Hutsuneak nabaritu dira

Irati Zabala eta Gorka Ruiz nabarmendu dira Erriobeitin, Euskal Herriko Eskalada Txapelketan. Zabala abiadura eta zailtasun probetan nagusitu da, eta Ruiz lehen eta hirugarren izan da. Iñaki Arantzamendi izan da beste irabazlea. Hala ere, eskalatzaile garrantzitsuak falta izan dira lehian

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Irati Zabala Eskalatzailea

«Gaindi daitekeen aurkari gogorrena norbera da»

Lehen urtea du helduen mailan Irati Zabalak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999), eta estreinako ederra izan du, bi mailatan nagusitu baita.

Zer-nolako giroa izan duzue txapelketan?

Giro ederra eduki dugu, ilusioz beterikoa. Ekipatzaileek lan bikaina egin dute, eta antolakuntza ere primerakoa izan da.

Ostiralean zer moduz moldatu zinen abiadurako proban?

Eskalatzaile gisa, oso estatikoa naiz: blokeoak eta mugimendu kontrolatuak, pauso teknikoak, oreka, arkeoak... Horiek dira nire indargunea. Horregatik, abiadura modalitatea beti izan da erronka bat niretzat, natural irteten ez zaidan eskalada estilo bat delako. Hala ere, gogotsu aritu naiz entrenatzen, uste dudalako boulderrerako ere ongi etorriko zaidala jauziak eta dinamikoak lantzea. Ostiralean nire onena ateratzeko gai izan nintzen.

Oso gutxi lantzen duzuen diziplina dela kontuan hartuta, gustura gelditu al zinen emaitzarekin?

Diziplina guztiz ezberdina da, eta entrenamendu oso zehatzak eskatzen ditu. Abiadura ere gogor entrenatzeak beste bi diziplinei denbora asko kenduko lieke, eta, horregatik, bigarren plano batean uzten dugu askotan. Asko hobetu dut iaztik hona, eta harro nago neure burua gainditu izanaz.

Oso emakume gutxi aritu zineten lehian. Zergatik?

Maila gazteagoetan oso motibatuak dauden emakume asko daude, eta benetan indartsu datoz. Helduetan, berriz, asko nabaritu da emakume gutxi zeudela. Arazoa ez da ez dagoela emakume eskalatzailerik, baizik eta gehienak ez direla lehiatzen. Euskal Herrian emakumezko eskalatzaile indartsu ugari dago, eta gero eta presentzia handiagoa dugu eskalada hormetan eta inguruko harkaitzetan. Arrokan aritzen diren zenbait ezagutzen ditut lehia gustuko ez dutenak. Beste zenbaitek, berriz, ziurtasun faltagatik egiten diote uko lehiatzeari, eta azken horiek txapelketetan parte hartzera animatuko nituzke. Ziur naiz maila badutela eta, batez ere, asko disfrutatuko luketela.

Larunbatean ere zu zinen federatu bakarra. Zein izaten da horrelakoetan motibazioa?

Neure burua nuen lehiakide. Gaindi daitekeen aurkari gogorrena norbera da, eta, nire ustez, ez dago poztasun handiagorik azken indarrak xahutu arte borrokatzen jarraitzeak dakarrena baino. Oso exijentea naiz neure buruarekin, eta barruan daramadan dena horman uztea da nire xedea.

Nolako bideak izan ziren finalean?

Finala bukatu eta bidetik jaitsi nintzen momentuan, pentsamendu bakarra nuen buruan: berriz bide hori eskalatu nahi nuela. Fisikoki txikituta utzi ninduen, tentsio handiko bidea baitzen, baina mugimendu oso bereziak zituen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Gorputzarekin jokatu behar zen: diedroan sartzeko, paretaren aurka oreka bilatzeko...

Askok zioten exijentzia handiko bideak zirela. Iritzi bera duzu?

Ez nuen uste hain gogorra izango zenik. Lehenengo txapara heldu orduko, ordea, errealitatea ate joka nuen. Une oro tentsioan aritzea eskatzen zuen, eta ez zegoen tarteko atsedenik. Hala ere, asko pozten naiz exijentzia handiko bideak jartzen dizkigutenean, horrek adierazten baitu dugun maila baloratzen dutela eta hori eskalatzeko gai ikusten gaituztela.

Zer izan da zuretzat bi txapel irabaztea?

Prestakuntza moduan hartu dut txapelketa. Etxean jokatu dugu, euskaldunen artean; eta asteburuan aurkaritzat nituenak normalean kide ditudanak dira. Txapela baino gehiago, inguruan ditudan bidelagun hauek guztiak izan dira aurrera jarraitzeko gehien motibatu nautenak.

