Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Ahots guztiak

2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ez dakit zenbat aldiz hasi naizen gidoi berri bat idazten, zenbat .doc zuri berri ireki ditudan. Baina badakit zenbat ez ditudan amaitu: denak. Ez dakit saialdi horietatik zenbat diren —edo izango ziren, hobeto esanda— ederrak, baina badakit zenbat diren traketsak: denak. Amaitu gabekoak —hau da, intentzioak soilik— artean ez duelako inolako baliorik. Hain faxista ei da artea. Batik bat, zinema.

Nola da posible, egun, inor gidoi zinematografiko bat osatzeraino iristea, klimax eder bat bada ere, zinemaren historia guztiaren aurrean makurtu gabe. Lotsatu gabe, iruzurgile sentitu barik. Etengabe bururatutako hitz eta irudi zipriztinak, nonbait entzun edo ikusi dituzula ohartzerakoan, nola jarraitu? Azal gogorra izan behar da ezikusiarena egiteko. Historian izan diren autore, jenio, artisten ahotsei entzungor egiteko, disimuluan.

Erantzukizun handiegia da obra bat amaitzea, aurretik egin den guztiaren pisua ezagututa. Zelan ausartu beste pelikula bat idaztera, adibidez, Charles Chaplinen City Lights, The Kid, edo The Great Dictator ikusi ondoren. Nola atrebitu beste pelikula arrunt bat egitera, aldez aurretik jakinda ez duzula ezer berririk asmatuko, besteen ahotsen zarata ez duzula gaindituko, ez dela inora zabalduko, denbora eta dirua galduko duzula jakinda.

Bai, badakit, aitzakiak, maisulanekin ez duzu zertan alderatu, ezta erdipurdikoekin ere. Ahots propioa topatu behar duzu. Eta kito. Pertsonaiak garrantzitsuak dira. Arriskatzea ere bai. Eta istorioa, noski. Baina ahots propio aurkitzea, hori beste kontu bat da.

Behintzat, oraindik entzuten dira ahots propioa aurkitu duten egileak. Aldi berean, beste egileen ahotsak primeran entzun dituztenak, entzumen garatua dutenak. Horrela, Koldo Almandozen Sîpo Phantasma(Untzi Fantasma) bezalako film bitxiak ikusteko aukera izaten dugu lantzean behin. Besteen istorio, film, hitz edota irudiak banpirizatuz, beste zerbait guztiz berria sortzeko gai direlako. Libertinaje osoz, ahots identifikagarri bat hedatuz.

Ziur nago istorio guztiak kontatuak daudela, baina zorionez, denak ez daude ongi kontatuak. Eta agian, den-denak amaitu gabe daude. Batez ere, belarri zorroztuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.