mikel elorza
ARKUPEAN

Amaitze ekitaldiaren zain

2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Urteak mugatuak ditu egunak, 365, baina ospatu edo deitoratzeko edo biak egiteko gertakariak mugagabeak dira, eta beraz metatu eta bata bestearen gainean jartzen dira, hierarkia irmo bati jarraiki, efemerideak. Txileko estatu-kolpea gogoratzen zen, behiala, irailaren 11n: Pinochet eta Allende. Baina hura ganbarara eramana dugu, hautsak estalia izateko gauzen gordelekura.Uniformea eta metodoak erantzi ez baizik eta tuneatu dituzten Bolsonaro eta beste zenbait birigarro ikusita, dena den, hautsa kentzeko trapua astindu beharko dugu. Egun hartako oroitzapena, hala ere, higatzen hasia zen, argazkiak gero eta laruagoak ziren, albistegietan ere gero eta espazio txiki eta galduagoa zeukan efemerideak, baldin bazeukan, eta ostiko behin betikoa eman ziona Mohammed Atta eta bere eskifaiaren azioa izan zen, Dorre Bikiak lurrarekin berdindu zituztenean mundu osora zabaldu zen hauts-hodeia eraginez. Oraindik eremakina bat eztul eragiten duen hautsa, bidenabar esanda. Efemeride hau ganbarako gordelekura bidaltzea kosta behar zaigu, ordea, zeren eta bihotzean kolpatu baitzuen bestela ere gure buruak guztiz kolonizatuta dauzkan Ameriketako Estatu Batuak, eta beraz zero eremuaren —gure subiranotasun informatiboari ezar dakiokeen izendapena— eta inguruko kontuen berri zehatza izango dugu oraindik ere eta, estreinako indarraz ez bada ere, efemerideak hor iraunen du, dorreek ez bezala, zutik.

Efemeridea baino, urteroko albiste bilakatua dena, amerikanoei gaina hartuta gainera, Kataluniako Diada da. 09/11. Garai batean hango albisterik jasotzen zen egun horretan —bestelako gertakarien kopuruak aginduko zuen noiz bai eta noiz ez—, baina urte batzuetatik aurrera Diadak irailaren 11ko izarra izatea lortu zuen. Ekitaldi gogoangarri eta ikusgarriengatik urte batzuetan, eta esanahi hutsagatik beste batzuetan, procés-a abiatu eta martxa hartu zuenean. itsua ez dakit, baina gorra behintzat ez den eta beraz haginduak oso ondo entzuten dituen Espainiako Justiziak ezpata noiz sartuko zain dagoen procés-a, hain zuzen ere. Gobernuetako aulkiak geldirik daudela, epaitegietako aulkietara jarriak daude begiradak. Urriaren 1eko borra-kolpeen segida Espainiako Konstituzioko 155aren aplikazioa izan zen, eta laster dator segida horren buztana: epaia. Zigorrez mukuru, itxura guztien arabera.

11/13. Itxura eduki dezakeen arren, ez da azaroko efemeride bat. Gutako hainbat, katalanak bezala, Madrilgo epaitegietara begira edukiko gaituen sumario baten zenbakia baizik. 2013. urteko 11 zenbakiko sumarioa. Euskal herritarron aurkako Auzitegi Nazionalekohamaikagarren sumarioa. Numerologia hau guztia amaitua zela uste genuenean, arraioa. Baina ez. Batzuk begira egongo gara 47 lagunek —eta haien senide, kide…— jasan beharko duten (jasaten ari diren) longaindun tortura-saioetara. Laster hostoak bezala ihartzen joan beharko lukeen preso eta zigor kopurua handitzera etor daitekeena. Hain zuzen ere presoen babes eta sostenguan ziharduen jendearekin. ETAk jarduera amaitu eta zortzi urtera, desegin zela urtea joan dela. ETA desegin zen, haien kontra jardun dutenak ez.

Eta astebete barru egingo da Altsasuko gazteen auzian helegiteak aztertzeko auzialdia, Auzitegi Gorenean, Madrilen hau ere. Hainbat familia eta lagun-inguru hiru urtez tratu txar egoera latzean eduki dituen auzia. Itxaropena omen da galtzen azkena, baina gauden tenorean...

Herenegun egin dute Espainian urte judizialaren haste-ekitaldia.

Ea noiz ikusten dugun jardute judizialen amaitze-ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.