Urte osoan euskal selekzioarekin ibili zara lehian. Zer-nolako denboraldia daramazu?

Nire lehen urtea da helduen mailan, eta banekien ez zela erraza izango. Iaz, 20 urtez azpiko mailan lehiatu nintzen, eta podium bat edo beste lortu izan nuen Espainia mailan. Orain, berriz, maila ikaragarria da, eta lehiakor izatea izan da nire helburua. Gustura nago egindako denboraldiarekin, entrenamenduen fruituak nabaritzen ditut eta pixkanaka aurrerapausoak ematen ari naiz. Hala ere, oraindik asko dut ikasteko.

Emaitzekin gustura al zaude?

Emaitzak hobetuz joan naiz. Garapen horrekin gustura nago. Helburu modura, uste dut txapelketak hobeto bideratzen ikasi behar dudala, zenbaitetan ez delako erraza lehiaketa egunean txukun aritzea, nahiz indartsu egon.

Urri amaieran Espainiako Txapelketa izango duzu. Zein helbururekin joango zara?

Irrikan nago, hori baita aurtengo erronka nagusia. Iaz finalerdietan gelditu nintzen, eta aurten marka hobetzea dut helburu.

Zein helburu izango du bertan euskal selekzioak?

Selekzioa ikaragarria da, eskalatzaile benetan indartsuak ditugu, mundu mailan lehiakor direnak. Niretzat erreferente dira asko. Gehien baloratzen dudana haiek egindakoaz harro egotea da.

 


Martin Urrutia, Iñaki Arantzamendi eta Gorka Ruiz, zailtasun probako podiumean. EKAITZ ANDA

Iñaki Arantzamendi Eskalatzailea

«Ondo pasatzera joan nintzen txapelketara»

Eskalatzaile beteranoa da Iñaki Arantzamendi (Ondarroa, Bizkaia, 1988), baina argi utzi zuen larunbatean oraindik ere sasoiko dagoela, zailtasun proba irabazita. Txapeldun izan arren, ez daki lehiatuko den urri amaieran Iruñean jokatuko den Espainiako Txapelketan.

Zer moduz sentitu zinen txapelketan?

Egia esan, oso ondo. Aspaldi honetan haitzean bakarrik eskalatu dut, eta ez naiz eskalada horman entrenatu. Zaila izaten da rokodromoan entrenatu gabe sasoi betean egotea, eta nik urte batzuk daramatzat entrenamendu zehatzik egin gabe. Txapelketetan goian egoteko garrantzitsua izaten da. Baina uste dut esperientziak balio handia duela, eta horrek laguntzen dit.

Sailkatze fasean jada nabaria zen Martin Urrutia izango zela zure aurkari nagusia. Zuk ere hala ikusi al zenuen?

Bai. Uste nuen Urrutiak erraz irabaziko zuela. Oso indartsu dabil, eta azkeneko Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortu zuen, eta Espainiako Txapelketan kalitate handia dago aurten. Baina, azkenean, finaleko bidea begira egin behar da, eta saiakera oso ona ez baduzu egiten, edozer gerta daiteke. Ni nire lana ahal bezain ondo egiten saiatu nintzen, eta ondo irten zitzaidan.

Esperotako emaitza izan al zen?

Egia esan, ez neukan aurreikuspen handirik. Egun on bat pasatzera eta gozatzera joan nintzen Rocopolisera. Urte asko daramatzat txapelketetan parte hartzen, eta jada badakit ezin dela joan postu bat lortzera edo irabaztera. Zeure buruari presioa sartzen badiozu, gaizki egiteko aukera asko dauzkazu.

Zer da zuretzat txapel hau?

Jada bigarren Euskal Herriko txapelketa da, 2013an ere irabazi egin nuelako. Ilusioa egin dit irabazteak, aurten ez baineukan txapelketetan parte hartzeko asmorik. Lehen esan dudan bezala, urte asko egin ditut Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan parte hartzen, denera hamabi urte, eta ez daukat lehen neukan motibaziorik urte guztian txapelketetan parte hartzen aritzeko. Baina gogoa badut; oraindik ere joango naiz beste txapelketaren batera edo bestera.

Zein helbururekin joan zinen txapelketa honetara?

Blokeko txapelketara ere berdin joan nintzen, ondo pasatzera eta disfrutatzera. Hirugarren postu hori niretzat sari bat da. Garrantzirik handiena gozatzeari ematen diot, eta gainontzeko parte hartzaileekin ondo pasatzea. Jende asko ezagutzen dut, eta txapelketetara joatea aitzakia ezin hobea da jendearekin egoteko.

Espainiako Txapelketan ariko zara?

