduki ditzakete enpresek: har dezaketen jende kopurua murriztea, ordutegia... Ostalaritzaren kasua oso argia da atal honetan. Bada, ABEE horietan deskontuak txikitzen joango dira urritik urtarrilera, baina %100ekoak izango dira hasieran 50 langile baino gutxiagokoentzat.

ZENBAT JASOKO DUTE LANGILEEK?

Beharginen lansaria ez da apalduko oinarri erregulatzailearen %70etik behera, erregulazioan hasi eta sei hilabetera, ohikoABEEetan gertatzen den antzera. Dosier horietan apaldu egiten dira ordainketak 180 egun igaro eta gero: %50era jaisten da oinarria, langabezia sari arruntarekin gertatzen den bezala. Sindikatuen eskaera hori aintzat hartu du gobernuak, eta luzatu egingo da soldata arruntaren %70 jasotzen den epea, 180 eguneko epe hori 196 egunekora luzatuz. Helburua da urtarrilaren 31 arte ABEE berezietan dauden beharginek beren soldataren %70 jasotzea.

LANGABEZIA SARIA GASTATUKO DUTE?

Ez, kontagailua zerora esan diotena hitzartu dutelako. Martxoan erregulazio batean sartu zirenek beren langabezia saria gastatu gabe jarraituko dute, beren kontagailua zerora eraman duelako akordioak. Pandemiaren apartekotasuna aintzat hartuta, Madrilek aldatu egin du araua langileek ez dezaten beren langabezia gastatu.

NOIZ ARTE EZIN DAITEKE EGIN KALERATZERIK?

Dekretuak jaso du ABEEen deskontuak izan dituzten enpresek ezingo dutela sei hilabeteko epean kaleratzerik egin ABEEa erabili eta gero. Zigor ekonomikoa oso handia da, eta enpresek ezingo liokete aurre egin. Modu horretan, Madrilgo gobernuak bermatu nahi du langabezia tasa ez igotzea igo dena baino askoz gehiago. Milioi bat inguru langabe gehiago egon zitezkeen egun lanik gabekoen zerrendatan,ABEEen tresna zabaldu izan ez balitz. Hego Euskal Herrian, 230.000tik gora egon ziren erregulazio berezian, baina gaur egun 30.000 inguru dira, gehienak jarduerara itzuli direlako.

SASOIKAKO LANGILEENTZAT EZ DAGO EZER?

Bai, Espainiako Gobernuak onartu du prestazio berezi bat sasoika lanean ibiltzen direnentzat, sektore zehatzetan. ABEE batean egon badira, eta, ondoren, kontratua agortu bazaie jarduerarik ez dagoelako, prestazio berezi hori jaso ahal izango dute. Batik bat turismoaren alorrean izango du eragina neurri horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.