PROPOSAMENAK

Etorkizuneko artzainen argia

Nafarroako Artzain Eguna eginen dute etzi, Uharte Arakilen. Ardi latxen erakusketa eta lehiaketa, esne ekoizpen eta gazta lehiaketa, eta artzain txakurren lehiaketa eginen dituzte

Artzain gazte bat, ardi bati ilea mozten, Uharte Arakilgo Artzain Egunean, 2018. urtean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Pandemiak gelditu bazuen ere, jarraitzeko gogoz dira. Nafarroako Artzain Eguna bueltan da, eta berrogeita hamalaugarren aldia eginen du etzi, Uharte Arakilen (Nafarroa). «Etorkizuneko artzainentzako arbasoen legatua den artzaintzari eustea eta hura gordetzea da festakizunaren helburua», azaldu dute antolatzaileek. Horregatik, bestarekin «irmotasunez jarraitzea» da haien nahia.

Jarraituko dute Artzain Egunean egiten diren jarduera nagusiek ere. Nafarroako ardi latxen erakusketa eta esne ekoizpenaren lehiaketa eginen dute, hogeita hemezortzigarren aldiz; Latxa arrazako ardiaren lehiaketa ere bai, hamazazpigarren aldiz; Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako gazta lehiaketak berrogeita batgarren aldia izanen du, eta Nafarroako artzain txakurren lehiaketa antolatuko dute, berrogeita hamalaugarren aldiz. Artzain txakurren erakustaldia ere izanen da. Txapelketa gehienak goizez izanen dira, 10:30etik aurrera, eta guzien emaitzak artzaineguna.eus atarian paratuko dituzte egunean berean. Sari banaketa 13:30ean izanen da.

Artzain txakur txapelketa izaten da mira gehien sortzen duen ekitaldietako bat, eta hori arratsaldean izanen da: 17:00etan. Irabazlea Oñatiko nazioarteko txapelketan eta Euskal Herriko txapelketan sailkatuko da. Goizez artisautza eta gazta azoka izanen dira herriko karriketan, eta 11:30ean artaldea karriketan barrena ibiliko dute. Ardiki eta gazta fresko dastaketak eguerdian izanen dira.

«Gaztagileendako eta sektorerako egun garrantzitsua da, haien produktua kaleratzeko aukera dutelako, eta beren burua ikusarazteko eta iragartzeko eguna delako Artzain Eguna», azaldu du Aritz Razkin Aralar Mendi kultur elkarteko lehendakariordeak. Elkarte horrek antolatzen du Artzain Eguna. Hain zuzen ere, aurtengo erronka «eustea» eta «jarraitzea» dela nabarmendu du. «Indarberriturik» eta «ilusioz» antolatu dute berrogeita hamalaugarren Artzain Eguna: «Gogotsu eta ahalegin handiekin gatoz inoiz baino garrantzitsuagoa den festaren berpizkundearekin, hau baita lehen sektoreari lagundu eta hura sustatzeko ezagutzen dugun modua».

Artzaintza iraunkorra

Kontzientziak pizteko mezu argi bat ere eman nahi dute aurten: «Funtsezkoa da gure ingurumenarekin erlazio positiboa izaten lagunduko diguten jardueren kontzientzia hartzea eta egunerokotasunean ohitura onak barneratzea; izan ere, bertatik dator gure euskarria: etorkizuneko belazeak, biharko artaldea eta geroko belaunaldiek sortuko duten gazta».

Artzain Eguna 1968. urtean egin zuten lehenbiziko aldiz Nafarroan. Oñatin (Gipuzkoa) artzain txakur txapelketa egiten hasi ziren 1961ean, eta, arrakasta ikusirik, Euskal Herri guzira zabaldu zuten lehia. Nafarroan, Uharte Arakilen egitea erabaki zuten.

Artzain Eguna

Etzi, 10:00etatik aurrera, Uharte Arakilen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.