Aurten ez naiz joango Espainiako txapelketa guztietara, baina baliteke baten batean lehiatzea. Euskal Herriko txapelketan parte hartzen ondo sentitu naizela ikusteak Espainiako Txapelketara joateko motibazioa eman dit. Lehen aipatu bezala, lagun asko dauzkat txapelketetan ezagutu ditudanak.

 Gorka Ruiz Eskalatzailea

«Lesioa osatu zaidala ikusteari ematen diot balio handiena»

Ez da urte erraza izaten ari Gorka Ruizentzat (Bilbo, 1997). Ebakuntza egin zioten, eta nahi baino gehiago egon da geldirik. Bigarren txapela du, 2015ean 20 urtez azpikoan nagusitu baitzen.

Abiaduran irabazle, eta zailtasunean hirugarren izan zara. Zein balorazio egiten duzu?

Emaitzez hitz egiten badugu, oso ondo joan da. Baina lesioa osatu izanari ematen diot baliorik handiena. Otsailean ebakuntza egin zidaten, polea batekin behatz bat hautsi eta gero. Uztailean hasi nintzen berriro entrenatzen. Uste baino hobeto doa osatze aldia.

Abiadurako sailkatze fasean, zure markarik onena egin zenuen.

Lesioaren aurretik nire denborarik onena 10,50 zen, eta udan ez nintzen 11-12 segundotik jaitsi. 11 segundoan ibiltzeko asmoa nuen, eta, nire harrigarri, 9,94 egin nuen. Inoiz izan dudan erronkarik handiena zen: hamar segundotik jaistea.

Hori al zen asmoa aurkaririk ez zenuela izango ikusi zenuenean?

Nire helburu nagusia hori zen: nire ahalmen guztia zein zen ikustea, eta lesioaren ostean nola nengoen ikustea. Baina ezustea izan zen bigarren ahaleginean nire markarik onena egitea. Orain bi urte jarria nuen erronka gainditu nuen.

Abiaduran, zu bakarrik izan zinen txapela irabazteko hautagaia. Ez al zizun penarik eman?

Bai, pena handia eman zigun denei ere, baina diziplina honetan oso gutxi gara Euskal Herrian ibiltzen garenak, eta, kasualitatez, bi lesionatuta zeuden eta beste bat nazioarteko txapelketa batean zegoen. Pena handiagoa eman zidan zailtasunean hain jende federatu gutxi ikusteak. Maila guztietan izan da beherakada.

Gazteen mailatik helduenerako jauzia asko igartzen al da?

Lehen, gazte mailetan askoz gehiago ginen, baina asko arrokara joan dira, eta beste batzuek eskalada utzi dute. Oso jende gutxi gelditzen gara lehiaz gozatzen jarraitzen dugunak. Etorkizunean, orain gazte mailan daudenak helduen mailara iristen direnean, garrantzitsua izango da lehiatzen jarraitzea.

Zergatik jendea ez da abiadurarekin ausartzen?

Abiadurak behin eta berriz bide berean entrenatzea eskatzen du, eta hori sarritan neketsua eta aspergarria izan daiteke. Esaterako, nik ez dut bereziki inoiz entrenatzen, gutxitan entrenatzen dudan diziplina bat da. Gainera, gero mendian entrenatu ezin daitekeen diziplina bat da.

Zenbat denbora daramazu abiadura entrenatzen?

Iaztik, Rocopoliseko horma ireki zutenean hasi nintzen. Ordura arte ez nuen aukerarik izan probatzeko ere. Behin edo bitan entrenatu ostean eman nuen izena Espainiako Txapelketan.

Zein dira abiaduraren zailtasun handienak?

Ezin duzu ezertan huts egin, ezta irrist egin edo oinarekin hutsik egin, denborak ez duelako etenik. Seigarren gradua duen bide bat da, eta ez da batere erraza, mugikortasun handia eskatzen baitu.

Zailtasunean hirugarren izan zinen. Nolako finala izan zen?

Bidea ikustera irten ginenean, harrituta gelditu ginen finalera sartu ginen laurak, pauso bat nola egin ez genekielako. Ni gustura ibili nintzen, baina une batean esku txarrarekin erregleta bat hartu behar izan nuen, eta pentsamendu txarrak etortzen hasi zitzaizkidan burura. Nahasten hasi nintzen, eta oina non jarri behar nuen ere ahaztu egin zitzaidan. Halere, dena eman nuen, eta nahiz eta dena nik uste bezala egin, ez dakit askoz gehiago egiteko aukerarik izango nukeen. Baina onena da lesioak ondo erantzun didala. Hori behar nuen konfiantza hartu eta entrenatzen jarraitzeko.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.