Tomateari eskainitako eguna

Tomatea goraipatzeko hamahirugarren eguna egingo dute etzi Cadreitan. Tomate jaurtiketa eta tonbola izango dira, besteak beste. Nafarroako herri hori tomate ekoizle handia da

Tomateak, artxiboko irudi batean. ELISEO TRIGO / EFE.
Naroa Rios
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Cadreitako (Nafarroa) motor ekonomikoa izan da tomatea hamarkada askotan. Iaz, esaterako, 2.200.000 kilo tomate inguru bildu zituzten. Tomatearen garrantziaren erakusle da herriarentzat erabiltzen duten eslogana: Cadreita tomatea da. Nafarroako Erriberako herri horrek tomatea goraipatzeko festa bat ere antolatzen du urtero. Aurtengo Tomatearen Eguna etzi izango da, orain arte egindako hamahirugarrena. Jarduera gastronomikoak eta aisialdikoak uztartzen ditu. Etzi Cadreitara joaten direnek tomate mota ugari eta era askotara prestatutakoak dastatzeko aukera izango dute. Tomateaz gain, San Migel kalean egongo dira Nafarroako ardoen eta beste artisau produktu batzuen erakusmahaiak.

Ekintza ugariz osatutako egitaraua antolatu dute. Alkateak 10:30ean hasiko du festa, udaletxean bertan. Ondoren, tiketen salmenta hasiko dute. Beste urte batzuetan bezala, bost euro balioko du: tiketarekin, hiru ardo eta hiru pintxo txistorra hartu ahalko dira. Ardo kopa bat oparituko dute tiketa hartzean.

Tomatea lehiaketak egiteko ere erabiltzen dute Cadreitan: etziko festan, tomate itsusiena eta pisutsuena sarituko dituzte; baita haurrek tomateei buruz egindako marrazkiak ere; tomateak botako dituzte diana batera; eta tomate jaurtiketa ere egingo dute. Lehiaketa guztiak San Anton parkean izango dira.

Eguneko momenturik garrantzitsuena eta ikusgarriena izaten da tomate jaurtiketarena, herrian pesotomate deitua: tomatea urrunen jaurtitzen duenak irabazten du. Iazko lehiaketan, irabazleetako batek 70 metrora jaurti zuen. Aurtengo lehiaketa 13:00etan izango da. Irabazleek 200 euroko saria jasoko dute.

Lehiaketen ondoren, herri bazkaria egingo dute, 14:30ean. Jamaika Show orkestrak girotuko du bazkalostea. Eguna bukatzeko, bigantxak izango dira herriko kaleetan, Pedro Vergara ganadutegikoak, 18:30etik 20:30era.

Egunean zehar, herriko taberna guztietan ekintza berezi bat egingo dute: tomatea osagai nagusi duten pintxoak eta baso bat ardo erosteko aukera egongo da, bi euroan.

Aurtengo Tomatearen Egunak berrikuntza bat izango du: tomatearen tonbola. Tiketak euro batean salduko dituzte, eta 80 sari baino gehiago banatuko dira. Sarietan banatutako diru guztia bertako merkatuan salgai egongo diren produktuetan gastatzeko izango da.

Tomatearen Eguna

Cadreitan (Nafarroan), etzi, egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.