PROPOSAMENAK

Mendia ezagutzeko beste era bat

Escape Forest jarduera egiteko aukera dago Belaguan; ihes gela gisako bat da, baina naturan. Asmakizunen, jolasen eta proben bidez lortu behar da basotik ateratzea

Bagomaltako basoa, Belaguako mendatearen hasieran. JESUS DIGES / EFE.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Azken urteotan, sona handia hartu dute ihes gelek. Gela batetik ateratzea da jolasaren funtsa, arrastoei jarraituz, erronka batzuk gaindituz eta asmakizun batzuk asmatuz. Denbora mugatua da. Oso arrakastatsuak dira, asko zabaltzen ari dira, eta hainbat zale bildu dituzte. Baina nolakoa litzateke ihes gela bat basoan egitea? Jardueraren aldaera hori Belaguan (Nafarroa) egin daiteke.

Bagomaltako basoan dago Escape Forest. Natura ingurune batean egiten denez, helburua ez da gela batetik ateratzea. Aldaera honetan, basoan zehar asmakizunak, orientazio probak, eta bioaniztasunarekin eta Erronkaribarrekin harremana duten jokoak egitea da helburua. Escape Forestek aukera ematen du jokatu bitartean naturari buruz eta inguru horretan bizi diren espezieei buruz ikasteko.

Basora iristean, jokalariak Erronkariko artzain bihurtzen dira. Artzain transhumanteak dira, eta ibilbidearen azkeneko egunean daude. Gauean, artzain txakurrak alde egin du. Artzain txakurrik gabe ezin dute joan, baina ardiak irteteko urduri daude. Ibilbidean zehar, jokalariek saiatu beharko dute artzain txakurra basoan aurkitzen, transhumantzia amaitzeko.

Jarduera urrira arte egin daiteke, eta haurrek zein helduek egin dezakete. Helduentzat, ibilbidea 1,2 kilometrokoa da, eta gehienez sei lagunek parte har dezakete. Haurrentzat —6 eta 11 urte artekoak—, ibilbidea motzagoa da, 500 metrokoa, eta asmakizunak eta probak haien adinera moldatuta daude. Txikiek gutxienez pertsona heldu batekin joan behar dute, eta gehienez hamar lagunek jolas dezakete. Jarduerak ordubete inguru irauten du.

Jarduerarako aproposa den arropa eramateko aholkatzen diete bisitariei: hau da, mendian ibiltzeko jantziak eta oinetako erosoak. Naturan denez, gerta daiteke eguraldiaren ondorioz bertan behera uztea. Halakoetan, bezperan abisatzen dute, eta dirua itzuli.

Mauka enpresak eskaintzen du Escape Forest. Ingurumenarekin harremana duten zerbitzuak eskaintzen ditu, Pirinioetan. Alba Izaskun Ripodasek sortu zuen, 2019an, Hawaiin (AEB) zegoela. Enpresaren izenak, mauka-k, «mendirantz» esan nahi du hawaiieraz.

Tailerrak

Erronkariko ibarrean natura kontserbatzeko lanak ahalik eta gehien ezagutaraztea eta zabaltzea izan da helburua hasieratik. Hezkuntzari ere garrantzi handia ematen diote proiektuan. Horretarako, hiru jarduera mota sortu dituzte: Escape Forest ihes gela, haurrentzako tailerrak eta interpretazio ibilaldiak.

Haurrentzako tailerretan, parte hartzaileek naturaren inguruan eta Erronkarin bizi diren animalien eta espezieen inguruan ikasten dute, jolasen bidez. Apirilean, adibidez, Pirinioetan bizi diren bi muxar motak ezagutzeko tailer bat egin zuten. Interpretazio ibilaldiak, berriz, mendi ibilaldi arruntak dira, baina ingurumenean aditua den biologo batek laguntzen die bisitariei. Bidean zehar ikusten den fauna eta flora guztiaren inguruko azalpenak ematen ditu, eta, modu horretan, gehiago ikasteko aukera dago.

Escape Forest



Apiriletik urrira bitartean, Belaguako Bagomalta lekuan (Izaba, Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.