Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Nori sinetsi?

2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Zuk zeuk, irakurle, nori sinesten diozu errazago, ustez egia esaten dizunari edo entzun nahi duzuna xuxurlatzen dizunari? Eztanda digitalak komunikabide ugariren loraldia ekarri du. Hedabide tradizionalek agenda baldintzatzeko ahalmena mantendu arren, gero eta gehiago dira balio progresistak —sarean, batik bat— defendatzen dituzten prestigiozko komunikabideak. Hala ere, planeta osoa eskuinerantz biratzen ari da. Zer gertatzen ari da? Gaizki informatuta gaude? Zertan datza albiste baten sinesgarritasuna? Nola erabakitzen dugu gure boza?

Robin Blom Kazetaritzako irakasle estatubatuarrak ikerketa interesgarri bat argitaratu berri du gai horien inguruan (Journalism, 2018). AEBetan ematen den ez-legezko migrazioari buruzko informazioen sinesgarritasuna aztertu du berak edo, hobe esanda, jendeak albiste horiekiko duen sinesgarritasun-pertzepzioa. Parte-hartzaileak: 897 pertsona, denak adinez nagusiak. Helburua: telebistako bi kate garrantzitsuk —Fox-ek eta CNN-k— migrazioaren inguruan eskainitako albisteen sinesgarritasuna neurtzea. Ondorioak: eskuineranzko joera zuten parte-hartzaileek uste zuten Fox-eko lerro-buruak sinesgarriagoak zirela CNN-k eskainitakoak baino. Eta alderantziz, ezkerreranzko joerakoek egiazkoagoak hartzen zituzten CNN-ko lerro-buruak. Horraino, sorpresarik ez. Baina, salbuespenak ere baziren eta oso esanguratsuak gainera. Eskuineranzko joerakoek sinesgarriagotzat jotzen zituzten CNN-ko lerro-buruak baldin eta bertan «migratzaile ilegal gehiago sartzen ari dira» hipotesia berresten bazuten. Hau da, aurrez migrazioarekiko jarrera mesfidatia edo negatiboa zuten pertsonek erraz sinesten zituzten migrazioa=arazoak binomioa helarazten zuten albisteak, komunikabidearen joerari gehiegi erreparatu gabe. Lerro-buruak jendearen aurreikuspenak betetzen bazituen, ederto; sinesgarria zen nahiz eta, agian, informazio faltsua izan.

Denoi gertatu zaigu: ohartuki ala ohartu gabe, albiste bat sinesgarriago jotzen dugu baldin eta gure printzipio, balio eta nortasunarekin badator, gure pentsamoldea berresten badu. Egia edo errealitatea «deserosoa» bada, bestaldera begiratzen dugu. Ez dugu sinesten eta kito.

Zenbat informazio faltsu, gezur biribil entzuten eta ikusten ari gara migrazioaren, indarkeria matxistaren, Kataluniaren edota euskal auziaren inguruan? Era berean, zenbat paradoxa ditugu muturren aurrean eta, sarritan, ez ditugu ikusi nahi? Nire auzoan, esaterako. Gasteizko Zaramaga auzoan bizi naiz, 1976ko martxoaren 3ak bost hildako utzi zituen langile migratzaileen auzoan, hain zuzen ere. Bada auzo horretan 2015eko udal hauteskundeetan lehen alderdia PP izan zen. Nola liteke? Are sinesgaitzagoa zirudien emaitza Javier Maroto alkateak egin zuen kanpaina xenofoboa kontuan hartuz gero. Baina horrela izan zen. Historikoki alderdi sozialista izan zen nagusi. Azkenengoetan, ordea, PP.

Informazio askea eta egiazkoa izatea funtsezkoa da erabaki libreak hartzeko. Nago, ordea, hori ez dela aski. Izan ere, une honetan, sareari esker, informazioa alderatzeko aukerak biderkatu egin dira, baina balio kontserbadoreak gero eta indar gehiago hartzen ari dira planeta osoan. Herritarrak, kezkarik ez badu, informazio-goserik ez badauka, bere balio-sistemarekin bat datorren lehen albistearekin konformatuko da, berori konfirmatu gabe. Balio-eskala horretan komunikabideek garrantzi handia dute, jakina. Nago, ordea, etxean, eskolan, lagun-taldean, unibertsitatean, kalean edo kartzelan sozializatzen diren balio horiek garrantzi gehiago dutela.

Beraz, injustizia, matxismoa eta gezurraren aurkako bataila ideologikoa ez da, nire ustez, soilik komunikabideetan eman behar; baita identitate propioa osatzen den foro pribatu eta sozial guztietan ere. Haurtzaroan, gaztaroan, helduaroan. Behe-behetik eta egunez egun. Esfera publikoan nahiz pribatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.