Albistea entzun

PROPOSAMENAK

Bestak, puntuan eginak

Iruñeko San Lorentzo karrikako bestak eginen dituzte gaur. Bizilagunek antolatzen dituzte, auzolanean. 'Udalbatza' bilduko da, eta dantzaldia, jan-edana, kilikiak, musikariak eta dantzariak izanen dira
Iruñeko San Lorentzo karrikako <em>udalbatza</em>, txupinazora bidean, 2018ko abuztuaren 10ean.
Iruñeko San Lorentzo karrikako udalbatza, txupinazora bidean, 2018ko abuztuaren 10ean. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2023ko abuztuak 10 - Iruñea

Diotenez, gaurko egunez San Lorentzok zera esan zuen martirioaren erdian, parrillan erretzen ari zirela: «Badirudi errea dela; emaiozu buelta, eta jan ezazu». 1.765 urte geroago, besta eguna dute San Lorentzoren omenezkoa, izen bereko karrika batean, Iruñean. Auzokoek auzokoentzat antolatutako herri besta bat da, baina bestarik handienek dituzten osagai guziak biltzen ditu. Parrilla gainean prestatua da, puntuan, eta izar iheskor baten moduan pasatzen da, arrastoa utzita.

Euskaraz hala kantatzen dute San Lorentzoren omenezko jota Iruñean: San Lorentzok pertzean zela / esaten zien judutarrei: / Eman iezadazue buelta / potroak hotzak ditut eta. Gaur behin baino gehiagotan adituko da jota hori; gauerdia pasatuta kantatuko dute lehenik, eta bihar goizaldean azkenik, 04:00etan, bestak hasi eta bukatu direla iragartzeko, hurrenez hurren.

Jende anitz biltzen du San Lorentzoko bestak. Antolaketa lan nagusietan bospasei lagun aritzen dira, baina, egun horretan, askoz gehiago izaten dira. Ainhoa Unzue da antolatzaileetako bat, baita San Lorentzo karrikako alkateetako bat ere: «Nahiz eta hamar urte pasatu diren hasi nintzenetik, urduri jartzen naiz oraindik. Azken egunetan, beti iduri du ez garela iritsiko, eta egunean bertan adi egon behar dugu, dena ongi atera dadin».

Gidoia aski ongi ezagutzen dute denek. «Egunean bertan, San Lorentzon bizi diren emakume asko animatzen dira tripotxa zuria prestatu eta zerbitzatzeko. Ez zaio inori abisatu behar; denek dakite zer ordutan agertu behar duten», kontatu du Unzuek. Dianen ondotik, patata-tortilla lehiaketa eginen dute, eta gero etorriko da ekitaldi nagusia: suziria. Karrikako udalbatza aterako da —hau da, jai batzordeko kideak—, udaltzain eta guzi, eta txupinazoa botako dute San Lorentzo elizaren aurrean. Aurten Armañanzas gogoratuko dute; hura atera zen aurrenekoz udaltzain, eta aurten hil da.

Tripotxa zuriaren banaketa izaten da beste ekitaldi garrantzitsu bat. 20:00etan, bizilagunek jatekoa banatuko dute karrikan: tripotxa zuria piper gorriekin. Iluntzean, afari autogestionatua izanen da, eta dantzaldia ondoko karrikan egoitza duen Jarauta 69 txarangak emanen du. Gau osoan ariko dira jotzen, bukaerako jota kantatzen duten arte.

Trabestiak eta txokolatea

Berritasunik ere badakar aurtengo bestak. Bazkalondoan Maruxak trabesti bikotea ariko da karrika girotzen, eta Katakrakek txokolatea banatuko die haurrei. Beste berritasun bat: «Aurten deialdia egin dugu kaleko jendea gehiago inplikatzeko, eta bi lagun hasi dira lantaldean», esan du Unzuek. Nolanahi ere, hamaika bizilagun ariko dira zozketarako txartelak saltzen, oholtza muntatzen eta gainerako lanak egiten.

Dantzak leku berezia izanen du: goizean, Ortzadar taldea ariko da, eta arratsaldean, Iruña taldekoek San Lorentzoko ingurutxoa dantzatuko dute. San Lorentzoko dantzariak ere ariko dira dantzan, eta karrikako kilikiak haurren atzetik ibiliko dira.

San Lorentzoko bestak

Gaur, egun osoan, Iruñeko San Lorentzo karrikan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.
Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.